CAF, Petronor eta IKOR, CIC nanoGUNEko bazkide gaurdanik

2015ko Ekaina 15,

Edificio de CICnanogune.
Cic Nanogune bulegoak

Hiru eragile industrial horien partaidetzari esker, ezagutza eta teknologia transferitzeko estrategia sendotuko du ikerketa-zentroak. Bestalde, zentroaren xede estrategikoa ere indartuko du puntako hiru enpresa horien partaidetzak, bai eta industriarekin eta industriarako egiten duen lana ere.

 

Enpresa-alorreko hiru bazkide berri ditu, gaurdanik, CIC nanoGUNE ikerketa kooperatiboko zentroak. Puntako enpresak dira hirurak (CAF, Petronor eta IKOR), eta Euskal Herriko garapen industrialerako estrategikoak diren alorretan jarduten dira; bestalde, hirurek babesten dute nanoGUNEren lana bikaintasuneko ikerketaren arloan, zeinaren xedea baita Euskal Herriko ekonomiaren hazkuntza eta enpresen lehiakortasuna areagotzea. Honenbestez, nanoGUNEko zuzendaritza-batzordeko partaide bihurtu dira hiru enpresa horiek.

2009an sortu zen nanoGUNE zentroa eta, harrezkeroztik, aitzindari izan da nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorreko ikerkuntzan. Jakintza-alor ugaritan jardun ohi da, aplikazio industriala hurbileko duten eremuetan betiere. 2015era arte egindako ibilbideari esker, puntako zentro bihurtu da nanoGUNE nazioarteko nanozientzia-arloko ikerketan, horretarako behar zituen giza baliabideez eta azpiegiturez hornituta. Teknologia berriak bultzatzeko ere baliatu du zentroak ibilbide hori, eta oinarri nanoteknologikoko enpresa berriak sortzeko; besteak beste, Graphenea, Simune, Ctech-nano eta Evolgene. Euskarri horiek abiapuntu harturik, nanoteknologian oinarritutako hazkunde lehiakorra dakarten jarduerak ditu orain xede nanoGUNEk, bere ikerketa-proiektuetako bikaintasun-mailari eutsiz, betiere.

Enpresa-eragileen aholkularitza eta esku-hartzea bereziki garrantzitsuak ditu zentroak fase berri honetan: nanoteknologiak eta nanozientziak eskaintzen dituzten garapen berriei ahalik eta etekin handiena atera diezaiekete enpresek, eta haien merkatu-ikuspegiaren onurak bereganatu nanoGUNEko ikerketa-taldeak.

Ezagutzaren eta teknologiaren transferentzia

 

CAF, Petronor eta IKOR enpresak nanoGUNEko bazkide egitearen arrazoi nagusia hauxe da: goi-mailako aditu industrialak behar ditu zentroak ezagutzaren eta teknologiaren transferentzia-estrategia sendotzeko. Zalantzarik gabe, zentroaren xede estrategikoa sendotu egingo du hiru enpresek Eusko Jaurlaritzaren espezializazio adimenduneko RIS3 estrategiaren lehentasunezko zenbait arlorekin duten konpromisoak, eta indartu egingo du industriarekin eta industriarako egiten duen lana.

Mundu osoan aitortzen da jada nanozientziaren eta nanoteknologiaren potentziala, “baina izugarria da, oraindik ere, ikerketaren eta merkatuaren arteko aldea”, dio nanoGUNEko zuzendari nagusiak, José María Pitarkek. “Azken urteotan, ordea, aldatzen hasiak dira gauzak. Eremu berriak dira oraindik ere, baina etengabe ari da areagotzen haiekiko interesa, eta sektore industrial guztietan daude jada zenbait produktu eta prozesu, komertzialki bideragarriak”. Europako Batzordearen kalkuluen arabera, 2009az geroztik urtean % 50 hazi da oinarri teknologikoko produktuen merkatu orokorra, eta trilioi bat eurotik gorakoa da jada. “Dena dela, merkatuaren tamaina alde batera utzita, Euskal Herriarentzat garrantzizkoena zera da: gure ekonomiaren oinarri diren sektore industrial asko hobetzeko funtsezkoa dela nanoteknologia”, azaldu du Pitarkek. “Ez gara nanoteknologiaren garapen orokorretik bazterrera geratu, eta alor horretan egin den inbertsio handiaren lehenbiziko emaitzak ikusten ari gara jada”.

 

 

 

 

 

 

CIC nanoGUNE

Donostiako nanoGUNE Ikerketa Zentro Kooperatiboa xede honekin sortu zen: nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean bikaintasuneko ikerketa egitea, Euskal Herriaren hazkuntza ekonomikoa eta lehiakortasuna areagotzeko.

CAF

Fidagarritasun handiko eta puntako teknologiako tren-material gurpildunen fabrikazioan eta hornikuntzan mundu osoan aitzindari izatea du xede 1917an sortutako euskal enpresa honek. Webgunea: www.caf.es

Petronor

Petrolio-produktuak eta -deribatuak fintzea eta merkaturatzea du helburu 1968an sortutako euskal enpresa honek. Etengabeko hobekuntza du xede gaur egun, nazioarteko merkatuan lehiatzeko eta euskarri duen ingurunera itzultzeko bere arrakastaren emaitzak. Webgunea: www.petronor.com

 

IKOR

Diseinu, garapen eta fabrikazio elektronikoko zerbitzu integralak (EMS) eskaintzen ditu, mundu osoan, euskal konpainia honek, eta azken produkturako elektronika “core” duten sektoreentzat jarduten da batez ere. Webgunea: www.ikor. es

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke