Aztik Bizkaiko Golkoko antxoa populazioa aztertuko du

2015ko Maiatza 14,

Aztik Bizkaiko Golkoko antxoa populazioa aztertuko du

Azti zentro teknologikoak hasiera eman dio Bioman 2015 proiektuari, antxoa-populazioa aztertu, eguneroko arrautza-ekoizpena neurtu eta Bizkaiko Golkoan udaberri amaieran dagoen antxoa kopurua finkatzeko asmoz.

20 eguneko iraupena duen kanpaina-ozeanografiko hau urterik urte antolatzen da 1987az geroztik, antxoa kopuru aldakorreko espeziela baita. Bildutako datuak, txosten teknikoekin batera, espeziearen biomasa kalkulatzeko erabiliko dira, horren ezagutza eta babesa funtsezkoak baitira arrantzaleentzat.

Aztiko adituek antxoa-arrautzen laginak bilduko dituzte han-hemenkako eremuetan, eta horrez gain, antxoa helduak ere arrantzatuko dituzte, haien ugalkortasun-tasa zehazteko. Datu hauekin, Bizkaiko Golkoko antxoaren biomasa kalkulatuko dute, arrautza ekoizpenaren metodoaren bitartez.

Talde zientifikoa, antxoaren habitata ikuspegi hidrografikotik eta biologikotik aztertzeaz ere arduratuko da, bi alderdi horiek gero eta garrantzitsuagoak baitira arrantzari buruzko ikerketa zientifikoan. Tenperatura, gazitasuna eta klorofila-maila bezalako datuak ere jasoko ditu.

Bioman 2015ean bildutako emaitzak aurreko kanpainetako datu-sail historikoko informazioarekin eta Itsasoa Ustiatzeko Frantziako Ikerketa Institutuak (Ifremer) lortutakoekin alderatuko dira.

Bioman 2015 kanpainak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta Europar Batasunaren laguntza finantzarioa izan du. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak ere lagundu dio ikerketa-proiektuari, Emma Bardán ontzi ozeanografikoaren lagapenaz.

 

 

Bioman 2015



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke