Euskal enpresen istorioa Brasilen: “Hazkunde handiko merkatua da, baina oso zorrotza. Hango finantza sistemak hazten lagunduko digu, baina dirua badugu. Ezin da Brasilera joan dirurik gabe”.

2013ko Abendua 10,


Euskal enpresek Brasilen izan duten esperientziak agerian uzten du Brasileko merkatuak aukera asko ematen dituela eta serioa eta “potentzial handikoa” dela, baina baita ere oso gogorra. Antón Pradera CIE Automotive enpresako presidenteak hala esan zien Brasilera hedatzeko asmoa duten euskal enpresariei: “Ez joan Brasilera arazoekin, hemen dituzuenak han konpontzeko ustean”. SPRIk Bilbon daukan egoitzan egindako “Negozio Aukerak Brasilen” jardunaldian (abenduaren 2an) hainbat euskal enpresen esperientziak azaldu ziren.

Ekitaldi horretara ehun enpresari inguru azaldu ziren eta han izan ziren baita ere César de Oliveira Campos, Brasilek Espainian duen enbaxadorea, eta José Gasset, Brasilek Espainian duen Merkataritza Ganberako presidentea.


Brasil, enpresa-esperientzia bikaina CIE Automotivetik ikusita.

Antón Praderak adierazi zuenez, Brasilen arrakasta ekonomikoaren gakoa hango erakundeen “jauzi instituzionala” da, egiten duten kudeaketa ona eta lortu duten errespetua: “gobernuek arazoak konpontzen dituzte”. Banka brasildarraren laudorioa ere egin zuen. “Brasilgo banka serioa eta heldua da –esan zuen–, finantza sektore heldua alegia. Banka publikoa eta pribatua goi-mailakoak dira eta bolumen handiak mugitzen dituzte”.

Baina orobat azaldu zituen enpresek merkatu serio hartan sartzeko dituzten eginkizun eta betebeharrak: “Ezin da Brasilera joan dirurik gabe. Fakturak 30 egunera ordaindu behar dira, eta ez 180ra, hemen bezala. Interes tasak %4,30ean daude eta hori hasieran erakargarria zaigu denoi, harik eta ikusten dugun arte tasa hori hilerokoa dela, %4,30 hilean alegia. Enpresak ezin dira joan Brasilera hemengo arazoak hara eramanda, han konponduko dituztelakoan. Hemen gaizki dagoenak hobe du ez joatea. Brasil merkatu oso gogorra da, kobratu ezineko taloi bat emate hutsagatik kartzelan sartzen zaituzte”.

Azkenik, CIE Automotive enpresako presidenteak nabarmendu du Brasilen arazo nagusia “bere arrakastaren kudeaketa” dela, eta hauxe gehitu du: “orain arte oso ondo moldatu da, baina baliteke hemendik aurrera gauzak hain ongi ez joatea.” Duela 10 urte fakturazioaren %27 lan-eskuan joaten zen, baina gaur egun bi aldiz gehiago ordaintzen da lan beragatik edo hiru aldiz gehiago inflazioa gehituz gero, baina fakturazioaren %19 suposatzen du, nahiz eta soldatak %5 baino gehiago igo diren eta inflazioa urtero gora joan.

Horri esker produktibitatea hazi egin da. Gaur egun ezinezkoa da horrela jarraitzea ordea; hemendik aurrera soldaten hazkundea normalizatu behar da eta %7 gehi inflazioa igo beharrean, %1 gehi inflazioa igo. Eta hori ez da nire irudipena, Brasileko enpresari guztiek daukaten iritzia baino”.


Hurrengo jardunaldia SPRIn: energia eolikoaren sektoreak dakartzan aukerak Brasilen. Abenduaren 16a. Izen-ematea.

Jardunaldi berri honetan azalduko dira zeintzuk diren Brasilek energia eolikoaren arloan eskaintzen dituen aukerak, Brasil delako energia berriztagarri gehien ekoizten duen munduko herrialdeetako bat. Aurreikuspenen arabera, Brasilgo energia ekoizpena %29 haziko da 2016ra arte eta hazkunde handiena energia eolikoan emango da. Iritsi nahi den helburua da herrialdeko energia guztiaren %10a energia eolikoa izan dadila 2021erako.

Jardunaldi honetan aztergai izango dugu energia eolikoaren hedapena eta bere eragile garrantzitsuenak: esleitutako azken proiektuak eta Brasilgo industriaren premiak. Brasildik etorritako adituak izango ditugu eta azalduko dituzte zeintzuk diren lege eta zerga arloetako gakoak, bai eta aukerak eta finantzabideak: Goretti Sampayo, Gamesa Eólica do Brasil enpresako erosketa zuzendaria; Rafael Valverde, Bahía Estatuko Gobernuko Industria eta Meatze superintendentea eta Leonardo Briganti, Briganti Advogados bufeteko zuzendaria. Hurrenez hurren azalduko dituzte ezarpen estrategiak, Brasilen sektore eolikoak dituen perspektibak eta administrazio nahiz lege alorretako giltzarriak.


SPRIk Brasilen duen bulegoa

(Ikusi www.spri.eus/Internacionalización/Latinoamerika. Brasil, herrialdeko fitxa, merkatuko fitxa, e.a.)

SPRIk Sao Paulon duen bulegoa 1999tik hona ari da lanean eta 2006an bihurtu zen SPRIren ordezkaritza-bulego. Harrezkero EAEko enpresei laguntzen die Brasilen nazioartekotzen. Hauxe du helbidea: Av. Paulista, 2.300. Andar Pilotis. Sl. 58/59. CEP 01310-300 São Paulo (SP). E-posta: pabasolo.brasil@spri.net Telefonoa: 00 5511 2847 4591. Hona hemen SPRIren Brasileko bulegoak babesten dituen euskal enpresen jarduera sektore garrantzitsuenak: siderurgia, makina-erreminta, ingurumena, energia, informazio teknologiak, bioteknologia, etxetresna elektrikoak, eraikuntza, ontzigintza, petrolioa eta gasa.


Brasil, egonkortasun, hazkunde eta gizarteratze trinomioan oinarritutako garapen eredua Brasil munduko seigarren ekonomia da, %5eko indizearen inguruan egonkortutako inflazio kontrolatua dauka eta, nahiz eta hazkunde erritmoa %1era jaitsi zaion azken urtean, halere inbertitzeko lurralde bikaina da oraindik. Orain arte Brasileko inbertsioak, bolumenagatik eta merkatuagatik, enpresa handiei zuzenduak zirela pentsatu izan bada ere, gaur egun ETEei ere ateak zabaltzen ari zaizkie, batez ere merkatu-nitxo bat aukeratzeko eta bezeroak dimentsionatzeko gauza diren ETEei. Paulo César de Oliveiraren (Brasilek Espainian duen enbaxadorea) ustez, “Brasilen merkatu eta nitxo asko daude neurri guztietako euskal ETEentzat” edo “enpresa handiak hornitzeko tradizioa dutenentzat”, hala nola Aernnova eta Embraer.

Brasilek 200 milioi biztanle ditu eta 90 milioi kontsumitzaileko barne merkatua du. Kontsumitzaile horietatik 40 milioi brasildar 2005-2011. epealdian sartu ziren merkatura, pobreziaren muga gainditu eta biztanleriaren %50tik gora biltzen duen erdi-mailako klaseko kide bihurtu zirelako. Langabezia maila %5ekoa da, esan nahi baita ikuspegi teknikotik enplegu betea duela.

1995ean Espainiak Brasilen eginak zituen inbertsioak 250 milioi dolar ingurukoak ziren (%0,6), Brasilen eginiko zuzeneko atzerriko inbertsioa (AIZ) 42.000 milioikoa zelarik. 2010ean Zuzeneko Atzerriko Inbertsioak 580.000 milioi dolarrera iritsi ziren –%2.000ko hazkunde latza–, eta bizkitartean Espainiako enpresen inbertsioa 85.300 milioi dolarrekoa baino ez zen izan, inbertsio guztien %14,72 alegia. Horrek, Oliveiraren esanetan, “bidea ematen du pentsatzeko ibilbide luzea dagoela aurrean”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke