Peruk aukerak eskaintzen ditu azpiegituretan eta nekazaritza, arrantza eta meatzaritza sektoreen modernizazioan

2017ko Otsaila 27,

spri_jornada peru-4

Peruk bere produktuen nazioartekotzearen aldeko apustua egin du, hori dela-eta inbertsio handia egingo du bere erreferentziazko sektoreak bultzatzeko. Euskadik produkzio arloko 8 ezarpen dauzka Perun eta merkataritza arloko 11, esportazioak 69 M-koak izan zirelarik 2015ean.

 

Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak SPRIren bitartez antolatutako “Negozio aukerak Perun” izeneko jardunaldiak argi erakutsi die enpresei Peru herrialde egonkorra dela, hazkunde prozesuan dagoela, inflazio-tasa txikia duela eta bere klase ertaina etengabe hazten ari dela. Peruk bikoiztu egin nahi ditu esportazioak eta horretarako inbertsio handiak egingo ditu hazkunde horren eragile izango diren sektoreetan. 900 bat enpresa atzerritar daude Perun, eta horietatik %50 azken hiru urteetan kokatu dira han. Gainera, Peruk 75 milioi turista hartzen ditu, beraz, kalkulatzen da 16.000 ostatu beharko dituela 2020rako. Turista kopurua bikoiztea da Peruko gobernuaren beste helburuetako bat.

 

Horiek dira Peruko enbaxadako aholkulari komertzialak, Bernado Muñozek, ezagutzera eman dituen datu batzuk Peruren aurkezpena egitean. Peruk aukera ematen die euskal enpresei azpiegitura-proiektu garrantzitsuetan parte hartzeko sektore hauetan: ura eta saneamenduak, garraioa eta energia; horrezaz gain, modernizazio-planak aurreikusi ditu nekazaritzako elikagaien, arrantzaren eta meatzaritzaren arloetan. Horrez gain, kontuan izan behar da Peruko gobernuak apustu publiko transbertsal garrantzitsua egin duela berrikuntza sustatzeko eta batez ere IKTak eta telekomunikazioak txertatzeko. Kalkulatzen da datozen urteetarako IKT arloko 16.000 enplegu beharko direla.

 

Hemendik eta 2020ra sustatu nahi diren sektore horiek berebiziko aukerak eskaintzen dizkiete euskal enpresei, aukera dutelarik erreferentziazko sektoreetan posizionatzeko. Dagoeneko 16 ekimen plazaratu dira 2017rako eta 15 2018rako honelako sektoreetan: garraioa, telekomunikazioak, meatzaritza, energia eta abar.

 

Bernando Muñozek gogoratu du Peruren hedapen-politika arau argien arabera aplikatzen dela, indarrean dauden merkataritza libreko 20 itun dituelako sinatuta, itun horietara biltzen delarik bere esportazioen %90.

Aholkulari komertzialak esan du badela borondate deszentralizatzaile bat, zeinaren arabera autonomi erkidegoek posible baitute beren lizitazioak kudeatzea, eta aipatu du 40.000 milioiko aurrekontua dutela datozen urteetarako.

 

Track aholkularitzako Ismael Guillén eta Ruth Farfanek baieztatu dute Peru sektore gakoak bultzatzen ari dela, bere enpresa-ehunari balioa dakarkioten atzerriko enpresei herrialdera sartzen lagunduz.  Izan ere, Munduko Bankuaren Doing Business argitalpenak dio Peru dela negozioetarako erraztasun handienak ematen dituen Latinoamerikako bigarren herrialdea.

 

Gainera, Peruko gobernuak tokiko nahiz atzerriko enpresen esku jarri du lizitaziorako plataforma globala: SEACE. Plataforma horretan gobernuak nahiz autonomi erkidegoek urtero aurreikusitako lizitazio guztiak argitaratzen dira. Beraz, merkataritza-tresna oso garrantzitsua da konpainiek jakin dezaten zeintzuk diren urtebeteko epean aurreikusita dauden inbertsio publikoak.

 

Argitaratutako lizitazioen artean aipatzekoa da hainbat proiektu abiaraziko direla eta, beraz, aldez aurreko azterlanetarako deialdiak egingo direla. Aukera paregabea, inondik ere, azpiegituretan, energian, garraioan eta logistikan esperientzia duten euskal aholkularitza eta ingeniaritzentzat.

 

Track-ek gogoratu du industria atzeraldian dagoela, ez dagoela baliabide teknikorik eta ekipamendu eta modernizazio premia handia dagoela sektore garrantzitsu guztietan. Hori dela eta, bada beste negozio-bide bat, alegia, berrikuntza eta teknologia txertatzea produktu guztietan eta prozesuak eta kudeaketa optimizatzea meatzaritzan, nekazaritzan, arrantzan eta industria osagarri guztietan. Aukera bikaina ezagutza eta teknologia transferitzeko, baina baita ere Euskadik elkarte, kluster, teknologi zentro eta abarretan duen esperientzia partekatu eta ezagutzera emateko.

 

Joseba Gobelak, klimatizazio ekipoen diseinu, fabrikazio eta merkataritzan diharduen eta Perun kokatuta dagoen Airlan-eko zuzendari nagusiak, bere esperientzia azaldu die bertaratu guztiei.

 

Airlan-ek Peru aukeratu zuen bere lehenengo nazioarteko merkatu bezala eta  gaur, lau urte geroago, 2,5 M dolar fakturatu dituzte, 3 M-ra iristea espero dutelarik 2017rako. Bere ustez, proiektua epe ertain-luzera pentsatu behar da eta baldintza batzuk hartu behar dira kontuan, euren kasuan, hemengo ingeniaritzak jomugan bertan kokatuta egotea, horrek proiektuaren arrakasta errazten duelako.  

Esperientzia positiboa izan da eta esan du Peru herrialde egonkorra dela, etorkizun ona eta ibilbide luzea duela eta badituela baliabideak ere, baina onartzen du prozesu administratiboak motelak direla.

 

Euskadik produkzio arloko 8 ezarpen ditu Perun eta merkataritza arloko 11, esportazioak 69 M-ra iritsi zirelarik 2015ean. SPRIk aholkulari espezializatu bat  du merkatu horretara hurbildu nahi duten  enpresei zerbitzu emateko, zeina presente egongo baita otsailaren 28tik martxoaren 22ra egingo diren jardunaldietan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke