Aernnova-k beste hegazkin bat fabrikatuko du eta 100 ingeniariri emango dio lana bi urtez

2015ko Ekaina 29,

spri_tecnologia_aernnova avion beluga 2
Hegazkin berriaren irudia.

Aernnova enpresak 100 ingeniari enplegatuko ditu bi urtez Araba eta Bizkaiko Teknologi Parkeetan, Airbus Beluga XL hegazkinaren fuselajea fabrikatzeko. Hegazkin hori karga-hegazkin modelo berri bat da eta 2019an jarriko da martxan, euskal konpainiak komunikatu batean jakinarazi duenez. Enpresak hiru sekzioren diseinu, industrializazio, fabrikazio eta muntaian parte hartuko du, eta horretarako 350.000etik gora produktu-ingeniaritza ordu beharko ditu. Zenbaki horrek argi erakusten du proiektuaren tamaina.

Sekzio horiek diseinatzeaz gain, Aernnova enpresak bere gain hartuko du aero-egituren fabrikazioa eta muntaia, eta horrek 50 lanposturentzako  lan-karga esan nahi du. Muntaia Aernnova Aeroestructuras enpresak Araban duen fabrikan egingo da, eta fabrikazioa berriz “hainbat lekutan”.

Une honetan Beluga garraio berezirako hegazkina da, Airbus hegazkinen osagai handiak mobilizatzen dituena amaierako muntaian. Airbus enpresak diseinatu zuen oinarritzat harturik A300-600 modeloa eta aldaketa handiak eginez, eta 1996an jarri zen martxan. Gaur egun 5 unitate dabiltza airean.  Beluga XL berria diseinatzeko, berriz, egungo Airbus A330 modeloa hartu da oinarritzat, eta luzeagoa eta zabalagoa eginez %30eko gaitasun gehigarria eman nahi zaio egungo belaunaldiko hegazkinen aldean. Denbora batez Beluga XL modeloa gaur egungoarekin batera egongo da martxan, 2025ean azken unitatea erretiratzen den arte.
Aernnova enpresa 2004an hasi zen lanean garraio bereziko edo tamaina handiko hegazkinen eraldaketa proiektuetan. Proiektu horiek exijentzia tekniko altuak eskatzen dituzte, eta erronka berriei erantzuteko gaitasun handia (time to market). Boeing enpresarekin sinatutako tankera horretako lehen kontratua Boeing 747 Large Cargo Freighter modeloaren fuselaje eraisgarriaren sekzio bat garatzeko izan zen (hegazkin hori egiturazko sekzioak amaierako muntaia-lineetara garraiatzeko sortu zen), irekiera eta itxiera mekanismoak barne.

Beluga XL hegazkin berriaren proiektuan parte hartuz, Aernnova enpresak horrelako hegazkinak egiteko dituen gaitasunak indartuko ditu eta bere posizioa sendotuko du ingeniaritzako gaitasun-exijentzia handia duen merkatu-nitxo horretan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke