Luis Liz-Marzán, American Chemical Society aldizkari zientifikoko editore berria

2016ko Martxoa 30,

Luis Liz-Marzán
Luis Liz-Marzán, CIC biomaGUNE zentroko zuzendari zientifikoa.

American Chemical Society (ACS) elkarteak Luis Liz-Marzán, CIC biomaGUNE zentroko zuzendari zientifikoa eta Ikerbasque programako ikerlaria, izendatu du onlineko ACS Omega zientzia-aldizkari berriaren editore nagusi izateko. Hala, onlineko aldizkaria zuzenduko duten eta ildo editoriala definituko duten nazioarteko adituen taldean sartu da Liz-Marzán. Izendapen horrekin areago indartzen da euskal ikerketa zentroko zientzialari arduradunaren nazioarteko sona.

 

ACS Omega aldizkaria datorren udatik aurrera irakurri ahal izango da Internet bidez eta diziplina anitzeko aldizkari zientifikoa izango da. Ez da bertan argitaratuko besterik salbu kalitate zientifiko handiko ikerketa-artikuluak, maila bereko zientzialari batzuek aurretiaz berrikusiak. Editore batzordeko kideak ibilbide ezaguna duten ikerlari aktiboak izango dira, Kimikan, Ingeniaritza Kimikoan nahiz Kimikarekin lotutako diziplina-arteko beste esparru zientifiko batzuetan ari direnak.

 

Ezagunak dira nazioartean Luis Liz-Marzánek egin dituen ikerketak nano-partikulen eta nano-plasmonikan

CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoa ACS Omega aldizkariko editore nagusi izendatua izan da ikerlari hauekin batera: Ganesh Krishna, Indiako Zientzia, Hezkuntza eta Ikerketa Erakundeko zuzendaria; Deqing Zhang, Txinako Zientzien Akademiako Kimika Institutuko zuzendaria; eta Cornelia Bohne, Victoriako Unibertsitateko (Kanada) Kimikako irakaslea. Hasierako editore nagusi talde honek definituko du aldizkari berriaren ildo editoriala, eta berak aukeratuko ditu hurrengo etapetarako editore berriak.

 

Ezagunak dira nazioartean Luis Liz-Marzánek egin dituen ikerketak nano-partikulen sintesi eta muntaian, nano-partikuletan oinarritutako detekzio metodoen eta diagnostiko tresnen garapenean, eta nano-plasmonikan (fenomeno optikoen azterketa nano eskalan). Berrikitan, Thomson Reuters enpresak (nazioarteko erreferentzia argitalpen zientifikoen esparruan) bere Highly Cited Researchers izeneko zerrendan sartu du, nazioartean gehienik aipatzen diren ikerlarien zerrendan alegia.

 

 

 

American Chemical Society

 

American Chemical Society (Estatu Batuetako Kimika Elkartea) erakundeak Estatu Batuetan du egoitza eta Kimikaren esparruko ikerketa zientifikoa babesten du. 1876an sortu zen New Yorkeko Unibertsitatean eta une honetan 160.000 kide inguru ditu, denak ere Kimikak bere baitan hartzen dituen espezialitateetan adituak.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke