Sprilur-ek prestakuntza eskainiko die udal teknikari eta sustatzaileei, urbanizazio proiektuen garapen sostengarrirako gida bat aplika dezaten

2013ko Urria 09,


Euskadi 2020 Garapen Sostengarriko Estrategia betez, prestakuntza jarduera honen helburu nagusia da EAEko udalak kontzientziatzea ingurumenarekin sostengarriak diren urbanizazio eta eraikuntza gidak erabil ditzaten.

SPRI Taldeko Sprilur sozietateak gaur hasi du udal teknikariak eta sustatzaileak prestatzeko jardunaldia. Helburua da prestakuntza horren bidez urbanizazio proiektuen garapen sostengarrirako gida bat aplika dezatela, abiapuntutzat harturik enpresen eta gizartearen aurrerapen sostengarriko eredu bat, zeinarekin konpromisoa hartua baitu Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak enpresa-guneak sustatzeko eta kudeatzeko bere jardueran.

Lehen jardunaldia udal teknikariei (arkitektoak eta aparejadoreak), urbanistei eta sustatzaileei zuzendu zaie eta Bilbon egin da. Hirigintza Proiektuen Garapen Sostengarrirako Gidaren edukiak eman dituzte ezagutzera eta adierazi dute beharrezkoa dela berau aplikatzea edozein udal edo sustatzailek bere jarduera esparruetan egiten dituen lehiaketa publikoetan.

Hiru orduko prestakuntza ekintza honetan, parte-hartzaileek Gida aplikatu ondoren lortzen diren emaitzak eta dokumentazioa interpretatzen ikasi dute. Sustatzaileek dokumentazioa eta formulak jasotzen dituzte proiektuen lehiaketetan eta urbanizazio lanetan aplikatzeko, eta bide horretatik, proiektu horien garapen sostengarriaren gradua neurtzeko eta proiektu bakoitzean lortutako emaitzak bereizteko.

José Miguel Artazak, Sprilur-eko zuzendariak, egin du jardunaldiaren sarrera eta lehenbizi aipatu ditu zeintzuk diren Gida hau urbanizazio proiektu eta lanetan aplikatzearen abantailak. Ondoren, Garapen Sostengarriko Gidaren oinarrizko kontzeptuak, helburuak eta egitura azaldu ditu sakonago. Bestalde, gida kasu praktiko batean aplikatu dute, hain zuzen ere, kontratazio publikoko prozesu batean.

Jardunaldi honetan aurkeztu dute baita ere urbanizazio eta birurbanizazio sostengarriko Euskadiko gune berriak identifikatuko dituen bereizgarri grafikoa.

Jardunaldia prestakuntza ekitaldi bat da, baina aipatzekoa da bere helburu nagusia beste bat dela: Euskadi 2020 Garapen Sostengarriko Estrategia betez, EAEko udalak kontzientziatzea ingurumenarekin sostengarriak diren urbanizazio eta eraikuntza gidak aplikatu ditzaten. Estrategia horrek ongizatearekin eta ingurumen arloko aktiboen babesarekin konprometitutako ekonomiarantz eramango du Euskadiren aurrerapen eredua.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke