Ondarea ekimenak pertsona nagusien ezagutzak aldarrikatzen ditu

2017ko Otsaila 22,

logotipo del proyecto Legado de Euskadi Lagunkoia
Ekimenak dokumentaletan jasotzen ditu pertsona nagusien lekukotzak.

OMEk nazioarteko jardunbide egoki gisa aukeratu du proiektu hori.

 

Teodosiak 86 urte ditu, baina egunero jaikitzen da baratzera joateko ilusioz. Bere esanetan, nekazariak “emakume indartsu eta langileak dira, eguraldi txarrera ohituak”. Félix bost belaunalditako azken artzaina da, eta Aizkorriren magalean zaintzen ditu bere ardiak, baina ez daki bere ofizioa igaroko ote den hurrengo belaunaldira. Lekukotza horiek bildu dira Ondarea ekimenean, non hainbat dokumentaletan jaso baitira pertsona nagusien ezagutzak eta bizitza ikusteko duten modua.

 

Ekimen hori Euskadi Lagunkoia proiektuaren barruan dago, zeina Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak bultzatu baitu Matía Fundazioaren laguntzarekin. Duela gutxi, OMEk adinagatiko bazterkeriaren aurkako nazioarteko jardunbide egoki izendatu du. Ondarea ekimenaren barruan bideo laburrak egin dituzte, balioan jartzeko Euskadiko historia biziaren parte diren pertsona nagusien ezagutzak.

 

Hala, Ondarea adinkeriaren aurka borrokatzeko jardunbide egokien biltegi batean sartu da; kontzeptu hori ingelesezko ageism hitzetik dator, eta adinagatiko bazterkeria izendatzeko erabiltzen da. Osasunaren Munduko Erakundeak Take a stand against ageism kanpainan dioen bezala, gizarte askotan daude adinarekin lotutako estereotipo eta aurreiritziak, eta ondorio oso negatiboak dituzte pertsona nagusien artean, oztopo bihurtzen baitira gizartean aktiboki parte hartzeko.

 

OMEk aukeratutako ekimenen artean daude halaber Vila Nova de Foz (Portugal) hirian antolatzen diren belaunaldi arteko topaketak, non pertsona nagusiek ezagutzak trukatzen baitituzte haurrekin, hala nola, baserrietako abereak nola zaindu edo ordenagailuak nola erabili, eta baita ere Salisbury (Australia) hiriko udaletxeak antolatzen dituen parte-hartze foro tematikoak, pertsona nagusiei interesatzen zaizkien gaiei buruzkoak.

 

Euskadi Lagunkoia ekimena OMEren Age-Friendly Environments Programme proiektuan oinarritu da, eta bere helburua da pertsona nagusien bizitza autonomoa eta aktiboa sustatzea, espazioak sortuz parte hartzeko, beren potentzialari balioa emateko eta hiria beren premiei egokitzeko. Gaur egun, Euskadiko 36 udalerri daude sarearen barruan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke