Itsas biologian adituek, klima aldaketak ekosistema ozeanikoetan duen eragina aztertzen ari dira Donostian

2015ko Iraila 16,

Spri_Teecnologia_AZTI
Hitzordua aukera paregabea da arrantzaren eragina analizatzeko

Klima-aldaketak itsas harrapakari handien populazioari eta itsas ekosistemei nola eragiten dioten iragartzeko helburuarekin nazioarteko ehun bat aditu baino gehiago bildu dira, hilabete honetan, 14tik 18ra bitartean Donostian egiten ari den CLIOTOP kongresuko hirugarren edizioan.

Miramar Jauregia da itsasoaren eta elikagaien berrikuntzan aditua den AZTI euskal zentro teknologikoak “Itsas animalien etorkizuna ozeano aldakor batean” izenburupean antolatutako jardunaldien epizentroa.

Hitzordua aukera paregabea da, arrantzak eta klima- aldakortasunak itsas harrapakari handietan eta sistema pelagikoetan duten eragina analizatzeko. Gainera, adituek, klima aldaketaren ondorio sozial eta ekonomikoak ere ebaluatuko dituzte.

Kongresua, itsas ekosistemen arriskuak neurtzeko tresna egokienak identifikatzeko diseinatuta dago, izan ere, azterketa- metodologia egokienak izatea funtsezkoa baita itsas baliabideen kontserbazioa hobetzeko eta arrantza eta lurralde- antolamendua modu jasangarrian kudeatzeko.

Bertan, adituek itsas espezieen lurralde-banaketan gertatzen diren aldaketak baliozta ditzaten eta itsas harrapakari handiei, hala nola, marrazo eta atunei, tarte handia eskaini diezaieten aurreikusita dago.

“Arrantza-espezie hauen kontserbazioa funtsezkoa, berebiziko garrantzi sozioekonomikoa baitute kostatik hurbil arrantzatzen duten eta garapen bidean diren herrialde askorentzat, baita mundu guztian arrantzatzen duten flotak dituzten herrialde garatuentzat ere” ziurtatu du AZTIko baliabide tunidoetan aditua den Haritz Arrizabalagak.

Biologoak, itsas ekosistemek nolako portaera izango duten ezagutzea “funtsezkoa” dela gaineratu du izan ere honela bakarrik “gara daitezke epe labur, ertain eta luzera begira, jasangarriak izango diren baliabideen kudeaketarako estrategiak”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke