Deialdi berria ekonomia zirkularreko proiektu industrialentzat

2016ko Urtarrila 20,

Europako Batzordearen Ekonomia Zirkularreko koadroa.

Eusko Jaurlaritzak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren bitartez, 2016ko deialdia zabaldu du ekonomia zirkularrean oinarritutako proiektu pilotuak eta proba industrialak egiten laguntzeko, helburutzat harturik proiektu eta proba horien bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta ingurumenekoa frogatzea.

Proposamenek konponbide bat edo negozio-ildo berri bat aurkeztu beharko dute esparru hauetakoren batean: bigarren mailako materialen bereizketa, bilketa edo birziklapena, bigarren mailako material asko duten produktuen fabrikazioa,  produktuen berrerabilpena edo piezak, osagaiak nahiz ekipoak berriro manufakturatzea. Urtarrilaren 29an amaituko da kontrastatu behar diren hasierako ideiak aurkezteko epea; lehen fase horretan, proposamenen egokitasunari buruzko informazioa emango zaie enpresa parte-hartzaileei.

Deialdia martxoaren 11n bukatuko da, eskaintzak aurkezten direnean, eta proiektu bakoitzak 25.000 eurorainoko finantzaketa eta kostu hautagarrien %75 jaso ahal izango du. Gainera, Eusko Jaurlaritzak laguntza emango die proposamenei, merkatura ahalik eta azkarren irits daitezen.

Ekonomia zirkularreko demostrazio proiektuak ” programaren 2016ko deialdiaren bidez lortu nahi dena da hondakinak ez daitezela geratu zabortegian, eta horretarako, hainbat korronte lehenetsiko dira, adibidez, paper-orearen lohiak, hareak eta moldeatzeko hondarrak, erraustegiko eta metalurgiako zepak, ontzi plastikoak eta Europako Batzordearen Zerrendako material kritikoak. Kontuan hartuko dira baita ere industria- eta enpresa-hondakinak jatorrian bertan bereizi eta kopuru txikitan jasotzearekin lotutako ideiak.

Halaber, lehentasuna emango zaie produktuak bigarren mailako materialekin  fabrikatzen dituzten eta hainbat esparrutako (ibilgailuak, hondakin elektriko eta elektronikoak, makina industrialak, altzariak, eraikuntza-egiturak, e.a.) pieza, osagai nahiz ekipoak berrerabiltzeko eta berriro manufakturatzeko proiektuak dituzten enpresa-aukera berriei.

Proiektuak baloratzean irizpide nagusi hauek hartuko dira kontuan: ingurumenerako duen garrantzia, lehiakortasunean eta enpleguan egin dezakeen ekarpena, enpresak balio-katean integratzea eta proposamenaren izaera berritzailea. Laguntza hauek FEDER, Europako Eskualdeen Garapenerako Funtsaren finantzaketa dute.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke