Ikerketa batek nerbio-sistema periferikoaren birsorkuntza-ahalmena argitu du

2015ko Iraila 07,

Spri_Tecnologia_CICbioGUNE
Ikerketan parte hartu duten ikertzaileak

CIC bioGUNE biozientzietako ikerketa-zentro kooperatiboa buru duen proiektu zientifiko batek, nerbio-sistema periferikoan lesioren bat izan ondoren, neuronak inguratzen dituen mielina izeneko substantzia birsortzeaz arduratzen den mekanismoa argitu du.

Era berean, University College London (UCL) delakoaren koordinaziopean egindako ikerketa honek frogatu duenez, nerbio-sistema zentraleko organoetan –garuna eta bizkarrezur-muina– mielina sortzen duten zelulek ez dute birsortze-ahalmen hori.

Mielina, nerbio-bulkadak transmitzen dituzten neuronen inguruko substantzia estalgarria da, proteinaz eta lipidoz –liproproteinaz– osatutakoa. Liproproteina hau, neuronetan sortutako bulkada elektrikoak gorputz-atal desberdinetara azkartasunez eta eraginkortasunez eta intentsitate-galerarik gabe igortzea ahalbidetzen duen isolatzailea da.

Mielinan lesioren bat gertatuz gero, bulkada elektrikoak atzeratu eta are gelditu egiten dira, eta esklerosi anizkoitza bezalako gaixotasun neurodegeneratinoak gerta daitezke.

CIC bioGUNE zentroari atxikitako Ashwin Woodhoo Ikerbasqueko ikertzailea eta Kristján Jessen UCLko zientzialaria buru dituen ikerketa honek argi utzi du, nerbio-sistema periferikoko zelulek lesioetan kaltetutako mielina deuseztu eta birsortze-prozesua abiatzeko gaitasuna dutela.

The Journal of Cell Biology aldizkarian argitaratu berri den proiektu honen ondorioen arabera, nerbio-sistema periferikoan dauden zelulek, Schwann-en zelulak deritzenek, nerbio-lesio batean kaltetutako mielina autofagiaz deusezteko ahalmena dute. Zeharo erregulatuta dagoen prozesu zelular honen bitartez, erabili ezinik geratu den subtantzia degradatu eta birziklatu egiten da.

Substantzia hori deusezten lagundu ondoren, zelula horiek birsorkuntza neuronala  bultzatzeko antolatzen dira.

Mielinaren galerak gaixotasun desmielinatzaileak deritzenak eragin ohi ditu. Hauetako batzuk, esklerosi anizkoitza adibidez, nerbio-sistema zentralean gertatzen dira. Ezezagunagoak diren beste batzuk, ahultasun muskularra eta paralisia eragiten dituen Guillain-Barré-ren sindromea deritzon asaldura autoinmunea kasu, nerbio-sistema periferikoan gertatzen dira.

“Ikerketa honi esker, hobeto ulertu ahal izango ditugu nerbio-sistema periferikoko gaixotasun desmielinatzaile desberdinak. Mielinaren galera, neuropatia desberdinetan ematen den faktore unibertsala da. Lanaren emaitzak gaixotasun hauei buruzko ezagutzan aplikatu ahal izango dira”,  adierazi du Woodhoo-k.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke