Europako finantzaketa eskuratu duten I+G-ko sei kasu arrakastatsu

2014ko Ekaina 18,


Euskal enpresek azaldu dute nola eskuratu dituzten I+G-rako Europako laguntzak. 2020ra arte luzatuko den programa berriak 77.000tik gora milioiko finantzaketa aurreikusi du arlo horretan. Ekitaldian baita ere aurkeztu dute “Euskal I+G+b Europan, Koaderno Estrategikoa”.

Arantza Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, adierazi du Euskadiren helburua dela 2.000tik gora proiektutan parte hartzea eta 800 milioi euroko finantzaketa lortzea.

“Epe luzeko estrategia bat behar dugu, eta ez dugu bakarrik kontuan hartu behar enpresak nahi duena, baita ere herrialdeek eta Europak nahi dutena” esan du CAF enpresako Jose Gortazarrek.


IMG_2835[1]

Jende ugari ihardunalditan.

Hegazkinen turbinetarako piezak, itsasoko energia eolikoa egiteko azpiegiturak edo bioteknologia arloko ikerketa. Horra I+G-rako finantzaketa europarra lortu duten kasu arrakastatsu batzuk. Asteazken honetan eman dira ezagutzera Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, SPRI-enpresa agentziaren bidez, eta Innobasque-k antolatu  duten jardunaldian.

Arantza Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, esan du Horizon 2020 programa “aukera bikaina dela euskal ETEentzat”, 77.000tik gora milioi euro eskaintzen baititu Europako proiektuak finantzatzeko. “Gure helburua da 2014tik 2020ra Euskadik 2.000tik gora proiektu europarretan parte har dezala eta 800 milioi inguruko finantzaketa eskuratzea Europatik”. Sailburuak azpimarratu duenez, kopuru horrek ia bikoiztu egingo du 2007-2013 bitarteko planarekin lortutakoa (460 milioi euro). Bestalde, ekitaldian “Euskal I+G+b Europan, Koaderno Estrategikoa” aurkeztu da.

Epe luzeko estrategia bat behar dugu, eta ez dugu bakarrik kontuan hartu behar enpresak nahi duena, baita ere herrialdeek eta Europak nahi dutena” esan du Jose Gortazarrek,CAF enpresako teknologia zuzendariak, CAF izan baita aurkeztutako sei kasu arrakastatsuetako bat.

ITP enpresako Mikel Espartak hegazkinen turbinetarako piezak egiteko proiektua azaldu du, horrekin lortu baitzuten Europako laguntza. “Orain Europako 14 proiektutan sartuta gaude eta departamendu propioak dauzkagu I+G+B-ko proiektuetarako”.

Kate handiak fabrikatzen dituen Vicinay konpainiako Jonathan Fernándezek nabarmendu du 20 urte daramatzatela Europako I+G-ko proiektuetan parte hartzen eta horiei esker dozena erdi bat proiektu gehiago lortu dituztela. Horietako batetik olatuen energiarekin lotutako bi spin-off atera dira.

Europatik 1,5 milioi jaso dituen CIC bioGUNEko Arkaitz Carracedok azpimarratu du “Euskadik abantaila bat duela,  aurrekaririk gabeko hedapena izan duelako bioteknologian”, baina, halere, apustu sendoa egin du proiektu arriskatuak sustatzearen alde.

Serafín de la Conchak, CDTIko EBko Programen Saileko buruak, esan du 2020ra arteko programaren bidez euskal enpresek inoiz baino diru-laguntza gehiago lor ditzaketela hainbat esparrutan, esaterako, “orain arte existitzen ez ziren” fabrika pilotuetan edo berrikuntzan, eta berrikuntzako laguntzak, gainera, %70erainokoak direla. Europako programak badu beste nobedade bat ere: ETEek bakarka garatu ditzakete proiektuak, partzuergoetan sartu gabe. “Badaude baita ere berme pertsonalik edo enpresa bermerik gabe hiru milioi euroko finantzaketa ematen duten tresna berriak: lehia handia izango da, baina aukera aparta da”. De la Conchak esan du enpresek ez dutela soilik finantzaketa bilatu behar. “Denbora galtzea litzateke. Proposamenak egitekotan, izan daitezela onenak”.

Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategia zuzendari Leire Bilbaok esan du Europako I+G+B-ko plan berriak %15etik %20ra igo duela ETEentzako finantzaketa, eta hori funtsezkoa da Euskadirentzat, enpresa-sarearen %90 konpainia txiki eta ertainak direlako. 2007-2013 urteen arteko programan 301 enpresak parte hartu zuten eta 460,6 milioiko finantzaketa lortu zuten. Leire Bilbaok esan du 2020ra arteko plan berriarekin Euskadiren helburua dela 805 milioi euroko finantzaketa lortzea. “Proposatzen duguna da gure presentzia bikoiztea Europako erronka sozialak konponduko dituzten proiektuetan, sistema zientifiko-teknologikoaren parte hartzea handitzea oinarrizko ikerketa bikainetan eta euskal ikerlarien mugikortasuna areagotzea”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke