SPRI Alexander Arriola zuzendariak The Report Company egindako elkarrizketa

2014ko Urria 09,

imagen_spri_tecnologia

The Report Company: Ekonomi Garapen Sailaren aurrekontuen %75 SPRIrentzat da, nola bideratzen da aurrekontu hori? Zeintzuk dira ardatz nagusiak?

Alexander Arriola: Gure helburu nagusia da euskal industria sustatzea eta balio erantsia ematea. Nola egiten dugu hori? Modu askotara. Badugu Ekonomiaren Sustapen arloa, inbertsioak, enpresa sorkuntza eta ekintzailetza bultzatzen dituena. Sortzen diren eta balio erantsi handia duten enpresak sustatzen ditugu.

Badugu beste ardatz indartsu bat, alegia, Teknologia eta Berrikuntzarena. Arlo horretan ere balio erantsia ematen dugu, baina enpresek I+G-n gastatzen duten kopurua edo portzentajea handituz, gaur egun I+G baita mundu mailan lehiatzeko eta balio erantsia izateko giltza. Horretarako programa ugari dauzkagu, eta zientzia eta teknologiaren euskal sare indartsua ere bai.

Beste ardatz bat nazioartekotzea da, Jaurlaritzaren zutabeetako bat alegia. Gaur egun Euskadiko BPGaren %32 nazioartekotuta dago, eta tokiko merkatuak beherantz egin duela ikusirik, argi dago faktore garrantzitsua dela balio erantsia izateko. SPRIk mundu osoan zabaldutako 70 bulegoko sarea dauka, eta gure enpresei laguntzen die edonon daudela ere.

Horrez gain, Euskadiko lurzoru industriala kudeatzen dugu SPRILUR sozietatearen bitartez. Horrek asko laguntzen digu atzerriko, Estatuko edo bertako inbertsioak Euskadira erakartzen.

SPRI Taldearen barruan dago baita ere Arrisku Kapitaleko Sozietatea: proiektuak sendotzeko edo proiektu berriak sortzeko finantzaketa behar duten enpresei laguntzen diegu.

Ardatz eta oinarri horiekin guztiekin,  hauxe da gure helburu nagusia: euskal enpresen lehiakortasuna handitzea.

TRC: Non behar dute lehiakortasuna euskal enpresek?

AA: Batetik, indartsu bagaude ere nazioartekotze arloan, askoz gehiago sustatu behar dugu prozesu hori. Eta batez ere, proaktibo izan behar dugu. Ezin da herrialde batera iritsi boom-a igaro denean; aldez aurretik aztertu behar da zeintzuk diren herrialdearen aukerak. Halaber oso garrantzitsua da enpresek argi jakin dezatela zein herrialdetara jo behar duten. Txina oso erakargarria da baina enpresa guztiek ez dute zertan Txinara joan, beren produktuaren arabera erabakiko dute. Batzuetan Txinara joan beharko dute, baina beste batzuetan hobeto etorriko zaie Ipar Amerika, Errusia edo beste edozein herrialde.

Bigarren arloa I+G da.  Zergatik? Gure BPGaren %2,2 I+G-n inbertitzen dugunez, Europakoen puntakoen artean gaude. Egia da hor daudela Finlandia eta Alemania, eta lehenengoetakoak diren iparraldeko beste herrialde batzuk, %3 inguruan dabiltzanak, baita gorago ere. Baina Euskadi %2,2an dago zehazki, Espainiako gainerako eskualdeen oso aurretik (batez bestekoa %1,3koa da Estatuan), Europako beste herrialde asko baino hobeto eta Frantzia edo haren pareko herrialdeen mailan. Inbertitzen dugu, baina inbertsio hori merkatura iritsiko den produktu bilakatu behar dugu. Gauza bat da inbertitzea, eta izan ere asko inbertitzen dugu I+G-n, baina teknologikoki erdi-mailakoak gara. I+G horrek, enpresetan egiten den ikerketa horrek, eragina izan behar du merkatuan dagoen produktuan.

TRC: Eusko Jaurlaritzak nola laguntzen dio I+G-ren aldeko apustuari?

AA: Enpresak ez dira I+G-n inbertitzen duten bakarrak; sektore publikoa da (zehazki, Eusko Jaurlaritza SPRIren eta bere programen bitartez) inbertsiogile handiena -%50 inguru-, enpresa motaren arabera.  Enpresak inbertitu egiten du, baina I+G proiektu arriskutsua da. Hau da, I+G-k emaitzak eman ditzake ala ez; enpresak produktu berrietan berritzen duenean ez daki produktu horiek emaitza onak izango dituzten merkatuan. Hori jakingo bagenu aberatsak izango ginateke.

Bestalde, hor dugu oinarrizko I+G, Unibertsitateetan egiten den ikerketa purua, gero teknologi zentroetara eta azkenik enpresetara iristen dena. Arazoa da ikerketa sarri Unibertsitatean bertan gelditzen dela, edo teknologi zentroan, eta ez dela iristen enpresara, ezta ere produktura. Horixe da teknologia arloan dugun erronka handiena.

TRC: Nola funtzionatzen du SPRIren Teknologi eta Industri Parkeen Sareak?

AA: Teknologia maila jakin bat duten enpresak teknologi parkeetan instalatzen dira eta sinergiak aprobetxatzen dituzte, denak daudelako gune berean. Guztien gainetik buru bat dago, SPRIren zuzendaria, lau parkeak kontrolatzen eta kudeatzen dituena. Nik daukat postu hori izatearen ohorea eta erantzukizuna. Garrantzitsuena da sozietate batean egiten denak eragina izan dezala ingurukoetan. Atzerriko enpresa bat sustatu edo erakarri nahi badugu, gestio  hori SPRIren bitartez egiten dugu, baina SPRILURek kudeatzen du lurzorua. Finantza arloko tresna bat behar badugu, badaukagu arrisku kapitaleko sozietatea. Eta enpresa batek parkean instalatu nahi badu, parkera etorriko da eta denon artean kudeatuko dugu. Horregatik SPRI funtsezko tresna da, euskal industriaren balio-kate osora iristen delako. Lurzorutik hasi eta I+G-raino, sustapenetik merkaturaino. Asko kostatzen da, asko garelako. SPRI Taldean guztira 180 lagun inguruk lan egiten dugu, eta gainera bulegoak dauzkagu mundu osoan. Lan handia dugu, esan bezala, euskal enpresen industria-jarduera guztietara iristen garelako.

TRC:  Nola kokatzen da Euskadi Europako Horizon 2020 programaren helburuei dagokienez?

AA: Horizon 2020 (H 2020) Europa mailako plan zientifiko-teknologikoa da, herrialdeei baina batez ere eskualdeei esaten diena espezializatu egin behar dutela. Herrialde bakoitzak argi jakin behar du zertan den ona, eta zer indartu behar duen. Zein sektore, zein motatako industria bultzatuko duen. Zeren Europako herrialde guztiok denetik egiten badugu, geure arteko lehia sortuko baitugu. Beraz, Horizon 2020 planak esan digu jakin behar dugula zertan garen onak eta politika industrial bat egin behar dugula sektore horretarako. Guztiz lerrokatuta gaude. Funts asko banatuko dira, uste dut guztira 80 bilioi euro izango direla 2014tik 2020ra, eta Europak esan digu funts horiek jaso nahi baditugu espezializatu egin behar dugula. Hala, Euskadik lekukoa jaso du eta Europari esan diogu espezializatu egingo garela, eta horretan ari gara dagoeneko. Horretarako da RIS3 (Smart Specialization Strategy). Euskadiren hiru meta-lehentasunak: industrialak (biozientziak, fabrikazio aurreratua eta energia), dirudienez sektorerik garrantzitsuenak izango direnak, etorkizunean erabiliko diren teknologiak eta gaur egun estrategikoak izan ez arren potentzial handia dutenak: smart cities, clean energy, environment…. Gainera Euskadi lanean ari da Europako “Vanguard region” proiektuan, non hainbat eskualde aztertzen ari baitira zein estrategia komeni den fabrikazio aurreraturako, zein energiaren sektorerako, e.a. Euskadik ordezkari bat du proiektu horretan eta erreferentea da gainera. Euskadin garatu ditugun eredu guztiak erreferentziatzat hartu dituzte.

TRC: Zer gehiago esan zenezake Nanobasque eta Biobasque agentziei buruz?

AA: Biobasque eta Nanobasque agentziak ere SPRIren barruan daude. Biozientziak gure lehentasunetako bat dira eta, beraz, Biobasque da biozientzien munduko jarduera guztiak koordinatzen dituen agentzia. Adibide bat jarriko dizut. Biozientzien sektoreko 20 enpresa dauzkagu eta horietako bakoitzak bere I+G proiektu espezifikoak garatzen ditu. Biobasque enpresa guztiak barne hartzen dituen eragile bat da, egiten dutena alderatzen du eta elkarrekin lanean jartzen ditu sinergiak aprobetxatzeko, egiten dugun guztia bat etor dadin Europak eskatzen digunarekin. Hau da, ahalegin guztiak aprobetxatzeko. 20 enpresa horiek beren kasa lan egingo balute, irabazi bat izango genuke. Baina 20 enpresa horiek elkarlanean aritzen badira edo koordinatuki lan egiten badute, Europak markatutako parametroen arabera, irabazia askoz ere handiagoa izango da. Eta gauza bera Nanobasque agentziarekin, kasu honetan fabrikazioren sektorean.

TRC: Zure ustez nola ikusten dute Euskadi atzerrian? Zer egin behar dugu herrialdearen errealitatea leialki islatuko duen marka bat sortzeko?

AA: Euskadi marka ezaguna da zenbait esparrutan. Eta uste dut askoz ere gehiago indartu behar dela. Hemendik oso urrun bizi izan naiz. Ingeles eta frantsesek ezagutzen dute Euskadi, jakina. Australiarrek eta Zeelanda Berrikoek, ordea, ez dute hainbeste ezagutzen. Uste dut marka potentzial bat dela adibidez Ipar eta Hegoamerikan, non ezaguna baita baina gehiago diasporagatik. Jende asko dago han aspaldi hara bizitzera joandakoa. Alderdi kultural hori oso ongi dago, baina horrez gain industrialki ere ezagutarazi nahi dugu gure burua. Ezagun izan nahi dugu gure produktuengatik. Eta hor badago zeregina. Zer gustatuko litzaiguke? Hain ezaguna den “Made in Germany” edukitzea. “Made in Germany” markak saldu egiten du. Baliteke asmo handiko proiektua izatea, baina gustatuko litzaiguke egunen batean “Made in Basque Country” marka edukitzea eta izen horrek saltzea. Horixe nahiko genuke benetan.

Duela urte asko Alemaniak egin zuena ikusi eta ikasi genuen. Gero ideia propioak ere izan genituen. Euskadik edozein herrialdetako eredu onenak hartu ditu eta imitatzen eta gainditzen saiatu da ahal izan duen neurrian. Ez ditugu hartu eredutzat beste herrialdeen batez bestekoak,  baizik eta emaitzarik onenak, batez ere industriaren sektorean; Finlandia, Alemania edo Danimarka izan dira gure erreferentzia eta haien taldean sartzen saiatu gara. Horri ekin behar diogu. Pixkanaka lortzen ari gara, baina albait azkarren heldu nahi genuke maila horretara.

TRC: Zer esan nahi du Euskadiko Klusterren bilakaerak?

AA: Klusterrak tresna bikaina izan dira euskal industriaren garapenerako, Michael Porter eta Jon Azuaren bitartez. Klusterrak enpresa elkarteak dira, jarduera bateratu batek sor ditzakeen sinergiak aprobetxatzen dituztenak, eta aipatu behar da klusterretan oso ongi lan egin dela. Baina ez gara hor geratu, jarraipena eman diogu duela hainbat urte eginiko lan onari eta orain hurrengo fasean gaude. Urte hau garrantzitsua izango da kluster politika berri bat ezartzeko. Hain zuzen SPRI ari da lan hori egiten, aurten kluster guztiekin elkartu gara eta jakinarazi diegu zer eskatzen digun Europako H2020 programak. Hauxe da gure politika industriala: klusterrak. Argi dago zuen ekarpenak egin ditzakezuela, baina gure politika industriala jarraitu behar duzue. 2015ean klusterrak gehiago indartuko dituen politika industrial bat izatea espero dugu. Eusko Jaurlaritzaren industrializazio planean bada hauxe dioen esaldi bat: “klusterrak indartu behar dira industria sailaren tresna bezala”.

Klusterrei nagusiki 3 eremutan lan egiteko eskatuko diegu. Bata nazioartekotzea da, bigarrena enpresetan I+G gehiago kontsumitzea (esaterako, beste herrialde batzuek sektore bakoitzean, kluster bakoitzean zer egiten duten aztertzea) eta hirugarrena, eta ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, berrikuntza ez teknologikoa, enpresen eraldaketa. Euskadin erronka handi bat dugu: gure enpresen tamaina. Alemaniako enpresen batez besteko tamainarekin alderatuta, hango enpresak handiagoak dira. Onenekin alderatu behar dugu geure burua. Eman dezakegun guztia eman behar dugu. Eta horretarako oso garrantzitsua da enpresen eraldaketa. Tamaina. Enpresa guztiek ez dute handiak izan beharrik. Produktuaren eta sektorearen arabera, handiak izango dira ala ez.

Baina bada landu beharreko gai bat: kudeaketa. Duela urte asko enpresak kudeatzeko eredu bat sortu zen, eta buelta eman nahi diogu sistema horri. Jakin ezazue gurpila ez dela inoiz gelditzen. Gauzak ongi egin ditugu, baina hemendik bost urtera berriro birpentsatu beharko dugu dena goi-mailan egon nahi badugu. Beraz, nazioartekotzea, teknologia eta enpresen eraldaketa (tamaina, kudeaketa, sinergien aprobetxamendua) izango dira kluster politika berriaren hiru zutabeak.

TRC: Zein sinergia edo sektore dauzkagu Erresuma Batuarekin?

AA: Finantza sistema sendoa izan dugu beti Erresuma Batuarekin. Dakizuen bezala, munduko banku garrantzitsuenetako baten egoitza daukagu, BBVA. Finantza sektorea alde batera utzita, industrialki hiru sektore azpimarratuko nituzke. Bata, bistakoa da, automozioa. Automozioaren sektore indartsua dugu hemen, Ingalaterrako hainbat enpresaren hornitzaile izan daitekeena, esaterako Jaguar edo beste hainbatena.

Oso garrantzitsua da baita ere aeronautika. Duela gutxi Sheffielden izan ginen aeronautika arloko fabrikazio aurreratuko zentroan. Enpresa indartsuak daude han. Badago euskal enpresa bat, ITP, haiekin lan asko egiten ari dena. Enpresa bat ere badu Erresuma Batuan. Gure ustez, aeronautika sektore estrategikoa da, eta primeran datorkigu Erresuma Batua bezalako partner garrantzitsu bat izatea.

Hirugarrena energiaren sektorea da, nagusiki energia berriztagarriena, bai eolikoa eta baita ere itsasokoa. Iparraldean, Eskozian, proiektu handiak daude eta munduko “offshore” energia eolikoaren gune garrantzitsuenetako bat da.

Guk, ordea, badugu Erresuma Batuan ez duten zerbait, edo oso marjina txikiarekin existitzen dena: hornitzaile katea. Hemen dauzkagu aerosorgailua fabrikatzen duen enpresa (Gamesa, jakina) eta sorgailu horren osagai guztiak fabrikatzen dituzten hornitzaileak ere bai. Itsasoz gaindi dagoena daukagu. Orain itsasoz azpitik dagoena da landu behar duguna.

Badugu baita ere “Makina-Erremintaren” sektorea. Oso indartsu gaude horretan. Espainian lehenak gara alde handiz. Fabrikazioaren ia %90 Euskadin egiten da. Horiek dira sektore estrategiko garrantzitsuenak, baina badauzkagu beste asko ere, zeren “offshore” teknologien artean Euskadiko ontzigintza sektorea garrantzitsua izango baita aerosorgailuen mantenimenduan.

TRC: Nor da euskalduna? Zein mezu eman behar genieke irakurleei Euskadin inbertitzeko aukeren inguruan?

AA: Euskadin bi gauza oso garrantzitsu konbinatzen dira. Badugu alderdi industriala, “hard working” langileak dituena, serioak, leialak eta hitza betetzen dutenak. Eta ez hori bakarrik, baita ere teknologikoki goi-mailan dauden enpresak. Baina, seriotasunaz harago, ongi bizitzea gustatzen zaigu eta baliabide apartak dauzkagu horretarako: itsasoa, mendia, gastronomia, e.a. Lelo bat ere badugu, “The Big Little” uste dut. Txikiak gara, baina egiten dugun hori ongi egiten dugu. Zorrotz lan egiten dugu, eta argi daukagu gure helburua: maila gorenera iristea. Horregatik konparatzen dugu gure burua munduko onenekin.

Euskal Herriko istorio orokorra ikusi ahal izango duzu

http://www.the-report.net/basque-country/oct2014

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke