Biodonostia OII infartua izan duten pazienteak ama-zelulez tratatzeko entsegu kliniko batean parte hartzen ari da

2015ko Maiatza 07,

Egitura endotelialak

Biodonostia OII Osasun Ikerketa Institutua eta Donostia Unibertsitate Ospitalea CAREMI entsegu klinikoan parte hartzen ari dira, miokardio-infartua izan duten pazienteei ezarritako ama-zelulen bidezko tratamenduaren emaitzak aztertu, horren segurtasuna egiaztatu eta eraginkortasunari buruzko datuak lortzeko asmoz.

Madrilgo Gregorio Marañón Unibertsitate Ospitaleak eta Lovainako (Belgika) Unibertsitate Katolikoak koordinatutako entsegu honetan, 49 pazientek parte hartuko dute guztira. Horietako 32ri zelulen tratamendua emango zaie, eta beste 17ei plazeboa, eta ondoren, sendagaiaren eragin terapeutikoa ebaluatuko da.

Programak Coretherapix enpresa bioteknologikoak diseinatutako produktu zelular baten inpaktua aztertuko du. Produktuak ama-zelula kardiakoen suspentsioa du, behar bezala isolatuta eta hedatuta, miokardio infartu akutu baten ondorioz ehun kardiakoa larri kaltetua duten pazienteei bide intrakoronarioaz emateko asmoz.

Bihotzekoak eragindako kalte tisularra mugatzea xede duen sendagai hau kateterismo bidez banatzen da, pazientearen egoera klinikoa egonkortu ondoren, hots, infartua izan eta astebete geroago.

Mariano Larman Donostia Unibertsitate Ospitaleko kardiologoaren ustez, produktuaren “abantailetako bat” pazienteak behar duenerako prest izateko aukera da.

“Alderdi hau funtsezkoa da, bihotzekoak dakarren erlojuaren aurkako lasterketan denbora ondo kudeatzea giltzarrizko faktorea baita”, adierazi du Larman-ek.

Bestetik, Biodonostia OIIko Zelula Hazkuntzarako Plataformaren arduradun Ana Aiastuik produktu zelular honen “tropismo handia” nabarmendu du, eta bihotzeko zelulez osatuta dagoenez gero, “eraginkortasun handi-handikoa” izan daitekeela ziurtatu du.

Miokardio infartua tamaina handiko erronka sanitarioa da, bereziki gizarte garatuetan. Esparru honetan egindako aurrerapenek hilkortasuna murriztea lortu duten arren, paziente askok gutxiegitasun kardiako kronikoa izan ohi dute, bizi-kalitatearen eta bizi-itxaropenaren kaltetan.

Infartua izan duten pazienteak ama-zelulez tratatzeko ikerketa-proiektua



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke