CIC biomaGUNEko hiru ikerlari nazioarteko zientzialari aipatuenen Thomson Reuters zerrendan

2016ko Otsaila 16,

spri_ris3_cicbiomagune investigadores
Hiru ikerlari aipatuenak.

CIC biomaGUNEko hiru ikerlari ageri dira nazioarteko ikerlari aipatuenak aitortzen dituen Highly Cited Researchers (HCR) zerrendaren azken edizioan: Luis Liz-Marzán, Wolfgang Parak eta Maurizio Prato. Argitalpen zientifikoen arloan nazioarteko erreferente den Thomson Reuters enpresak egiten du zerrenda hori  eta bertan egoteak  nazioarteko aitortza eta ospea ematen die Donostiako Ikerketa Kooperatiboko Zentroan (bio-materialen berrikuntzan espezializatua) lan egiten duten ikerlariei.

Luis Liz-Marzán CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoa eta Ikerbasque programako ikerlaria da (programa horren helburua da talentua Euskadira erakarri eta atxikitzea). Bere ikerketak ezagunak dira nazioartean: nano-partikulen sintesia eta muntaia, nano-partikuletan oinarritutako detekzioaren eta diagnostiko tresnen garapena eta nano-plasmonika (fenomeno optikoen azterketa nano eskalan). Luis Liz-Marzán Kimika eta Materialen Zientzia ataletan dago Highly Cited Researchers zerrendaren barruan. Liz-Marzánek Santiago de Compostela Unibertsitatean egin zuen Zientzia Kimikoen doktoretza eta Utrechteko Unibertsitateko (Herbehereak) Van’tHoff laborategian doktoretza ondorengo lana. Sari ugari irabazi ditu zientzia arloan, esaterako, Ikerketaren Humboldt Saria (2010), Zientziaren Dupont Saria (2010), Burdinola Saria (2011), ECIS-Rhodia Saria (2013), Kimikako Espainiako Errege Sozietatearen Domina (2014) eta Oinarrizko Ikerketaren Jaime I.a Erregea Saria (2015). Liz-Marzán katedraduna da Vigoko Unibertsitatean (orain eszedentzian dagoen arren) eta irakasle gonbidatu izan da mundu osoko unibertsitate nahiz ikerketa erakundeetan.

Wolfgang Parak CIC biomaGUNEko Nano-partikulen Bio-ingeniaritza eremuko burua da 2013tik. Fisikako doktoretza egin zuen Municheko (Alemania) Ludwig Maximilians (LMU) unibertsitatean eta Fisika Esperimentaleko katedra eskuratu zuen Marburg-eko (Alemania) Philipps unibertsitatean. Parak-ek ekarpen handiak egin ditu nano-materialen aplikazio biologikoen arloan, eta espezialista ospetsua da nano-materialak organismo bizien barnean erabiltzeari eta nano-materialekin aplikazio mediko berriak garatzeari dagokionean. Materialen Zientzia atalean dago Highly Cited Researchers zerrendan.

Maurizio Prato CIC biomaGUNEko Karbonoaren Nano-bio-teknologia eremuko burua da 2015etik, eta bertan garatzen du Ikerbasque programako bere ikerlari lana. Bere nazioarteko ospea berresten duten hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Federchimica Saria (1995), Italiako Kimika Sozietatearen Ikerketa Sari Nazionala (2002), Angelo Mangini Domina (2009), Materialen Zientzia arloko Blaise Pascal Domina (2013), Europako Zientzia eta Arteen Akademiak emana, eta Giulio Natta Oro Urrezko Domina (2014), Italiako Kimika Sozietateak emana. 2013tik ohorezko irakaslea da Prato Xi’an hiriko (Txina) Jiaotong unibertsitatean eta 2014an Materialen Zientzia eta Teknologiaren honoris kausa doktoretza eskuratu zuen Erromako TorVergata unibertsitatean. Kimika atalean dago Highly Cited Researchers zerrendan.

Nazioarteko sona duen zerrenda

Thomson Reuters argitalpen zientifikoen edizio-etxeak Essential Science Indicators sistemak baliozkotutako txosten ofizial guztiak erabiltzen ditu adierazle gisa Highly Cited Researchers zerrenda osatzeko. Baliabide analitiko horrek errendimendu zientifikoa ebaluatzen eta sailkatzen du, eta mundu osoko 8.500 argitalpen inguru barne hartzen ditu. Hala, zerrendan sartzeak sona handia ematen die lehendik ere ospetsu diren ikerlariei,  aipuak beren esparru zientifikoetako beste ikerlari batzuenak direlako.

CIC biomaGUNEri buruz

CIC biomaGUME, Bio-materialen Ikerketa Zentroa, Donostiako Teknologi Parkean dago kokatuta, eta abangoardiako ikerketak egiten ditu Kimikaren, Biologiaren eta Fisikaren arteko bidegurutzean, arreta berezia eskainiz eskala molekularreko nano-egitura biologikoen propietateei eta izan ditzaketen aplikazio bio-medikoei.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke