SPRIk bere laguntza eta zerbitzuen berri eman die Gipuzkoako enpresariei

2013ko Ekaina 27,


SPRIko zuzendari nagusiak, Alexander Arriola jaunak, enpresari laguntzeko estrategia garrantzitsuenak azaldu ditu Adegiren eskutik.

Ampliar Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpe dagoen SPRI-Enpresa Garapeneko Euskal Agentziako zuzendari nagusia, Alexander Arriola Lizarriturri jauna, gaur goizean batzartu da Gipuzkoako berrogeita hamar enpresarirekin Gipuzkoako patronalak (ADEGI) antolatutako jardunaldi batean. Arriola jaunak bertatik bertara azaldu die zeintzuk diren Jaurlaritzak euskal enpresei laguntzeko eskaintzen dituen laguntza eta zerbitzuak, laguntza horien bidez gehiago fakturatu eta enplegua sor dezaten eta, bide horretatik, “Euskadiko BPGri hazten lagundu diezaioten. Gure helburua da Gipuzkoako enpresariak, euskal enpresariak, hurbil sentitu ditzala SPRI eta Eusko Jaurlaritza. Jakin ezazue zuen ardura gure ardura ere badela”.

Arriolak batez ere puntu hauek azaldu ditu: Industriari Laguntzeko Programa, Arantza Tapia sailburuak zuzentzen duena, nazioartekotze estrategia eta SPRIren jarduera-ildo garrantzitsuenak. Arriolarekin batera izan dira baita ere SPRIko arduradun operatiboak: Iñaki Tellechea, Enpresa Garapeneko zuzendaria; Aitor Cobanera, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria; Miren Madinabeitia, Nazioartekotze Arloko zuzendaria; Jose Miguel Artaza, Sprilur-eko zuzendaria eta Yolanda Beldarrain, Arrisku Kapitaleko zuzendari nagusia.

Industriari laguntzeko programa: 757 milioi euro baliabide publikoetan, gehi 2.189 milioiko eratorria

Industriari Laguntzeko Programak 14 neurri biltzen ditu. Neurri horien bidez, enpresak lagunduko dituzte, enpresa-egitura industrializatzeko eta berritzeko laguntza-estrategiekin, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta Sprik berak zuzendutakoekin, koordinatuta.

Susperraldi ekonomikoa lortzea eta lehiakortasunean eta Euskadiren garapen jasangarrian etapa berri batean aurrera egitea da programaren helburua, lehentasuna emanez krisia eta enpresen eta pertsonen gaineko haren ondorioak gainditzeari eta gure enpresen lehiakortasuna indartzeari eta Euskadiren eredu sozioekonomikoa finkatzeari.

Eusko Jaurlaritzak industria-jarduerarako inguru egokia sortzen lagundu nahi du. Inguru horretan, bada, ezinbestekoak izango dira erakunde arteko lankidetza eta lankidetza publiko-pribatua.

Gobernuaren politikari jarraiki, gure industriaren lehiakortasun-ahalmena hobetzeko estrategia garatuko dugu, manufaktura aurreratuaren proiektuan oinarrituta, gure industria gero eta gehiago sar dadin nazioarteko merkatuetan; izan ere, industria da ekonomiako zerbitzu-sortzailerik garrantzitsuena: industriako enplegu bakoitzak beste 2 eta 5 enplegu artean sortzen ditu ekonomiaren beste segmentu batzuetan.

Industriari Laguntzeko Programan jasotako hamalau neurriak enpresari laguntzeko lau mailatan sailkatzen dira. Batzuetan, maila horiek gainjarri egiten dira, eta ez dira beti itxiak.

Orotara, bada, hamalau tresna dira, eta horien artean Euskadiren industria-politikaren ibilbidean arrakasta aitortua izan duten, baina merkatuaren egoera ekonomikoaren eta finantzarioaren egungo beharretara egokitu diren neurriak daude, bai eta finantzaketa-funts berriak eta enpresen kudeaketako berrikuntza-formulak erakartzera bideratutako jarduera berriak ere.

Hona hemen lau laguntza mailak:

– Finantzaketarako eta zirkulatzailerako laguntza.

– Inbertsiorako laguntza: produktiboak edo produktu berriak.

– Eragin bultzatzaile nabarmena duten proiektu estrategikoetarako laguntza.

– Enpresen baliabide propioak indartzea.

Nazioartekotze estrategia

Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze estrategiak lau jarduera-ildo jasotzen ditu:

* Spriren kanpo sarea egokitzea eta birdimentsionatzea (16 buelgotik 13ra igarotzea eta Alemanian bulego bat irekitzea).
* Nazioartekotzearen Euskal Sistema bultzatzea.
* Enpresen nazioartekotze fase bakoitzerako ad hoc tresnak sortzea.
* Giza kapitala arlo honetan trebatzea.

Spriren bulego-sarea egokitzeari eta birdimentsionatzeari dagokionez, Arantza Tapiak iragarri du merkataritza-bulego bat irekiko dutela Alemanian; izan ere, merkatu horri esker jarduera areagotu liteke, bai eta Euskadiren enpresa-egituran enplegua sortu ere.

SPRIren kanpo-sarea: bulego berria Alemanian eta Singapurren

Eusko Jaurlaritza herrialde eta arlo zehatzetan zentratuko da, baliabideak kontzentratzeko eta enpresen nazioartekotzean benetako eragina sortzeko beharra ikusita.

Ildo horretatik, lehentasunez esku hartzeko arloak aukeratu dira, gobernu gisa lan gehiago egiteko, bai eta modu orokorragoan jarduteko beste arlo batzuk ere.

1. lehentasuneko herrialdeak: Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko, Alemania, Txina eta India.

2.lehentasuneko herrialdeak: Brasil, Errusia eta Turkia.

3.lehentasunezko herrialdeak: Vietnam, Indonesia, Malaysia, Singapur, Kolonbia, Peru, Australia eta Hego Afrika.

Jaurlaritza 13 herrialdetan egongo da zuzenean eta 65 herrialdetan eskainiko ditu zerbitzuak. Nolanahi ere, sarea txikitu egin da, alegia, lehen 16 bulego zeuden eta orain, berriz, 13 (Ameriketako Estatu Batuetako bi bulegori eta Poloniako bati uko egin zaie, nahiz eta AEBtan New York-etik zerbitzua ematen jarraituko den eta merkatuan jarraituko dugun), ahaleginak euskal enpresentzako laguntza indartzea beharrezkoa den merkatuetan zentratzeko.

Honako herrialde hauetan ditu SPRIk bulegoak:

AMERIKA: Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko, Brasil, Txile, Kuba, Argentina eta Kolonbia.

EUROPA: Errusia, Txekiar Errepublika, Polonia eta Turkia.

ASIA: India eta Txina.

Alemania, Euskadirentzako merkatu-aukerak

Nazioarteko testuingurua aztertu eta kanpo-sarearen egokitzapen-beharrak baloratu ondoren, komenigarri eta beharrezkotzat jo da Alemanian kanpo-egoitza bat irekitzea.

Nazioartekotzearen Euskal Sistema koordinatzeko partzuergo bat

Eusko Jaurlaritzak partzuergo bat sortzea proposatzen du. SPRIren egituraren barruan egongo da, eta Eusko Jaurlaritzak, 3 foru-aldundiek eta 3 merkataritza-ganberek osatuko dute. Partzuergoaren ardura koordinatzea izango da, eta ez du ez egiturarik ez giza baliabide edo baliabide ekonomiko gehigarririk beharko.

Nazioartekotzearen Euskal Sistemaren helburu nagusia da kanpo-merkatuetako jarduerak euskal enpresen lehiakortasunean duen eragin positiboa handitzea, inplikatutako koordinazio- eta lankidetza-eragileen bidez.

Enpresen nazioartekotze-fase guztietan laguntzea

Bada elementu aipagarri bat enpresak nazioartekotzen laguntzeko lanean; hots, lankidetza-eskema bereizi eraginkorrenak enpresen nazioartekotze-prozesuaren garapen mailaren arabera egokitzeko gero eta behar handiagoa.

Hainbat motatako enpresari bideratutako eskemak antolatuko dira: enpresa esportatzaile berriei (nazioarteko merkatuetan murgildu ez direnak), nazioartean dauden baina ekoizpen-ezarpenik ez duten enpresei eta enpresa multilokalizatuei.

Hauxe da helburua: enpresak nazioartekotze-prozesu batek behar dituen faseetan laguntzea, eta, horretarako, ad hoc neurriak edo tresnak aktibatzea. Azken batean, enpresa bakoitzaren behar zehatzei erantzutea, «nahi erako» nazioartekotzeko laguntza-zerbitzua ematea, honako hauen arabera:

– neurria

– nazioartekotze maila: hasiera, finkapena, ezarpena.

– enpresa eragileen hornitzaileen nazioartekotzea bultzatzea.

– ustiapen-eragiketak diruz laguntzea

Giza kapitala sortzea nazioartekotzean

Enpresa-egitura nazioartekotu eta globalizatua duen ekonomia nazioartekotu eta globalizatu batean, beharrezkoa da egoera horretan trebeziaz esku hartzeko gaitasuna duen giza kapitala izatea.

Helburua: kanpo-merkatuetan diharduten giza baliabideei eta, batik bat, nazioartekotzean diharduen gaitasun handiko giza kapitalari laguntza eta babesa ematea.

Dagoeneko abian dauden tresnak:

– Nazioartekotze bekak: Profesionalak kanpo-merkataritzan eta, oro har, nazioartekotzean trebatzea, euskal enpresek arlo horretako langile kualifikatuak izan ditzaten.
– Mugikortasun bekak: gazteen profesionalizazioa eta nazioartekotzea bultzatzea lanbide-jarduera batekin lotutako praktika egiten atzerrian.

Profesionalak kontratatzea mikroenpresetan eta enpresa txikietan. Langileak jatorrian kontratatzen laguntzea, esportazio-jarduerei hasiera emateko: langile espezialistak aukeratzeko gastuak, soldata. Nazioartekotze- eta mugikortasun-programetan trebatutako bekadunen kontratazioa erraztea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke