Suediako SSAB enpresa siderurgikoak Pasaian kokatu du bere operazio zentroa

2015ko Urria 02,

pri_tecnologia_pasaia puerto
Pasaiako portua.

Suediako SSAB enpresa siderurgikoak 2.700 metro koadroko pabilioi bat estreinatu du Pasaiako portuan (Gipuzkoa), bertan zentralizatu dituelarik penintsula iberiarreko instalazio logistiko guztiak. Hemendik aurrera, erresistentzia handiko altzairugintzan munduko liderra den konpainia honek plataforma gisa erabiliko du Pasaiako portua Espainiako eta Portugaleko bezeroei bere produktuak zerbitzatzeko, jakinarazi du Deiak.

SSAB konpainiak altzairuz kargatutako hiruzpalau ontzi bidaliko ditu hilero Suedia eta Finlandiatik Pasaiara, halaxe adierazi du Pedro Rodríguezek, Espainia eta Portugalerako salmenten buruak.

SSABek, beraz, nabe bat izango du Pasaiako portuan, eta bertan gordeko ditu stock-ean dauzkan produktuak, baina 7.000 metro koadroko beste bat ere izango du, beste konpainia batzuekin partekatua, tren edo errepide bidezko presazko bidalketentzat.

Konpainia suediarrak Bermeoko portutik (Bizkaia) eta Durangon zeukan zentro logistiko batetik operatu izan du orain arte, baina erabaki du mugimendu guztiak Pasaian zentralizatzea, Ruukki enpresa siderurgiko finlandiarrak bezala, zeina Gipuzkoako portuan kokatu baitzen 2012ko martxoan.

SSABek 2014ko uztailean xurgatu zuen Ruukki, eta horregatik zentralizatu ditu operazio guztiak biltegi bakar batean, Finlandiako konpainiak zeukan biltegi berean. Algeposa-k, portuko operatzaile logistiko garrantzitsuenak, egingo ditu multinazional suediarraren materialaren zamalan guztiak, eta aurreikusten du urtean 200.000 tonako trafikoa izango duela.

Momentu honetan, SSAB enpresa iritsi denean, Pasaiako portuak hazkunde moderatua du eta aurreikuspenen arabera 4 milioi tonako trafikoarekin itxiko du urtea. Nasak maiatzean galdu zuen Ambereserako edukiontzien ibilbide berria, hiru hilabete lehenago ireki zena, baina ziurrenik linea hori berreskuratu egingo du Transkontenord euskal konpainiaren bitartez.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke