SPRIk Euskadiren eta Afrikaren arteko kanpo merkataritzaren potentzial gero eta handiagoari buruzko balorazioa egin du Afrorum elkarteak antolatutako jardunaldian

2014ko Urtarrila 17,


Euskadiren eta Afrikaren arteko merkataritza-balantza positiboa da, eta euskal esportazioen %5,3 bideratzen da kontinente horretara.

Afrikan lan egiten duten 40 euskal enpresa interesaturik agertu dira Magreb, Hegoafrika eta Angolako merkatuetan.

2013an SPRIk Afrikari buruzko 109 kontsulta jaso eta 19 proiektu kudeatu ditu.


SPRIk, Eusko Jaurlaritzako Enpresen Garapenerako Agentziak, Euskadi eta Afrikaren arteko kanpo merkataritzaren potentzial gero eta handiagoari buruzko balorazioa egin du, eta gaur Oñatin egin den “Afrorum, encuentro para promover la colaboración entre Euskadi y Guinea” jardunaldian azaldu du zeintzuk diren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eskaintzen dituen tresnak Afrikan negozioak egin nahi dituzten enpresei laguntzeko.

Topaketan sei euskal enpresak eta Gineako enpresariz osatutako ordezkaritza batek parte hartu dute. Hauek dira parte hartu duten enpresak: Salva, Gashor eta Kide, hozkailu eta labeen sektorekoak, Almasa eta JMA, osagaien eta makinariaren sektorekoak, Mondragon Unibertsitatea eta MTA (Mondragon Team Academy), hezkuntza eta gizarte arloetakoak, ULMA construcción eta ULMA packaging eraikuntza eta ontziratzearen sektorekoak, ALET eta Taldea energia berriztagarrien esparrukoak eta Iparlat eta Natra elikaduraren merkatukoak. 

Merkatu afrikarraren eta Euskadiren arteko harreman komertzialek oraindik bolumen txikia dute Euskadiren kanpo merkataritzako rankingean.  Hala ere, 2012ko merkataritza-balantza positiboa da Euskadirentzat, eta Afrikarako esportazioak guztizkoaren %5,3 dira. Euskal produktuak jasotzen dituzten Afrikako herrialdeen artean aipatzekoa da Magreb eremua (Maroko, Aljeria eta Tunisia) eta herrialde hornitzaileen artean, berriz, Angola eta Nigeria daude, nagusiki gasa eta petrolioa inportatzen dutenak. Euskadik Afrikan izan duen 2012ko jarduerari dagokionez, azpimarratzekoa da Gineak esportazioen %0,07 eta inportazioen %0,01a biltzen dituela.

Gaur egun 40 euskal enpresa inguruk dauzkate produkzio edo merkataritza ezarpenak Afrikan. Kontzentraziorik handiena Marokon badago ere, badaude euskal enpresak Hegoafrikan, Aljerian, Tunisian, Egipton, Senegalen, Angolan eta Bolikostan.

Afrikarekiko harremanen esparruan, SPRIk hitzarmen bat sinatu zuen 2008an Centre for the Development of Enterprise (CDE) erakundearekin, euskal enpresei zerbitzua emateko Saharaz azpiko Afrikako herrialde gehienetan eta SPRIren kanpo sarearen eta aholkulari espezializatuen sarearen zerbitzuak indartu eta osatzeko.

Bestalde, SPRI Munduko Bankuaren sektore pribatuko bitartekari da Euskadin PSLO sarearen barruan, eta informazioa eta kontaktuak ematen dizkie erakunde multilateral horrek edo Afrikako Garapenerako Bankuak finantzatutako proiektuetan interesatuta dauden enpresei.

Azkenik, SPRIren Kanpo Sareak ere zerbitzu espezializatuak eskaintzen dizkie Afrikan proiekturen bat egin nahi duten edo hango negozio aukerak aztertu nahi dituzten euskal enpresei. SPRIk Afrikan dituen aholkulariak Marokon, Aljerian, Tunisian, Hegoafrikan eta Angolan kokatuta daude.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke