Gamesa Eolica-ren Brasilgo esperientziaren berri eman die SPRIk euskal enpresei.

2013ko Abendua 23,


Gamesa Brasil-en erosketa arloko zuzendari Goretti Sampayok bere enpresak Brasilgo Bahia Estatuan izan duen esperientzia azaldu du, eta esan duenez, “Gamesaren estrategia produktu berrikuntzara zuzenduta dago eta berari esker etengabe estreinatu ahal izan ditugu produktu berriak parke eoliko berrietan. Horren froga da Gamesa Eolicaren instalazioek izan duten bilakaera, hasi 87 metroko diametroko paladun G-87 sorgailu eolikoetatik, jarraitu G-90 modeloekin eta C-97 erraldoiraino iritsi arte.

Sampayoren ustez, Brasileko sektore eolikoak negozio aukera handiak eskain diezazkieke euskal enpresei, “ez bakarrik enpresa handiei, baita ere ETEei”, baina Brasilen kokatu nahi duten enpresei gomendatzen die “egin dezatela merkatu azterketa sakon eta zehatz bat, ondo jakiteko zeintzuk diren landu nahi duten sektorearen ezaugarriak, esaterako, produktibitatea, lan-hitzarmenak eta azken bost urteetako soldaten berrikuspenen historiala. Horiek ezagutu ondoren hobeto jakingo dugu zein girotan mugituko den benetan gure enpresa”.

Sektore eolikoko hornitzaile izan nahi duten enpresen kokalekuari dagokionez, Sampayok dio “ekoizleei jarraitu beharra dagoela”, eta ekoizleak sektore horren alde apustu egiten ari diren Brasilgo Estatuetara ari direla mugitzen. “Brasilen badira hiru Estatu oso lerratuak sektore eolikoaren garapenera: Bahia, Pernambuco eta Rio Grande do Norte. Estatu horietan enpresek laguntza handia jasotzen dute erakunde publikoen aldetik, oso laguntza profesionala da, eskuraerraza, eta erakundeak ere oso kontaktaerrazak dira. Estatu horiek enplegua eta garapen teknologikoa bultzatu nahian dabiltza eta horregatik beste Estatu garatuago batzuk baino ahalegin handiagoa egiten ari dira”.

“Bahian izan dugun esperientzia ikusita, eskerronez beteta gaude Bahia Estatuko Gobernuko Industria eta Meatzaritza taldeak laguntza handia eman digulako sektoreko sindikatuekin akordioak sinatzeko”. Bahian, “ETEek badituzte zerga-pizgarriak eta kontaktu onak sektore eolikoan espezializatutako eskola profesionalekin, behar dituzten espezialistak hornituko dizkietenak eta erraztasun handiak emango dizkietenak bertan kokatzeko”.

Anekdota gisa Goretti Sampayok esan du “sektore eolikoak Brasilen duen abantaila handiena hango haizea dela, irudi bailuke haize perfektua diseinatu dutela, beti norabide berdinean jotzen duena eta oso jarraikia. Oso haize onak dira, eta ederki osatzen dute energia hidraulikoa elikatzen duen euria, zeren euria ari duenean ez baitabil haizerik, eta alderantziz. Merkatua badago eta gero eta sendoagoa gainera, baina Brasilgo erronka handiena kostuak dira”.

Sorgailu eolikoak ekoiztea eta haize-parkeak garatzea da Gamesaren lanaren ardatza. Ez ditu ustiatzen parke eolikoak, hori elektrizitate sektoreko enpresek egiten baitute. Gamesa dugu Brasilgo garapen ekonomikoaren ardura daukan BNDES-Banco Nacional Do Desenvolvimento bankuaren auditoria gainditu duen bost enpresetariko bat. BNDES-i laguntza ekonomikoa eskatzen dioten enpresa guztiek FINAME kodea bete behar dute. Kode hori Mailakako Nazionalizazio Planaren (PNP) barruan dago, eta plan horren helburua da Brasilgo industria garatu eta babestea kodigo bat aplikatuz, zeinaren bidez “pisua” eta “bolumena” eman behar zaien Brasilgo osagai eta produktuei parke eolikoak eraikitzean.

Jardunaldia 2013ko Abendua 16 izan zen. Sartuflecha

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke