SPRIk Uruguairen potentziala erakutsiko du merkatu gisa eta Latinoamerikara sartzeko ate bezala

2014ko Maiatza 12,


Inbertsioak egingo dira azpiegituretan (ur sakonetako portu bat) eta energiaren sektorean, eta Uruguai izango da 2016an hiritar bakoitzeko energia eolikoko portzentaje handiena izango duen herrialdea


Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, SPRIren bitartez, ezagutzera eman nahi du Uruguaik euskal enpresei eskaintzen dien merkatua, hau da, Latinoamerikara sartzeko atea, eta horretarako Uruguaiko negozio eta inbertsio aukerei buruzko jardunaldi bat antolatu du datorren maiatzaren 14an, Bilbon.

SPRIk sustatutako topaketa horretan Juan Balparda, Uruguay XXI erakundeko ordezkariak (Uruguaiko Errepublikako Gobernuaren Garapen eta Inbertsio Agentzia) parte hartuko du, eta bere herrialdeko negozio eta inbertsio aukerak azalduko dizkie euskal enpresei.

Euskadi eta Uruguairen arteko harreman komertzial eta instituzionalak are gehiago sendotu dira José Mújica presidentea ekainean Euskadira etorri zenetik. Presidentea baino lehen, Ekonomia eta Finantza ministro Alvaro Garcia etorri zen, enpresa ordezkaritza baten buru. Alderantzizko bisitei dagokienez, Ikerketa eta Berrikuntza Agentzia Nazionalak (ANII) gonbidapena luzatu zion Eusko Jaurlaritzari aurtengo otsailean Teknologi Zentroei buruzko jardunaldi batzuetan parte hartzeko eta Euskadiko esperientzia azaltzeko.

Euskadiren eta Uruguairen arteko merkataritza balantzak erakusten du Uruguaiko merkaturako esportazioak hazi egin direla azken hamarkadan, ia hirukoizteraino (2003an 4,65 milioi eurokoak izatetik 17,9raino igo ziren 2013an). SPRIren Kanpo Sareak Uruguaira zuzendutako euskal enpresen merkataritza-jarduera hori babesten du, zeren Uruguairekin eta haren mugakideekin (bereziki Argentina eta Brasil) merkataritza-harremanetan jarri nahi duten enpresek aukera baitute Uruguain zerbitzua eskaintzen duen Kanpo Sareko ordezkari baten laguntza eskatzeko.

Azken urteetan Uruguaik %5,6ko batez besteko hazkunde tasa izan du, eta zuzeneko atzerriko inbertsio  gehien jasotzen duen Latinoamerikako hirugarren herrialdea da, 2013ko lehen hiruhilekoan 1.200 milioi euro jaso dituelarik. Industria da atzerriko inbertsio proiektu gehien duen hirugarren sektorea, eraikuntzaren eta lehen sektorearen atzetik. Inbertsio gehienak Uruguaiko dibertsifikazio energetikoa bermatzeko energia berriztagarrien arloko lizitazioekin lotuta daude.

Etorkizunari begira, fluxu berriak sartuko omen dira meatzaritzaren eta azpiegitura lanen sektorera. Azpiegitura lanen artean dago, besteak beste, ur sakoneko portu bat eraikitzea. Uruguaik definitu duen politika energetikoari jarraiki, 2015ean aukera dago energia matrize globalaren %50 eta argindar matrizearen %90 energia berriztagarrien bidez estaltzeko, eta Uruguai izango da hiritar bakoitzeko energia eolikoko portzentaje handiena izango duen herrialdea.

Uruguai eta Espainiak lankidetzarako hainbat itun sinatu dituzte, hala nola Ezarpen bikoitzeko Hitzarmena, Inbertsioak Elkar Babesteko Hitzarmena eta Sektoreko Lankidetza Hitzarmena. Testuinguru horretan sartzen da SPRIk maiatzaren 14rako antolatu duen jardunaldia, non azalduko baita Uruguai kontuan hartzeko moduko bazkidea izan daitekeela EAEko enpresen nazioartekotze prozesuan.

Uruguai herrialde egonkorra da eta, segurtasun juridikoaz gain, Latinoamerikako giza-garapen eta per capita errenta indize handienak ere baditu. Uruguaiko garapen sektoreen artean nabarmentzekoak dira: softwarea (Uruguai da Latinoamerikako software esportatzaile handiena per capita errentaren terminoetan, 500dik gora milioi euroko aurreikuspena duelarik 2013rako), logistika, finantzak eta enpresa zerbitzuak, eraikuntza, turismoa, automobilgintza, kimika eta plastikoak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke