SPC euskal konpainiak umeentzako robot hezitzaile bat diseinatu du

2017ko Otsaila 01,

AirBlock robota lur gainean, uretan zein airean mugi daiteke

Gailua guztiz programagarria da eta lur gainean, uretan zein airean mugi daiteke

 

SPC teknologia-enpresa arabarrak, software eta hardware askeko Makeblock plataformaren lankidetzaz, hiru girotan –lehorrean, uretan eta airean– erabiltzeko moduko robot hezitzaile bat garatu du.

 

AirBlock deritzon gailua robot modular eta programagarria da, blokekako programazioan oinarritutako interfaze grafiko baten laguntzaz umeei programatzen irakastea helburu duena.

 

Robotak magnetikoki elkar daitezkeen hainbat modulu ditu, eraikuntza azkarra eta erraza bermatzeko.

 

AirBlock polipropileno hedagarriaz eginda dago. Inpaktuak xurgatzen dituen material arin honi esker, robota arras egokia izan daiteke barrualdean hegan erabiltzeko (Drone moduan) nahiz lur gainean (Spider moduan) edo uretan (Hovercraft moduan) mugitzeko.

 

Robota DIY (Do it yourself-Zuk zeuk egin) delako joeran oinarrituta dago. Erabiltzaileak nahi dituen eraikuntzak sor ditzake, inongo mugarik gabe, gerora SPCk eta Makeblock-ek eskaintzen dituzten egitura osagarriez handitzeko aukerarekin.

 

Kontsumo-gailu adimendunetan espezializatuta dagoen konpainia honek 27,4 milioi euroko diru-sarrerekin itxi zuen iazko ekitaldia.

 

Iturria: Euskadi Tecnología

 

 

AirBlock robotaren aurkezpen bideoa



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke