OWL enpresak akordio bat sinatu du Galmed Pharmaceuticals konpainiarekin gibelerako farmako bat garatzeko

2015ko Uztaila 09,

spri_ris3_owl
OWL.

OWL euskal enpresa bioteknologikoa mundu mailako liderra da gibeleko gaixotasunen diagnostikorako metabolomika tekniken erabilpenean, eta baita ere industria farmazeutikoarentzako I+G zerbitzuen eskaintzan. Gaur iragarri duenez, lizentzia eta ikerketa akordio bat sinatu du Galmed Pharmaceuticals Ltd. konpainiarekin, eta beste akordio bat partaidetzak erosteko aukera ematen diona. Galmed enpresa horrek Nasdaq-en kotizatzen du, alegia Estatu Batuetako balore burtsa elektroniko eta automatizaturik handienean, 3.800dik gora konpainia eta korporaziorekin batera. Israelgo enpresa biofarmazeutiko bat da eta Aramchol garatzen du, ahotik hartzen den pilula bat gibeleko gaixotasunak tratatzeko eta diagnostiko ez inbaditzaileak egiteko.

Lizentzia eta ikerketa akordio horren arabera, OWL eta Galmed enpresak lankidetzan arituko dira Aramchol produktuaren IIb ikerketa fasean (ARREST) test ez inbaditzaile bat garatzeko. Test horrek bio-markagailu metabolomiko bakarrak izango ditu eta eurei esker posible izango da  Aramchol-en erantzun terapeutikoa aurreikustea. Aramchol ahotik hartzen den eguneroko tratamendu bat da, Esteatohepatitis ez alkoholikoa (edo NASH, bere ingelesezko akronimoz) osatzea helburu duena.

Aramcholen “companion diagnostic” hau garatzearen helburua bikoitza da. Batetik, Aramchol pilularentzako laguntza-diagnostiko bat merkaturatzea; produktu horrek gaixotasuna diagnostikatzeko eta tratamenduaren eraginkortasuna ebaluatzeko egin behar izaten den biopsia hepatikoa ordezkatuko du eta horri esker Aramchol askoz hobeto sartuko da merkatuan. Bestalde, Aramchol farmakoaren III. faserako NASH gaitza duten pazienteen hautaketa prozesua hobetzea.

Lizentzia akordioaren baldintzetan, OWL enpresak bere jabetzako “companion diagnostic” bat egingo du Aramchol pilularentzat. Prozesua Galmed enpresak ko-finantzatuko du 437.000 eurorekin ARREST azterlana egiten den bitartean, eta adostutako mugarri batzuk lortu ahala itzuliko da diru hori. Behin merkaturatu ondoren, OWLek eskubidea izango du garatutako diagnostiko produktuaren salmenten %10eko royaltyak jasotzeko.

Horrez gain, beste akordio bat formalizatu da  Galmed konpainiak OWLen kapitalean duen parte-hartzea arautzeko, proiektuaren funtsezko bi mugarrirekin lotutako akzioak erosita. 75.000 euroko lehen ordainketa ARREST azterlanaren interim analisia osatu ondoren egingo da, aurreikuspenen arabera 2016. urtearen lehen erdian. Gainerako 100.000 euroak, berriz, ARREST azterlana burutu ondoren ordainduko dira. OWLen egingo den inbertsio osoa 175.000 eurokoa izango da, konpainiak egin duen azken balorazioaren arabera. Azkenik, OWLek konpainiaren %19,9raino erosteko aukera eman dio Galmed-i.

Hainbat urtetako lankidetzaren ostean, gaur jakinarazi den akordioak bi konpainiak indartuko ditu NASH gaitzaren eta gibeleko beste gaixotasun batzuen tratamenduan eta diagnostikoan lider izateko lasterketan.

“Gure ikerlari taldea harro dago hain interesgarria eta berritzailea den Aramchol pilularen garapen klinikoan inplikatuta egoteagatik. OWLen ziur gaude oso sinergia positiboa sortuko dela Galmed enpresarekin, eta beste proiektu batzuetarako ere baliatuko dugula harreman hori. Baldintza esperimentalik onenak eskaintzen dituen ARREST entseguan eginiko azterlan metabolomikoei esker, OWLiver® (NASH diagnostikatzeko gure test ez inbaditzailea) testaren zehaztasuna hobetu ahal izango da, eta pazienteek Aramchol pilularekiko duten erantzunarekin lotutako markagailuak ere identifikatuko dira. Espero dugu FDA eta EMA organismo erregulatzaileek kontuan hartuko dutela metabolomikatik eginiko hurbilketa hau, teknologia indartsu horrek inpaktu handia izan baitezake NASH tratamendu berrien erabilpen arrazionalean”, esan du Pablo Ortizek, MD. PhD., OWL enpresako zuzendari nagusiak.

“NASH duten paziente kopuru zabala diagnostikatu eta tratatu ahal izateko ezinbestekoa da Galmed-ek ikuspegi kolaboratiboa barneratzea. Komunitate mediko eta zientifikoaren arteko lankidetza erabakigarria da diagnostikorako tresna baliozkotuak eta ez-inbaditzaileak aurkitzeko.  Argi dago gaur egun NASH diagnostikatzeko erabiltzen den erreferentziazko metodoa -biopsia hepatiko inbaditzailea- zaharkituta geldituko dela datozen urteetan, eta ez da jarraipenerako baliozko tresna izango medikuentzat. Galmed prest dago lidergoa hartzeko hala NASHaren tratamenduan nola diagnostikoan”, esan du Allen Baharaff, Galmed enpresako presidente eta kontseilari delegatuak. “OWL mundu mailako liderretako bat da metabolomika arloan, eta lankidetza-hitzarmen hau mugarri garrantzitsua da gure garapen klinikoko planean”, esan du bukatzeko.

Bi zuzendaritza karguak bat datoz: “Lankidetza hau lehen urratsa baino ez da Aramchol pilularekiko erantzun indibiduala aurreikusi dezaketen biomarkagailuak identifikatzeko bidean, eta hori kritikoa da emaitza terapeutikoak optimizatuko dituzten estrategia pertsonalizatuak garatzeko”.

OWL enpresak metabolomikan oinarritutako diagnostiko laguntzaile bat garatzeko sinatzen duen lehen akordioa da hau, beti ere zehaztasunezko medikuntza pertsonalizatuko estrategia baten markoan. OWLek gibeleko gaixotasunen esparruan daukan esperientzia zabala dela medio, posizio bikainean dago farmakoekiko erantzun-markagailuak identifikatzeko eta pazienteak estratifikatzeko lankidetza estrategiko honi ekiteko.

OWL S.L.ri buruz

OWL Derion kokatutako konpainia bioteknologiko pribatu bat da, gibeleko gaixotasunentzako eta beste gaixotasun metaboliko batzuentzako diagnostikoen ikerketan eta analisi garapenean lan egiten duena metabolomika aplikatuz. Une honetan bere helburua da mundu osora merkaturatzea OWLiver® (NASH gaitzarentzako diagnostiko test ez-inbaditzaile bat), bai eta gibelaren bilakaerako aldaketa histopatologiko desberdinen edo NAFLDen markagailu metabolomikoak identifikatzea. Horretarako, ospitaleekin, gibelaren arloko ikerketa zentroekin, talde bioteknologikoekin eta industria farmazeutikoarekin lankidetzan ari da.

 

Galmed Pharmaceuticals Ltd.i buruz

 

Galmed Israelgo konpainia biofarmazeutiko bat da, gibeleko gaixotasunentzako ahotik hartzen den tratamendu berritzaile bat garatzen eta merkaturatzen duena gantz azidoen / behazun azidoen konjugatuetan (fatty-acid/bile-acid conjugates, FABACs) oinarritutako molekula berritzaileen familia propio bat erabiliz.  Aramchol izeneko bere produktuak badu potentziala gibeleko gaixotasunen bilakaera aldatzeko, tratamendu medikorik ez duen NASH gaixotasun kronikoarena barne.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke