SPRIk euskal enpresek aurkeztutako 1.084 berrikuntza proiektu buktzatu ditu

2013ko Abendua 30,


Onartutako proiektuak Programa hauetarako aurkeztu dira: “+ Innova Ibilbideak”, “+ Innova Txekeak ”, eta “Innobideak – Lehiabide”.
Lehiakortasun Sailak guztira 5,5 milioi euroko aurrekontua esleitu du proiektu horiek diruz laguntzeko.


2013an Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 1.084 berrikuntza proiektu onartu ditu SPRI-Enpresen Garapenerako Agentziaren bitartez, arlo honetan martxan dauden hiru programa hauen barruan: “+ Innova Ibilbideak”, “+ Innova Txekeak ”, eta “Innobideak – Lehiabide”. Guztira, 5.497.919 euroko diru-laguntzak eman ditu.

Lehiabide Programaren bidez bultzatzen dira merkatu berrietara sartuz eta nazioartekotze prozesuak abiaraziz garatzeko eta hazteko asmo tinkoa duten enpresa berritzaileak, edozein dela ere beren gaitasun teknologikoa. Lehiakorragoak izaten laguntzen die enpresei proiektu estrategikoak sustatuz kokapen hobea izan dezaten lehia globalaren barruan.

Ebaluazio prozesuaren ostean 2.996.282,23 euroko aurrekontua onartu da Lehiabide Programak onartu dituen 52 proiektuetan inbertitzeko eta 1.497.920 euroko diru-laguntza proposatu da, hots, esleitutako 2 milioiko aurrekontuaren %74,89.

Bestalde, “+Innova Ibilbideak” Programak laguntza ematen die enpresei Lehiakortasun eta Berrikuntza mailei buruzko gogoeta estrategiko sakona egiteko. Azterketa hori enpresako zuzendaritza taldeak berak egiten du SPRIk garatutako metodologia propioari jarraituz eta kanpoko aholkularitza-enpresa espezializatu baten laguntzarekin. Ebaluazio horretan enpresaren egungo benetako egoera identifikatzen da, kontuan harturik daukan heldutasuna, garatu dituen gaitasunak, etorkizunera begira garapen potentziala duten eremuak, indarguneak eta aukerak.

Hasierako gogoeta hori osatzeko, Gaikuntza Proiektuak burutzen dira eta horien bitartez Berrikuntza Hazkorrak txertatzen dira enpresan. Horrez gain, Proiektu Estrategiko berriak definitzen dira enpresarentzat Prozesu, Produktu/zerbitzu, merkatu edo antolakuntza berrikuntzako esparruetan, antolakunde lehiakorragoak lortzeari begira.

2013. urtean +Innova Ibilbideak Programak 102 euskal enpresak aurkeztutako 618 berrikuntza ekimen onartu ditu eta 2,3 milioi euroko laguntzak banatu ditu.

Berrikuntzari laguntzeko ekintza horiekin batera, SPRIk +Innova Txekea Programa ere garatzen du, helburutzat hartuz azkar gauzatzen diren eta inpaktu handia duten berrikuntzan oinarritutako ekintzak sustatzea. 2013. urtean SPRIk 414 proiektu eta 1,7 milioi euroko laguntzak onartu ditu. Ekintza horiek eragina dute 8.643 kolaboratzaile dauzkaten enpresetan.

+Innova Txekeak programa ETEei zuzenduta dago eta onuradunen %91 50 langiletik beherako enpresak izan dira. SPRIk lagundu dituen zerbitzuak, berriz, esparru hauetakoak izan dira: %20 Enpresen kudeaketa aurreratua, %19 Brandinga eta %17 Finantza arloko gaikuntza. Gainerako proiektuen helburua izan da lehia zaintzea, lehiakortasuna hobetzea produktu eta prozesuetan berrituz, lankidetza eta negozio eredu berriak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke