Tecnaliaren eta IK4ren iritziz, EBren “Horizontea 2020” programa aukera bikaina da Euskadiren I+G+B-ko inbertsioak aberastasun eta enplegu bihurtzeko

2013ko Abendua 03,


Euskadiko bi plataforma teknologiko handienetako zuzendariak, hots, Joseba Jaureguizar -Tecnaliako zuzendaria- eta José Miguel Erdozain -IK4 zuzendaria- bat datoz esatean Europar Batasuneko Ikerketa eta Berrikuntzarako Programa Markoa, Horizontea 2020, aukera bikaina dela euskal enpresa sarearentzat eta estrategia egokia dela ikerketan eginiko inbertsioak emaitza bihurtzeko. Jaureguizar eta Erdozainen ustez, bada garaia I+G+B-ri errendimendu handiena ateratzeko eta hori euskal BPGn eta enpleguan islatzeko.

Jaureguizarrek eta Erdozainek Europako Ikerketa, Berrikuntza eta Zientzia komisario Máire Geoghegan-Quinn-en eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiaren aurrean aurkeztu zituzten Tecnalia Fundazioa eta Ik4 Research Alliance (9 teknologi zentroren aliantza). Beren estrategiak ere azaldu zituzten, zeintzuen helburua baita ikerketa proiektuak bultzatzea eta garatzen laguntzea Horizontea 2020 programaren bidez Europako finantzaketa lortu nahi duten euskal enpresetan.

HORIZONTEA 2020

76.880 milioi euroko aurrekontua izanik, Europar Batasunak Programa Markoaren azken edizio honetan -Horizontea 2020 (H2020) deituko dena-kontzentratuko ditu 2014-2020ko bere ikerketa eta berrikuntza jarduera gehienak. Garrantzi berezia emango zaio I+G+Bn eginiko inbertsioak emaitzetara bideratzeari eta ahalegin berezia egingo da ETEetaraino iristeko. Hala, programak laguntzak emango ditu erronka sozial garrantzitsuenei aurre egiteko, Europan industria arloko lidergoa sustatzeko eta oinarri zientifikoaren bikaintasuna indartzeko.

Programak fase guztiak barne hartuko ditu lehen aldiz, hasi ezagutzaren sorkuntzatik eta merkatutik hurbilen dauden jardueretaraino: oinarrizko ikerketa, teknologien garapena, demostrazio proiektuak, fabrikazioko ildo pilotuak, berrikuntza soziala, teknologiaren transferentzia, kontzeptu probak, normalizazioa, merkaturatu aurreko erosketa publikoentzako laguntzak, arrisku kapitala eta berme sistemak.

TECNALIA eta IK4k Programa Marko honekin lortu nahi dituzten helburuak

Joseba Jaureguizarren arabera, Tecnaliaren helburu nagusia da “euskal enpresa eta erakundeei laguntzea Horizontea 2020 programan parte hartzen eta lehiakortasun abantailak garatzen mundu globalizatuan lehiatu ahal izateko, betiere gure komunitatearentzat aberastasuna eta ongizatea sortuz”.

José Miguel Erdozainek, bestalde, IK4ren helburuak azaldu ditu: ezagutza sortzea eta ezagutza hori enpresetara eramaten jakitea beren lehiakortasuna hobetzeko. Horrez gain, baita ere adierazi du Europan erreferentziazkoak diren beste ikerketa zentro batzuekin kolaboratu nahi dutela, alegia, trakzio talde handiei edota enpresa txiki eta ertainei Europako I+G+b ekimenetan parte hartzen laguntzen dieten erakundeekin. Hala, aukera izango dute aliantza honek garatutako maila teknologikoa neurtzeko eta Europako erreferentziazko zentroekin alderatzeko.

Tecnaliak Europako ikerketa eta berrikuntza programa berri honen bertuteak azpimarratu ditu: “Horizontea 2020 programaren helburua da Europako paradoxa konpontzea eta I+G+B emaitzetara zuzentzea”. Izan ere, programaren estrategia berriak atea irekitzen die Europako ETEei I+G+Bn parte har dezaten eta emaitzetara bideratzen ditu inbertsioak. “Europak emaitzetara bideratutako estrategia behar du, AEBekin eta Japoniarekin duen produktibitate etena murrizteko. Kostuetan, balio erantsian eta produktibitatean lehiatu nahi badugu, erreferentzia horri jarraitu behar diogu”.

Bi adituek Europako I+G+Bren egoera aztertu dute beren hitzaldian eta nabarmendu dute Europa ez dagoela besteen atzetik ezagutza sorkuntzan, baina ez duela gaitasunik KETetan (ezagutzan intentsiboak diren teknologietan) oinarritutako produktu teknologikoak eta kapitala sortzeko eta, hain zuzen, horiexek direla etorkizuneko hazkundearen giltza: manufacturing-a, material aurreratuak, mikro-nano elektronika, bioteknologia, nanoteknologia eta fotonika. Europa liderra da oinarrizko ikerketan, baina Asiak eta Ipar Amerikak ikerketa aplikaturantz eta garapen teknologikorantz bideratu dituzte indarrak, eta hala, eurek lortzen dituzte produktuak eta patenteak. Bada garaia I+G+Bri errendimendua ateratzeko eta ahalegin hori BPGn eta enpleguan ikusteko. Horizontea 2020 aukera bikaina da Europarentzat, Europako Estatuentzat eta guretzat.

IK4ko ordezkariak esan du Europako proiektuetan izan duten parte-hartzea arrakastatsua izan dela, baina hori ez dela aski eta beraz parte-hartze aktiboaren bidez ekimen eta egitura berriak sustatu eta eraiki nahi dituztela, Europak ikerketa arloan epe ertain eta luzera abiarazi behar dituen estrategia berriak definitzeko eta, bide horretatk, gure enpresetan ikerketa eta berrikuntza bermatzeko.

Tecnalia eta IK4 zentroen parte-hartzea 7. Programa Markoan

Tecnaliak 359 proiektu ditu onarturik 7. Programa Markoan, eta horietatik 77 zuzendu ditu, hau da, proiektuen %21,4, Espainiako batez bestekoa %10,5ekoa delarik. Hala, Euskadiko eta Estatuko 300 enpresa baino gehiagorekin izandako lankidetzari esker (gehienak ETEak), 132 milioi euroko kontratazioak egin ahal izan ditu, hots, Euskadiko itzuleren %30. Kudeatutako proiektuak jarduera arlo hauetakoak dira: %24,7 NMP arlokoak (nanomaterialak eta produkzio teknologia berriak); %16,5 ICT arlokoak (Information and communications technologies); %11,3 energiaren sektorekoak; %10,3 garraioaren sektorekoak eta %9,6 SME arlokoak.

Bestalde, IK4k izugarri emaitza onak lortu ditu, 82 milioi eurotik gorako itzulerak eragin dituztenak. 222 proiektutan parte hartu du beste 185 euskal enpresarekin batera eta 62 proiektutan izan du lider papera. Programan parte hartu izanagatik lortutako diru-sarrerek ere gorantz egin dute eta jardueraren %12 baino gehiago izatera iritsi dira. Jarduera eremuka, diru-sarrera horien %46 NMP arloko proiektuetatik datoz (nanomaterialak eta produkzio teknologia berriak); %22 ICT arlotik (Information and communcations technologies); %10 garraioaren sektoretik, %6 energiaren sektoretik, eta gainerakoa programa gehigarri desberdinetatik.

IK4 eta Tecnalia zentroen zenbait datu

Ik4 Research Alliance 9 teknologi zentroren arteko aliantza da, 1.397 langile ditu eta horietatik 333 doktoreak dira. Bi ezaugarri nagusi ditu: enpresarekiko harremana eta garatzen duen ikerketa bikaina. 4 eremu estrategikotan lan egiten du nagusiki: energian, fabrikazio aurreratuan, osasunean eta garraio eta mugikortasunean. Estatuko ikerketa talde pribatu indartsuenak dauzka energia eta fabrikazio aurreratuko arloetan. 2012an 108 milioi euroko fakturazioa izan zuen, eta kopuru horretako %62 jarduera pribatukoa denez, Europa mailako erreferentzia bihurtu da ratio horretan, eta sinetsirik daude ETEekiko harremana handitzen eta estutzen jarraitu behar dutela.

Fraunhofer Institutuak emandako datuen arabera, Tecnalia da 7. Programa Markoak iraun bitartean enpresekin lankidetza gehien garatu dituen Europako RTOa. Horrek esan nahi du European Reserach Ranking zerrendako 20. postuan dagoela, Europako 5.000 ikerketa zentroren artean, eta lehena dela Estatuko erakunde pribatuen artean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke