4.0 industria garatzeko gakoak

2015ko Ekaina 10,

spri_ris3euskadi_Industria4.0
Alex Arriola, ihardunaldian.

Adituak eta enpresariak bat datoz esatean konpainiek ez dutela ongi zehaztu nola sartuko diren iraultza industrial berri honetan. Bilbon eginiko jardunaldi batean, Alexander Arriolak, SPRI Taldeko zuzendariak, 4.0 industriaren abantailak defendatu ditu. “Ez dugu uste enplegurik suntsituko denik. Baliagarria izango da lanerako oinarri prestatuago eta espezializatuago bat edukitzeko. Eta enplegu lehiakorragoa sortuko da”. Liher Irizarrek, Vidrala enpresako I+G-ko zuzendariak, uste du enpresek oraindik “beldurra dutela I+Gn arriskatzeko. Erosotasun eremutik irten behar da”. “Epe labur-ertainean pertsona defizita izango dugu, behar dugun profila guztiz desberdina izango delako orain 5 urte behar genuenaren aldean”, dio Manuel Salaverriak, Gaia klusterreko presidenteak.

Asteazken honetan Bilbon egin den jardunaldian hainbat giltzarri eman dira euskal enpresek 4.0 industria gara dezaten, hau da, teknologia berriak txerta ditzaten produkzio prozesuetan, prozesu horiei adimena eransteko eta hartara produktu berriak eskaintzeko eta lehiakortasuna hobetzeko. Eusko Jaurlaritza guztiz inplikatuta dago iraultza industrial honetan eta etorkizuneko eredu bezala sustatu nahi du.

Expansión egunkariak eta Sisteplant enpresak antolatutako jardunaldi horretan parte hartu du SPRI Taldeko (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako agentziako) zuzendariak, Alexander Arriolak, zeinak esan duen: “4.0 iraultzari esker produktu berriak sortuko ditugu eta garatuko diren negozio eredu eta produktu berrietara iritsiko gara”.

Arriolak esan du SPRIren laguntza-programa berriak (Basque Industry), dagoeneko 18 proiektu erakarri dituela, eta 4.0 industriaren abantailak defendatu ditu. “Ez dugu uste enplegurik suntsituko denik. Kasu batzuetan pertsona ordezkatuko da, beste aurrerapen batzuek egin duten bezala, baina baliagarria izango da lanerako oinarri prestatuago eta espezializatuago bat edukitzeko. Eta enplegu lehiakorragoa sortuko da”.

SPRI Taldeko zuzendariak azpimarratu du Jaurlaritzak “irmo defendatzen duela iraultza berri hau. Eta ez gaude bakarrik: klusterrek eta enpresek laguntzen digute proiektu honekin aurrera jarraitzen”.

Jardunaldian bi eztabaida egin dira eta hainbat aditu jardun dira bietan. Bietan aztertu dituzte iraultza industrial berri honek dakartzan erronkak, bai teknologiari, bai pertsonei dagokienez.

Sisteplant enpresako kudeatzaile Alfonso Ganzabalek azaldu duenez, bere konpainia hasi da bere burua birdiseinatzen 4.0 industriarako, eta bere ustez oso garrantzizkoa da “ongi jakitea zein den gure norabidearen funtsa”.  Tecnalia-ko Industria eta Garraio Saileko zuzendari Agustin Saenzek azpimarratu du teknologia “ez dela helburua, baizik eta bitarteko bat”, eta onartu du enpresek “ez dakitela nondik sartu 4.0 industriara”.

Vidrala enpresa sektoreko lehena izan da bere produkzioan irrati frekuentzia teknologia sartzen, eta bere I+G arloko zuzendari Liher Irizarrek adierazi du enpresak oraindik “beldur direla I+Gn arriskatzeko. Erosotasun eremutik atera behar da. Komertzializazioak ere baditu bere arriskuak, baina onartzen ditugu”.

Jorge Posada, Vicomtech-IK4 zentroko zuzendari laguntzailearen iritziz, “enpresek ez daukate erabat argi zer egin behar duten.  Gauza zehatzetatik hasi behar da, baina buruan asmo handiak izanik: esaterako, oso garrantzitsua izan daiteke nire fabrikako elementuak sentsorizatzea, baina horretan geratzen bagara, oso gutxi izango da”.

Manuel Salaverriak, EIKT industrien Gaia klusterreko presidenteak, Eusko Jaurlaritzaren papera azpimarratu du. Bere ustez, “lan bikaina egin du politika industrial berria definitzen, eta orain komunikazio politika lantzen ari gara, funtsezkoa baita hori enpresetara iristeko”. Orobat esan du industria berri honekin “pertsona defizita izango dugula epe labur-ertainean, behar izango dugun profila guztiz desberdina izango baita orain bost urte behar genuenaren aldean; prestakuntza pertsonal desberdina duten langileak beharko ditugu, arriskuak hartzen dakitenak, mugikorrak”.

Bigarren aditu multzoan, Sisteplant enpresako Borja Arenazak nabarmendu du 4.0 industria “ez dela ulertu behar inbertsio ekonomiko bat bezala, baizik eta denbora inbertsio bat bezala. Eta ez da errobotez edo errealitate handituz jositako toki bat, baina arima hori behar du. Pertsonek egiten dute aldea. Desagertzetik urrun, gero eta paper garrantzitsuagoa izango dute”.

José Esmoris, CIE automotive enpresako zuzendari teknikoaren iritziz, pertsonen papera “hil ala bizikoa” da, eta kontatu du nola landu behar izan zuen  bere enpresak langileen egokitzapena hiru lantegi berri ireki zituztenean Txinan, Mexikon eta Indian. Irizar enpresako garapen zuzendari Txema Oterok esan du iraultza berri honetan “gakoa dela pertsonekin komunikatzea eta pertsonak aldaketa horretaz konbentzitzea”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke