ES | EU


2017ko Urtarrila 26


Nazioarteko proiektuaren Chapter bat sortu da Bilbon.

 

Singularity University Silicon Valley-n kokatutako ekimen bat da, helburutzat daukana mundu osoko ekintzaileak ahalduntzea, konponbide berri eta disruptiboak bilatzeko erronka globalentzat. Diego Soroak, unibertsitate horretako Global Solutions Program-en dagoeneko parte hartu duenak, Singularity U Bilbao gunea bultzatu du beste ekintzaile batzuekin batera. Joan den urtarrilaren 19ko aurkezpenean Global Impact Challenge ikastaroa ere eman zuten ezagutzera, eta une honetan zabalik dago izena emateko epea.

 

Zer da Singularity University?

 

Nire ikuspegitik azalduko dizut. Beti egin izan ditut proiektu arraro samarrak, eta aurkeztean, askotan esan izan didate: “zeinen proiektu polita, izugarri gustatuko litzaiguke egitea, baina erakutsidazu non egin den proiektu hau”. Horrelako jarrerak oso kaltegarriak dira berrikuntzarentzat, eta proiektu asko ez dira aurrera ateratzen arriskuak murrizten saiatzeagatik.

 

Singularity University ez da unibertsitate bat, baizik eta think tank moduko bat da, non ikuspegi oso zabaletik pentsatzen baita, gizateriaren erronka handiei konponbide berriak bilatzeko. Han ongi-etorriak dira ideia disruptiboak dituzten pertsonak eta gainera bultzatu egiten dituzte horrelako proiektuak, prestakuntza eskainiz eta antzeko pentsaera duen mundu osoko jendearekin harremanetan jarriz. Niretzat zaplazteko bat da etsipenari, eta ate ireki bat itxaropenari.

 

Hori nola jartzen da praktikan?

 

Singularity University-k hainbat programa dauzka, eta Global Solutions Program da horietako bat. 10 astez harremanetan zaude sektore osoak goitik behera aldatzeko gaitasuna duten teknologia disruptiboetako adituekin, eta azken fasean, negozio proiektu bat egin behar da taldeka, gai izango dena erronka handi bati erantzuteko teknologia disruptiboen bidez. Helburua da inpaktu positiboa sortzea 10 milioi lagunentzat. Metrika oso probokatzailea da, pentsaera guztiz aldarazten dizuna.

 

Nola sartzen da programan?

 

Sartzeko bi modu daude. Bata, Global Impact Challenge lehiaketaren bidez. Estatu mailan egiten da mundu osoko herrialdeetan, eta guk urtarrilaren 19an aurkeztu genuen Bilbon. Bestela, zuzenean eskatu behar da. Lehiaketan izena emateko epea zabalik egongo da otsailaren 21era arte, eta zuzenean eskatzeko epea otsailaren 13an amaituko da. Bi prozesuak batera egin daitezke, eta gainera, komeni da bi bideak erabiltzea.

 

Global Impact Challenge lehiaketa sustatzeaz gain, zer gehiago egin nahi duzue Chapter Bilbao gunean?

 

Singularity unibertsitatetik igarotako edo behinik behin pentsaera berdineko jende-multzo bat gara, elkartu egin garenak gu bezalako pertsonak eta proiektuak identifikatzeko eta euren bidea errazten saiatzeko. Hala, nazioarteko Singularity sarearekin harremanetan jarriko ditugu, baina baita ere tokiko agente eta adituekin. Niretzat horixe da zehar-balio interesgarriena, talentuekin konektatzea eta pentsaera berbera duten pertsonen sare bat finkatzea.

 

Nola egingo duzue hori?

 

Bilerak antolatuko ditugu, oraingoz hilean bizpahiru, tokiko testuinguruan oso interesgarriak diren gai jakin batzuei buruz. Gure kasuan, energia, food&tech eta silver economy izango dira. Orobat antolatuko ditugu startup-entzako programak eta ekitaldiak, hackatoiak, onlineko prestakuntzak… Nahiz eta irabazi asmorik gabeko proiektu bat garen, babesle berri bila gabiltza horrelako ekintzak garatu ahal izateko.