Sprilurrek eta Kultura Sailak La Azucarera eraikina aztertuko dute Ondare Industrialeko eraikinak babesteko ekimen berritzaile baten barruan

2013ko Otsaila 07,


– Gasteizko eraikin ezagun horren baldintzak bikainak dira ondareko hainbat eraikinetan erabili den adreiluaren entsegu bikoitza egiteko.

Bihar, otsailaren 8an (ostirala), 12etan proba zientifiko bat egingo da Gasteizko La Azucarera eraikinaren kanpoko adreiluetan, helburu bikoitzarekin: batetik, emaitzak aplikatu eta horrela antzeko ezaugarriak dituzten euskal ondare industrialeko beste eraikin batzuk hobeto mantendu eta, bestetik, adreiluen gatzgabetze sistema berritzailea probatu. Ekimen hau Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritzatik eta Sprilurretik iritsi da. Sprilur SPRI taldean integratutako eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako sozietatea da. Sistema zientifiko berritzaile hau Geoartec eta Teusa enpresek garatu dute, azken hori gipuzkoarra.

Azpimarratzekoa da Gasteizko Ali Gobeo industrialdean kokatutako eraikin historiko industrialaren adreiluetan egingo den “laginketara” joango direla, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko eta Sprilurreko teknikariak, hiru Foru Aldundietako teknikariak, Errioxako eta Nafarroako gobernuetakoak, Gasteizko Andre Maria Katedralekoak eta Norvegiako Kultura Ministerioko ordezkariak.

Topaketa horretan gatzgabetze sistema berritzaile bat probatuko dute, Sprilurrek kudeatzen dituen eraikinen prebentziozko mantenimendu plan bezala erabiltzeko. Gatzen erasoa da ondareko eraikin historiko gehienen elementuak kaltetzen dituen prozesuetako bat. Ekimen honen bidez mantenimendu teknika berri bat probatuko dute, zeinaren bidez gatzgabetze prozesua egiteko diagnostikoa eta prozedura zehaztuko baitira tamaina handiko azalera delikatuetan. Gatzgabetze prozesu tradizionala artisau-metodoa zen nagusiki, eta horrek, kostuak garestitzeaz gain, lana gauzatzeko denbora luzatzen zuen. Gainera, gatzen tratamendurako prozesu berri honek ez ditu erabiltzen adreiluaren jatorrizko osagaiak kaltetzen dituzten produktuak.

Eraikin industrial bereziak birgaitzeko eta zaharberritzeko hartua duen konpromisoari jarraiki, Sprilurrek ondare industrialeko eraikinen mantenimendurako praktika berritzaileen aplikazioan parte hartu du. Hiri birsortzearekin lotutako I+G+B-ko entsegu hauekin, eraikin berezien mantenimendu-lanak hobetzen dira epe ertainera, kostuak optimizatzen dira eta emaitzak eta materialen iraupen denborak luzatzen dira.

La Azucarera eraikina 1902an eraiki zen, Sprilurrek 2.000. urtean zaharberritu zuen eta euskal ondare industrialaren barruan sartu zen. Bere kanpoko arkitektura bereziagatik eta barneko espazioengatik, leku aproposa da enpresa arloko ekitaldi publiko nahiz pribatu garrantzitsuak ostatatzeko. 2012an “Espainiako Ondare Industrialaren 100 elementu” erakusketaren egoitza izan zen. Gaur egun 40 lokal ditu, beren jarduera ekonomikoa non kokatu ez duten enpresek erabil ditzaketenak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke