Garapenerako Amerika Arteko Bankuak laguntza emango die euskal enpresei inbertsioak egiteko Latinoamerikan eta Kariben

2014ko Apirila 29,


–  SPRIk, Amerika Arteko Garapen Bankuaren (BID) laguntzaz, jardunaldi informatibo eta praktiko bat antolatu du gaur (asteartea), Latinoamerikako inbertsio aukerak aztertzeko.

–  2013an BIDek 14.000 milioi dolarreko maileguak eta dohaintzak onartu zituen jarduera sektore garrantzitsuenetarako.


Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren bidez eta Amerika Arteko Garapen Bankuaren (BID) laguntzaz, aukera emango die euskal enpresei inbertsio proiektuak eskuratzeko, baldin eta proiektu horiek helburutzat badute Latinoamerikako eta Karibeko eskualdeetara hedatzea eta han haztea.


Horretarako, gaur (asteartea) jardunaldi informatibo bat egin da. Lehen zatian Latinoamerikako hainbat sektoretako negozio aukerak eta inbertsio proiektuak aurkeztu dira, hala nola ekipamendu, obra eta zerbitzu alorretakoak, eta baita ere euskal enpresei zuzendutako laguntza eta finantzaketa programak. Bestalde, euskal enpresek Atlantikoaren beste aldean burututako beren enpresa esperientziak azaldu dituzte. Gainera, ekitaldian parte hartu duten enpresek elkarrizketak eta bilerak hitzartu ahal dituzte beste enpresa batzuekin, SPRIko Nazioartekotze Saileko arduradunekin edo BIDeko aholkulariekin, Latinoamerikan garatzea helburutzat duten proiektuei buruz hitz egiteko.


BID finantzaketa iturri nagusia da Latinoamerikako eta Karibeko garapen proiektuentzat. Iaz 14.000 milioi dolarreko (amerikarrak) maileguak eta dohaintzak eman zituen eta negozio aukerak sortu zituen zerbitzu eta ekipamenduen alorretan eta baita ere sektore anitzetan garatzen ari diren obretan: ingeniaritza eta aholkularitza, azpiegiturak, energia, garraioa, ingurumena, hirien garapena, e.a.


Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta SPRIren nazioartekotze estrategiaren barruan, Latinoamerika euskal enpresei zuzendutako jomugetako bat da. 2013an SPRIk Latinoamerikari buruzko 785 kontsulta kudeatu zituen eta 57 euskal enpresaren 100 proiektu inguru burutu zituen eskualde hartan.


Bestalde, 30etik gora euskal enpresak jada lortu dituzte BIDek finantzatutako zerbitzu, ekipo edota obren hornikuntza kontratuak eta BIDen finantzaketa eskuratu dute inbertsioak egiteko Latinoamerikan eta Kariben.


SPRIren web orrian (www.spri.eus) informazio guztia aurki daiteke dibulgazio eta enpresa laguntzarako jardunaldiei buruz eta SPRI taldeak bere jarduera-esparru  guztietan  —nazioartekotzea, enpresa sustapena, teknologiak eta berrikuntza, finantzaketa, proiektu estrategikoak eta azpiegiturak— euskal enpresentzat dituen sostengu programa guztiei buruz.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke