SPRIk lagundu egin die Kubako FIHAV azokan parte hartu duten 32 euskal enpresei

2014ko Azaroa 04,


– Kubako gobernuak hianbat sektoretako –hala nola energia, bio-teknologia, industria eta turismoa- proiektu zorroa aurkeztu du FIHAV ekitaldian.
– 40 euskal enpresa daude kokatuta Kuban eta 130ek sarri esportatzen dute hara.


FIHAV 2014. Cuba

FIHAV 2014. Cuba

Miren Madinabeitiak, SPRIko Nazioarte saileko zuzendariak, azpimarratu du Kuban kokatutako euskal enpresek hainbat urte daramatzatela finantzaketa arloko zailtasunak gainditzeko ahaleginetan, nahiz eta “Kubako merkatuan mugitzen duten negozio bolumena 130 milioi euro ingurukoa den eta argi esan diguten merkatu honen aldeko apustuari eutsi behar zaiola”. Horixe esan du Madinabeitiak Habanako Nazioarteko XXXII. Azokan (FIHAV 2014) Euskadiren Pabilioia inauguratzeko ekitaldian. Espazio horretan 32 euskal enpresa elkartu dira, besteak beste, metal-mekanikaren eta energiaren sektoreetakoak. René Mesa, Kubako Eraikuntzako ministroak eta Alfredo López Valdez, Energia eta Meategi Arloko ministroak Euskadiren pabilioia bisitatu dute, eta enpresariekin hitz egin dute hainbat sektoretan, batez ere energian, egingo dituzten inbertsioei buruz.

40 euskal enpresa daude Kuban kokatuta, eta beste 130ek sarri esportatzen dute hango merkatura. SPRIk topaketa bat egin du han kokatutako euskal enpresekin, beren egoera eta aurreikuspenak ezagutzeko. Bakoitzak bere esperientzia duen arren, konpainia guztiek mezu bera helarazi dute: Kubaren aldeko apustuari eutsi behar zaio, merkatua irekiko delako, hain zuzen ere, atzerriko inbertsioaren lege berria onartzea izan da lehen urratsa. Lege horrek helburutzat du industria suspertzea eta lehiakortasuna hobetzea mundu mailako merkatuan, tokiko produkzioekin eta atzerriko inbertsiogileen parte-hartzearekin. Horretarako, ezinbestekoak dituzte finantza laguntzak, teknologia aurreratuak eta know-how-a, berriro kapitalizatzeko 1990eko hamarkadako krisiak eta denboran zehar jasandako  balio-galerak gogor astindutako sektoreak. Lege berri horrek malgutasun gehiago ematen die aduanei, bermeak eskaintzen dizkie ekonomia nazionaleko sektore ia guztietako enpresariei eta azkartasuna sustatzen du kontratuen dokumentazioan.

FIHAV azoka joan den igandean ireki zen eta ministroak inaugurazio ekitaldian iragarri zuen Kubako merkataritza poltsa handiena atzerriko inbertsioa sustatzera bideratuko dutela: “sinetsita gaude atzerriko kapitalak paper garrantzitsua izango duela ekonomia nazionalaren garapenean”. Horrez gain, Kubak eskaintzen duen proiektu zorro berria aurkeztu zuen, negozioak sor daitezen ekonomia garatzeko funtsezkoak diren zenbait sektoretan: nekazaritza, industria, turismoa, bio-teknologia eta energia berriztagarriak, esaterako.

Gainera, azokako egitarauan Kubako eta atzerriko enpresen arteko topaketak antolatu dituzte, lankidetza proiektuak identifikatzeko irlako garapen ekonomikoan trakzio indarra egin dezaketen sektoreetan.

FIHAV 2014 azokak, azken urteotako handienak, 60 naziotako parte-hartzaileak bildu ditu 18.500 metro koadro baino gehiagoko erakusketa eremu batean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke