SPRIren kanpo sareak nazioartekotzeari buruzko aholkularitza emango die euskal enpresei InvEXPOrt aretoan

2014ko Iraila 26,


– Iazko edizio arrakastatsuaren ostean ekitaldi horren bigarren edizioa egingo da aurten Barakaldoko BECen, urriaren 8 eta 9an, berrogeita hamar bat erakuslerekin.

– Eusko Jaurlaritzak, bere SPRI enpresa-agentziaren bitartez, apustu sendoa egingo du enpresek aukera onak izan ditzaten atzerrira ateratzeko.

– 30 hitzaldi baino gehiago egingo dira hainbat gairi buruz, esaterako Txinarekiko negozioak, garraio eta aduanei buruzko aholkuak eta argibideak, proiektu multilateralak eta ezarpenak Latinoamerikan.

– Ekitaldian SPRIren kanpo sare osoa bilduko da, zeina 70etik gora herrialdetara zabalduta baitago.


Eusko Jaurlaritza nazioartekotzearen alde egiten ari den apustu sendoaren erakusgarri izango da urriaren 8 eta 9an egingo den InvEXPOrt ekitaldia, Espainiako enpresei nazioartekotzen laguntzeko jardunaldia. Bertan bilduko da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko SPRI enpresen garapen agentziaren Kanpo Sare osoa, 70etik gora herrialdetan lan egiten duena.
Iazko lehen edizioak arrakasta itzela izan zuen jarduerara azaldutako 40 erakusle eta mila bisitari ingururekin, eta aurten berriz Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-n berrogeita hamar enpresa baino gehiago biltzeko ustea dago. Dagoeneko 40 inguruk eman dute izena.
Areto handi honen helburua da ideien, tresnen eta zerbitzuen katalizatzaile izatea Espainiako enpresak nazioartekotu daitezen, horretarako hobeto ezagutu behar baitute merkatuan dauden zerbitzuen eskaintza osoa (finantzaketa, prestakuntza, aholkularitza, bidaiak, laguntza publikoak, logistika…). Baita ere bilatzen da atzerriko sustapenarekin lotutako enpresa, antolakunde eta erakundeek aukera izan dezatela beren balio proposamenak ezagutarazteko.
Bigarren edizio honetan InvEXPOrt-ek nabarmen hazi nahi luke nazioarteko negozioen areto premium bat izatera iristeko eta goi-mailako topagune bihurtzeko sektoreko enpresa, iritzi lider, ordezkari ofizial eta enpresa handi nahiz ETEentzat.
Iazko edizioan 400dik gora bilera eta lehen mailako 20tik gora hitzaldi egin zituzten. Urriaren 8 eta 9an 30etik gora hitzaldi egingo dira hainbat gairi buruz, esaterako Txinarekiko negozioak, garraio eta aduanei buruzko aholkuak eta argibideak, proiektu multilateralak, ezarpenak Latinoamerikan eta kanpo sektorearen oraina eta etorkizuna. Hizlarien artean aipagarriak dira Pedro Nueno irakaslea; Nicolás Mouze, DHL Express enpresako marketin eta salmenta zuzendaria; Yeni Martínez, Auxadi enpresako nazioarte zuzendaria, eta Balbino Prieto, Esportatzaile eta Inbertsiogileen Klubeko presidentea.
InvEXPORT-en bi foro espezializatu ere antolatuko dira, bata Startup-en nazioartekotzeari buruz (Interpreneurship) eta bestea Nekazaritza eta elikadura sektoreko enpresen nazioartekotzeari buruz (Alimexport). Arlo horietako adituek hartuko dute parte bietan.
Ekitaldiaren karietara Bilbon elkartuko da SPRIren kanpo sare osoa, Afrika, Ekialde Hurbil, Latinoamerika, Asia, Europa eta Ipar Amerikako 70etik gora herrialdetan zabalduta dagoena. Hala InvEXPOrt Aretoko osagai giltzarria bihurtuko da.

Euskal enpresek aukera izango dute hemen buruz buruko bilerak erreserbatzeko SPRIko kanpo sareko edozein ordezkarirekin, eta haiek laguntasuna emango diete nazioartekotze prozesua garatzeko, enpresak atzerrira ateratzeko eta merkatu berriak esploratzeko.

Bestalde, SPRIk aukera ematen die euskal enpresei nazioarteko proiektu multilateraletan eta enpresa aliantzetan parte hartzeko, negozio aukera berriak bila ditzaten lankidetza publiko-pribatuaren arloan.
2013an SPRIren kanpo sareak 445 zerbitzu pertsonalizatu eman zizkien 244 enpresari eta 1.980 kontsulta puntual erantzun zituen. 2014ko abuztura arte 265 proiektu egin dira 140 enpresarentzat, eta 1.520 kontsulta puntual erantzun dira.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke