SPRIk 1500 mikroETE eta autonomoren lehiakortasuna hobetu du, batez beste 8 IKT konponbide ezarriz

2013ko Iraila 26,


Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ETE eta autonomoen lehiakortasuna hobetzen duten 11.787 IKT konponbide sustatu ditu SPRIren eta Inplantalari ekimenaren bidez.

Ezarritako konponbideen eskaera azterturik ikusten da parte-hartzaileen %31ak beren negozioaren presentzia hobetu nahi duela Interneten, %28ak negozioaren sustapena bultzatu nahi duela 2.0 kanaletan eta %21ak eraginkortasun gehiagorekin kudeatu nahi duela bere negozioa eta online partekatu.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 11.787tik gora IKT konponbide ezarri ditu SPRIren bitartez Euskadiko 1.483 mikroETE eta autonomoren negozioetan, lehiakortasuna hobetu dezaten. MikroETE eta autonomoen negozioetan Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) txertatuz mikroenpresen arteko eten digitala murriztuko da eta 2.0 enpresa bilakatuko dira.

Programa honi esker edozein jarduera-sektoretako autonomo eta mikroETEek beren negozioen lehiakortasuna hobetuko dute IKTak txertatuz. Bide horretatik, tresna teknologiko berriak erabiltzen ikasiko dute beren produktu eta zerbitzuak Interneteko unibertso birtualean ezagutarazteko, bezero berriak lortzeko, denbora aurrezteko, kudeaketa kostuak murrizteko, premia gabeko joan-etorririk ez egiteko, negozioaren irudia hobetu eta modernizatzeko eta bezeroekiko harremana indartuz haien leialtasuna areagotzeko.

Orain arte SPRIren bitartez 8 konponbide ezarri dira negozio bakoitzeko batez beste, 1.121etik gora enpresak ezagutarazi ahal izan dituzte beren produktu eta zerbitzuak Interneten sare sozialetako profil profesionalen bitartez eta 561ek baino gehiagok hobetu dute beren weba edo sortu dute atari berri bat gaur egungo joerei egokituago dagoen erakusleiho birtual bat lortzeko.

Hain zuzen ere mikroETE eta autonomoen %80k adierazi du beren negozioa Interneten sustatzeko asmoz hartu dutela parte programan. Horietatik %31k dio negozioaren presentzia hobetu nahi duela Interneten; %28k negozioa sustatu nahi du 2.0 kanaletan eta %21ak dio eraginkortasun gehiagorekin kudeatu nahi duela negozioa eta online partekatu. Parte-hartzaileen bigarren helburu nagusia bezeroak leialtzea da, %65ak esan baitu horixe dela bere helburu garrantzitsuena; aldiz, parte-hartzaileen %62ak esan du negozioa modernizatzea bilatzen duela, denbora aurreztea eta kostuak merkatzea.

Aipatzekoa da, eta gainera halaxe adierazi dute parte-hartzaileek, garrantzitsua dela aholkulari teknologikoaren, hots, “inplantalari”aren zeregina. Zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen du, negoziora bertara joaten da, bakoitzaren premiei ongien egokituriko tresna teknologikoak hautatzen ditu, tresna horiek ezartzen laguntzen du eta tresna erabiltzeko prestakuntza egokia eskaintzen du, eta den-dena dohainik gainera. Guztira, 1.105 erabiltzailek parte hartu dute prozesu honetan.

Irabazi ukigarriak negozioentzat

Esan bezala, programak konponbide digitalak ezartzen eta erabiltzen laguntzen die mikroETE eta autonomoei, eta konponbide horiei esker parte-hartzaileen %70ak bere marka irudia hobetu du eta %47ak bezero gehiago lortu ditu. Hala, eta gutxi batzuk aipatzearren, hauek dira ezarri diren konponbide digitalak: mapa birtualak, negozioa kokatzeko; QR kodeak, sakelako dispositiboek ematen dituzten aukeren bidez ezagutzera emateko; sare sozialak, norbere burua aurkeztu eta bezero berriak lortzeko; e-marketineko kanpainak, bezeroei mailingak edo sms-ak bidaliz; onlineko publizitatea; Interneteko espazioak, dokumentuak partekatzeko eta kostuak eta denbora aurrezteko; txanda eta zereginen kudeaketa, eguneroko lana errazteko; kudeaketa integratuko salmenta terminalak edo terminal birtualak, salmentak, eskaerak, inbentarioak, eta abar errazteko.

Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk beren konpromisoari eutsiz, negozio txikien lehiakortasuna hobetu nahi dute IKTen bidez, eta horregatik, zabalik dago ekimen honetan parte hartzeko epea. Informazio gehiago lortzeko eta izena emateko, zoaz Euskadi+Innova web orrira: www.euskadinnova.net
(Mikroenpresentzako IKT konponbideak atalean)

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke