Finantza-ildo berri bat enpresa txiki eta ertainen esportazioetarako

2014ko Ekaina 05,


Finantzen Euskal Institutuaren bitartez, Ogasun eta Finantza Sailak finantza-ildo berri bat onartu du Euskadiko enpresa txiki eta ertainen (ETE) likidezia errazteko eta beren esportazio-jarduerak ordaindu gabe geratzeko arriskua gutxitzeko.

 

Eusko Jaurlaritzak 2014-2016 aldirako onartu berri duen Enpresak Nazioartekotzeko Planari jarraiki eta euskal enpresen, batez ere ETEen, sendotasun eta lehiakortasuna sustatzeko xedez, Euskal Institutuak finantza-tresna berri bat jarri du abian.

Finantzen Euskal Institutuak enpresaren esportazio-jarduera finantzatzeko emandako kreditu-poliza baten bitartez gauzatuko da finantza-ildo hori.

 

Finantza-ildoa Oinarri eta Elkargi elkarren bermerako sozietateen laguntzaz ezarriko da, hitzarmen bat sinatu baita bi sozietate horiekin esportazio-jardueraren ondoriozko finantza-eragiketak bermatzeko.

 

Elkarren bermerako sozietateek hartua duten konpromisoa gauzatzeko, beren irizpideei jarraiki abalak emango dizkiete enpresa onuradunei.

 

Programaren onuradunak.

Euskadin kokatutako enpresa txiki eta ertainak, Europako ETEen definizioarekin bat datozenak eta baldintza hauek betetzen dituztenak:

1) Jarduera ekonomikoren bat egitea.
2) 250 langile baino gutxiago izatea.
3) 50 milioi euro baino gutxiagoko urteko negozio bolumena edukitzea edota 43 milioi euro baino gutxiagoko urteko balantze orokorra edukitzea.
4)Zuzenean edo zeharka, haren kapitalaren % 25 edo gehiagoan ez egotea beste enpresa batek edo batzuek partaidetuta, aurretik adierazitako baldintzaren bat betetzen ez dutela.

 

Jarduera ekonomikoko sektore guztiek jo dezakete programara, baina ezin dira onuradun izan erakunde eta sozietate publikoak, finantza-erakundeak eta, besteak beste, higiezinen arloko jarduerak gauzatzen dituztenak.

 

Programan parte hartzeko, beharrezkoa da enpresak krisi-egoeran ez egotea –Europako Batzordeak horren inguruan emandako definizioaren arabera– eta egunean egotea Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan.

 

Programaren ekintza-arloa.

Programa honen bidez formalizatutako mailegu eragiketek elkarren bermerako sozietate baten (Oinarri edo Elkargi) abala jaso behar dute. Horretarako, Finantzen Euskal Institutuak eta programan parte hartzen duten elkarren bermerako sozietate biek Lankidetza Hitzarmen bat sinatu dute, aipatutako finantza-eragiketei berme-sistema bat emateko. Elkarren bermerako sozietateek emandako abalek onuradunen finantza-arriskuak bermatuko dituzte Finantzen Euskal Institutuaren aurrean.

 

Mailegu-eragiketen ezaugarriak

Mailegu-eragiketek ezaugarri hauek edukiko dituzte:

1) Tresna: esportaziorako kreditu-poliza
2) Gehieneko muga: 1.000.000 euro, onuradun bakoitzeko.
3) Gehieneko interes-tasa: Hiru hilabeterako euriborra gehi % 1,0. (komisiorik edo gastu gehigarririk gabe).
4) Epea: 2 edo 3 urte
5) Funtsen hornidura: EBSak emandako likidezia-ziurtagirien bidez (200.000 euro, gutxienez)

Finantza-programaren gehieneko muga 100 milioi eurokoa da.

 

Argibide gehiago: www.ejgv.euskadi.net atarian edo Elkargi eta Oinarri sozietateen web orrietan.

 

Vitoria-Gasteizen, 2014ko maiatzaren 28an

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke