BERRIKUNTZARI BURUZKO ALBISTEAK – Berrikuntza Teknologikoa

2014ko Martxoa 17,


Politeknika Txorierrik eta Neiker-Tecnaliak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute

Politeknika Ikastegia Txorierrik eta Neiker-Tecnalia Nekazaritzaren Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute enpresei bideratutako lankidetza-hitzarmenaren eta berrikuntza teknologiko eta didaktikoaren garapenaren arloetan.

 

Europako Arku Atlantikoko arrantzaleak, zientzialariak eta erakundeak elkartuko dira, arrantza-kudeaketako estrategia jasangarriak lantzeko

Martxoaren 25etik 28ra, ipar-mendebaldeko eta hegoaldeko uren eskualdeko aholkularitza-kontseiluak elkartuko dira Dublinen, arrantza-lekuen etorkizunari buruz eztabaidatzeko. Kosta atlantikoko hainbat arrantzale-elkartek hartuko dute parte jardunaldian, eta, haiekin batera, baita arrantza-lekuen etorkizuna modu jasangarrian kudeatzeko diseinu-estrategiak landu nahi dituzten zientzialari eta erakundeek ere.

 

Azti-Tecnaliak metodologia bat garatu du 24 orduan kontserbako atuna zein espezietakoa den jakiteko

Azti-Tecnaliak, itsas eta elikagai-arloko ikerketan espezializatutako zentro teknologikoak, metodo bat prestatu du 24 orduan kontserbako atuna zehazki zein espezietakoa den (hegaluzea, atun hegal-horia edo atun moja) jakiteko. Orain arteko metodoek, DNA zehazteko metodologia genetikoek, zenbait egun behar zituzten behin betiko emaitzak emateko. Metodologia berritzailea interesgarria da oso kontserba-industriarentzat, eta etiketan jartzen duena egia den jakiteko tresna bat izan daiteke.

 

Aerosorgailuek elurrarekin eta izotzarekin hobeto funtziona dezaten lortu nahi du Ingeteamek

Aerosorgailuen paletako izotza urtzeko eta paletan elurra ez pilatzeko teknika aurreratuak aztertzen ari da Ingeteam, Gaztela-Mantxako Unibertsitatearekin (UCLM) elkarlanean. Instalazio eolikoek errentagarritasun handiagoa izango dute hala, tenperatura baxuak dauden eremuetako aerosorgailuen kontrolik gabeko geldialdiak saihestuko baitira.

 

Ikerketa-lanetarako 1,4 milioi euroko laguntza berriak onartu ditu UPV/EHUk

Ikerketa-lanetarako hainbat diru-laguntza onartu ditu UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak 2014rako; zehazki, hiru laguntza-deialdi (1,4 milioi euro, guztira), Eusko Jaurlaritzarekin izenpetutako Programa Kontratuari jarraikiz. Administrazioko eta Zerbitzuetako Pertsonalaren (AZP) II. Trebakuntza Plana ere onartu du. Aurtendik 2017ra arte izango da indarrean Plana. AZPren garapen profesionala sustatzea du helburu plan berriak.

 

Energia-iturri berriztagarrien integrazioa hobetzeko baterien belaunaldi berri bat

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoa eta ZIGOR enpresa potentzia ertaineko redox fluxuko eta teknologia propioko baterien lehen belaunaldia garatzen ari dira. Teknologiok egokiak dira energia berriztagarrien integrazioan aplikatzeko nahiz energiaren sorkuntza banatuan aplikatzeko.

 

Fabrikazio aurreratua eremu berrietara zabaltzeko apustua egin du CIC marGUNEk

CIC marGUNEk, Errendimendu Handiko Fabrikazioko Ikerketa Zentro Kooperatiboak, bere jarduera eremu berrietara zabaltzea hartu du helburu -hala nola garraioa, energia, ontzigintza eta lehengaien transformazioa- eta, horrekin batera, kanpoan proiekzio handiagoa lortzea. Horixe da, hain zuzen, Plan Estrategikoaren helburua, eta plan horrek bideratuko du zentroaren jarduera hurrengo urteetan, 2017ra arte.

 

Iturria: Euskadi+innova

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke