2012an SPRIk 19 milioiko laguntzak eman zituen euskal enpresak indartu eta hedatzeko

2013ko Maiatza 13,


– SPRI Taldearen memorian jasota daude Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa Sozietateak (AKEKS) sustatutako laguntza planak, zeinak 15 inbertsio egin baitzituen Euskadiko enpresa sarean.
– Invest in the Basque Country arloak, atzerriko inbertsioak erakartzeko sortu zenak, 44 proiektu kudeatu zituen iaz eta 200 enplegu berri sortuko dituzten lau inbertsio zehaztu zituen.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak iaz ere jarraitu zuen euskal enpresei indartzen eta hedatzen laguntzeko betetzen duen zereginarekin. SPRI Taldearen 2012ko memoriak dio 19.065.000 euroko 15 inbertsio egin zirela, Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa sozietatearen bitartez.

Eragiketa horietan aldi-baterako partaidetza minoritarioa eskuratzen da ETEen, enpresa berrien edo hedatzen ari diren konpainien kapital sozialetan, baldin eta kotizazio ofizialik ez badute, finantzarioak ez badira eta etorkizuneko proiektu bideragarri bat badute.

Horrela, egonkortasun ekonomiko-finantzarioa ematen zaie enpresei. Arrisku Kapitalaren Kudeaketako sozietatea 1985ean sortu zen eta Eusko Jaurlaritza du akziodun nagusi SPRIren bitartez. Kutxabank eta Mondragon Taldeak ere partaidetza minoritarioak dituzte sozietatean.

Iaz 11 desinbertsio egin ziren (aurreko urteetan onartu eta dagoeneko laguntza publikorik behar ez duten proiektuak) eta ia 14 milioi euro berreskuratu ziren.

Proiektu horien finantzaketaren berri emateaz gain, SPRI Taldearen memoriak beste alderdi batzuk ere aipatzen ditu: hala nola, jarduera ekonomikoetarako dagoen lurzoru eskaintza; enpresek teknologian, berrikuntzan, ekintzailetzan eta informazio gizartean inbertitzeko dituzten laguntza programa eta zerbitzuak (40 bat guztira); eta nazioartekotzeari laguntzeko egiten den lana, 60tik gora herrialdetara hedatzen den SPRIko kanpo sare zabalean oinarrituta dagoena.

Nazioartekotzearen arloan ere jarduera garrantzitsuak egin dira, eta hain zuzen nazioartekotzea da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak krisiari aurre egiteko iragarri duen lehentasunetako bat. SPRIk Invest in the Basque Country arloa abiarazi zuen 2010ean, zuzeneko atzerriko inbertsioak erakartzeko. Arlo horrek 44 proiektu kudeatu zituen iaz eta 200 bat lanpostu sortuko dituen lau inbertsio zehaztu zituen.

Gainera, teknologiaren arloan 160 milioi euro inbertitu ziren enpresa proiektu teknologikoei emandako diru-laguntzen bitartez eta 1.000 euskal konpainia inguruk baliatu zituzten laguntza horiek. Programen artean aipatzekoak dira, besteak beste, Gaitek (produktu orijinalak garatzeko I+G proiektuetara bideratua), 42 milioi euro eman dituena 780 enpresari laguntzeko; Etorgai (Euskadin trakzio indarra egingo duten industria-ikerketa proiektuak), 39,5 milioi bideratu dituena 206 enpresa bultzatzeko; edota Etortek (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen bidezko lankidetza proiektuak), 26,5 milioi eman dituena bederatzi proiekturi laguntzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke