Sprilur-ek eraikuntza sostengarriaren bikaintasun ziurtagiria lortu du Eibarko Matsaria industrialdean

2014ko Ekaina 19,


  • Ingurumen, energia, ekonomia eta gizarte alderdiak hartzen dira kontuan eraikuntza sostengarriaren bikaintasun ziurtagiria lortzeko.                          
  • Azken hiruhilekotik aurrera Sprilur-ek DURBE bikaintasun bereizgarria eman ahal izango die mota guztietako urbanizazio eta berrurbanizazio proiektuei (industrialei nahiz hirikoei).

  


IMG_2850-a

Bikaintasun kasu praktikoa Ekostegunean. José Miguel Artaza, Sprilur-ko zuzendaria, Javier Aguirre, Ihobeko zuzendaria eta Nerea Morgado, Visesako ordezkaria

Sprilur-ek bikaintasun ziurtagiria lortu du, Eibarren Matsariako industrialdea egiteko prozesu osoan ingurumen sostengarritasun irizpideak betetzeagatik. Hala, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak argi utzi du apustu egiten  duela sostengarritasun eta eraginkortasun baloreetan oinarritutako enpresa-guneen sustapen eta kudeaketa eredu baten alde.

Ziurtagiria lortzeko prozesua Eibarko Matsaria industrialdearen eraikuntza proiektuarekin abiatu zen, helburutzat harturik ingurumen-portaera onena lortzea eraiki diren hiru eraikinetan, eraikuntza prozesuan sortutako hondakinen kudeaketan, instalazioen errendimenduan eta energia eraginkortasunean. Horretarako, Eraikuntza Sostengarrirako Sektore-gidak jarraitu dira, Ihobe-ren laguntzarekin.

Aipagarriak dira proiektuan aplikatu diren zenbait neurri, esaterako, lursail bat deskontaminatu da hondakin ez-arriskutsuz osatutako 1.359 tona indusiz eta 180 tona material arriskutsu ere kudeatu dira.

Eraikinei dagokienez, pabilioien arteko horma eta urbanizazioa osatzen duten gainerako elementu guztiak, hala nola zintarriak eta arekak, agregakin birziklatuz eginiko hormigoizko elementu aurre-fabrikatuekin egin ziren, 5.000tik gora m²ko azaleraraino.

Industriaren esparruko bikaintasun kasu praktiko hori, gehi beste mota batzuetako beste hamahiru, publikoki aurkeztuak izan dira gaur, osteguna, Bilbon egin den “Ecoeficiencia-Ekosteguna” jardunaldi teknikoan. Helburua da arkitektura kabineteei, enpresa eraikitzaileei, sustatzaile publiko nahiz pribatuei eta administrazio publikoei ikusaraztea ingurumen sostengarritasuna betetzen duten eraikuntzak eta birgaikuntzak -diseinatzen diren unetik beren Bizi Zikloa aztertzeko irizpideak integratzen dituztenak- errentagarriak direla eta betetzen dituztela Europako energia eraginkortasunaren politikak eta araudiak.

2010etik hona Sprilur “Urbanizazio Proiektuen Garapen Sostengarrirako Gidak” aplikatzen ari da. Horien bitartez, bere proiektu guztietan neurtzen du urbanizazio proiektuen eta kontratazio publikoen sostengarritasun maila eta proiektu guztien kanpoko auto-balorazioa egiten du. Garapen iraunkorrarekin hartutako konpromisoari eutsiz, estrategia berria aurrera doa Urbanizazio eta Berrurbanizazio proiektuentzat Bikaintasun Ziurtagiriak lortzeko norabidean. Urtearen azken hiruhilekorako prest egongo da DURBE ziurtagiri berri bat, zeinaren bidez bikaintasuna aitortuko baitzaie erabilpen publikoko onlineko tresna baten bitartez ongien ebaluatutako proiektuei.

EAEko sektore publikoak aurrerakada nabarmena egin du ingurumen eta energia arloak garatzeko neurri eta irizpide hauekin, urbanizazio berri, eraikuntza, birgaitze, etxebizitza eta bulegoen bizi ziklo osoan aplikatu direlarik.

Bilbo, 2014ko ekainare 19ean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke