Portugaleteko herritarrek biziz bete dute hornidura-azoka ohia

2017ko Urtarrila 26,

Voluntarios de Merkatua.
Errefuxiatuen aldeko elkartasun kanpaina, “Merkatuak” antolatua.

“Merkatua” Elkarlanek saritutako berrikuntza sozialeko proiektuetako bat da.

 

2010ean itxi zituen bere ateak Portugaleteko hornidura-azokako azken saltokiak, eta merkatua itxita eta erabili gabe egon da lau urtez. Baina 2015ean, Udalarekin akordio bat lortu ondoren, Alde Zaharreko Bizilagunen Elkarteak berriro ireki zituen merkatuko ateak, espazio hura hiritar guztientzako proiektu komunitario eta parte-hartzaile bihurtuta.

 

Harrezkero, hileroko programazio bat egiten da, eta merkatuak astero ostatatzen ditu jarduera kulturalak, ludikoak edo solidarioak: elikadura osasuntsuko edo perkusioko tailerrak, hitzaldiak, zinekluba edo euskal dantza ikastaroak, adibidez. Espazio horrek filosofia irekia eta borondatezkoa du, edozein hurbil daiteke bertara proiekturen bat proposatzera edo dagoeneko antolatuta dauden jardueretan izena ematera.

 

Ekimena sortu zen herritarrek parte-hartzea sustatu nahi zutelako auzoan, espazio bat bultzatuz beren premia eta nahiei erantzungo dien proposamenak garatu ahal izateko. Elkarteak kudeatzen du proiektua, baina maiz batzar irekiak egiten dira, edozein pertsona edo erakundek beren ideiak proposatu ditzan. Hala, urte eta erdiko jardueraren ostean, 1.000m2ko instalazio horiek ahaztutako espazio izatetik hiritarrentzako erreferente izatera igaro dira.

 

Proiektuak lau ekintza-ildo ditu, eta horien inguruan egituratzen dira jarduera guztiak. Kultur arloan, kultura aniztasuna sustatzeko ekimenak antolatzen dira topaketa ludiko, tailer eta hitzaldien bidez. Arlo sozialean, jarduera solidarioak eta bizi-kalitatea hobetzeko jarduerak antolatzen dira. Aisialdiaren arloan, ludoteka eta tailerrak egiten dira, eta azkenik, sostengarritasun arloan, hainbat ekimen sustatzen dira ingurumenarekiko arduratsuagoa den kontsumoa lortzeko. Instalazioetarako sarbidea doakoa da, bai proposamenak antolatzeko eta bai antolatutako jardueretan parte hartzeko, Merkatua batik bat borondatezko lanean oinarritzen baita, eta bazkideentzako txartela ere badu. Ez da beharrezkoa proiektuan parte hartzeko, baina dagoeneko 400 Merkalagun inguru ditu espazioak.

 

“Merkatua” da balio publikoa sortzen duten proiektuentzako Elkarlan Sarien azken edizioan saritutako hiru ekimenetako bat; Eusko Jaurlaritzak antolatzen du sariketa hori Hiritarren Arretarako eta Administrazioko Berrikuntza eta Hobekuntzarako Zuzendaritzaren bitartez. Horrekin batera beste bi proposamen saritu ziren: Goiener, energia subiranotasuna lortzeko proiektu kooperatiboa, energia berriztagarrien produkzioa eta kontsumoa sustatzen duena; eta Mercado Social, REAS Euskadik gizarte eta ingurumen irizpideak errespetatzen dituen kontsumo arduratsua bultzatzeko antolatutako ekimena.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke