SPRIk siderurgia arloko Turkiako bi talde handi erakarri ditu, euskal ETEei sektore horretako negozio aukeren berri emateko eta beren interesa pizteko

2013ko Uztaila 15,


Turkiako siderurgiari buruzko jardunaldian, SPRIko Nazioartekotze Saileko zuzendari Miren Madinabeitiak Turkiako bi enpresa garrantzitsutako inbertsio zuzendariak aurkeztuko dizkie euskal enpresei: Ekinciler Iron and Steel Industries, Inc. enpresako Hamza Koyuncu jauna, eta Yolbulan Bastug Metalurgi Co. enpresako Ali Erdal Gürler jauna.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ekimenez eta SPRIk antolaturik, datorren uztailaren 17an jardunaldi bat egingo da Bilboko Bizkaia Plaza Eraikineko auditorioan, Turkiako siderurgiaren sektoreak eskaintzen dituen negozio aukerak aurkezteko sektoreko euskal enpresei. Turkia jomuga garrantzitsua da euskal industriaren nazioartekotze proiektuentzat, 76 milioi kontsumitzaileko merkatua du eta munduko 17. ekonomia BPG nominalari dagokionez.

Turkiako altzairu industria oso dinamikoa da, 35.89 milioi tona altzairu ekoitzi zituen 2012an (aurreko urtean baino %5,2 gehiago) eta 8. postuan kokatu zen munduko altzairu produktore garrantzitsuenen zerrendan, Brasil eta Ukrainiaren aurretik. Hainbat urtetako ahaleginaren ostean, Turkiako altzairugintza garatzen eta lehiakortasuna irabazten ari da, eta azken hamar urteotan etengabe handitu ditu bere inbertsioak eta nabarmen hobetu ditu bere gaitasun teknologikoa eta produktuen kalitatea. Altzairu produkzioaren %73,6 produktu luzea da eta %26,4 produktu laua.

Aurreikuspenen arabera, 2013an Turkiako altzairu fabrikek 22 milioi tona inguru esportatuko dituzte; une honetan, altzairuaren jomuga nagusiak Pertsiar Golkoan eta Ekialde Ertainean daude, eta baita ere Afrikako hainbat herrialdetan.

2012an Turkiako ekonomiak %2,2ko hazkunde apala izan zuen, hau da, halako atzeraldi bat erregistratu zuen aurreko urteekin alderatuta. Hala ere, aurreikuspenek diote Turkiako ekonomia %4 haziko dela 2013an, barne eskaerak izango duen gorakadari esker.

SPRIk SIDEREX-Siderurgiako Produktu eta Instalazioen Espainiako Esportatzaileen Elkartearen laguntzaz antolatu du jardunaldia. Egoitza Bilbon duen elkarte hori Eusko Jaurlaritzako Nazioartekotze Zuzendaritzarekin elkarlanean ari da, elkarteko 73 enpresak nazioartekotzen eta beren produktuak esportatzen laguntzeko. 2012an elkarteko enpresek 6.031 milioi euro fakturatu zituzten eta horietatik 3.445 milioi esportazioen bidez erdietsi zituzten.

SPRIko Nazioartekotze Saileko zuzendari Miren Madinabeitiak jardunaldiaren lehen zatian aurkeztuko ditu Asier San Millán, SIDREXEeko zuzendaria eta Euskadiko siderurgiaren egoeraz mintzatuko dena, eta Cigdem Koçac, SPRIk Turkian duen Enpresa Bulegoko zuzendaria, zeinak gorabidean dagoen Turkiako siderurgiaren sektorearen berri emango baitie jardunaldiko parte-hartzaileei.

Miren Madinabeitiak bigarren zatian aurkeztuko ditu jardunaldira gonbidatutako bi enpresa talde handiak, beren bi enpresa garrantzitsuenetako inbertsio zuzendariek ordezkatuko dituztenak: Ekinciler Iron and Steel Industries, Inc. enpresako Hamza Koyuncu jauna eta Yolbulan Bastug Metalurgi Co enpresako Ali Erdal Gürler jauna. Hamza Koyunc-ek eta Ali Erdal Gürler-ek Turkiako sektore siderurgikoak eskaintzen dituen negozio aukerak aurkeztuko dituzte.

Ekinciler Iron and Steel Industries, Inc. Holding Ekinciler enpresaren filial nagusia da. Iskenderun Bay-n sortu zen duela 4 hamarkada eta enpresak 1.25 milioi tona produzitzen ditu urtean. 60 herrialde baino gehiagotara esportatzen du eta Turkiako 100 industri korporazio garrantzitsuenen artean dago.

Baita ere parte hartuko du Yolbulan Bastug Metalurgy Co. enpresak. 2008an fundatutako altzairu-fabrika moderno bat da, Yolbulan eta Bastug familien bazkidetzapean eratu zena eta 40 urte baino gehiagoko esperientzia duena altzairuaren sektorean. 2010ean hasi zen produzitzen, urtean 2 milioi tona altzairu likido ekoizteko gaitasuna du, Osmaniye City industrialdean kokatuta dago eta Turkiako altzairu ekoizle handiena da.

Jardunaldia bukatzeko, aldez aurretik hitzartutako bilerak egingo dira Turkiako inbertsio zuzendarien eta lankidetza-ildo berriak finkatu nahi dituzten euskal enpresetako zuzendaritza-taldeen artean. Jardunaldiaren ondoren, interesaturik dauden enpresek beren fabriketako produkzioaren bikaintasuna erakutsiko diete Ekinciler Iron and Steel Industries eta Yolbulan Bastug Metalurgy enpresetako inbertsio zuzendariei.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke