BERRIKUNTZARI BURUZKO ALBISTEAK – Enpresa Digitala

2014ko Martxoa 17,


Enpresa Digitala

Nolatan plataformako SinGluten online denda finalista izan da eAwards sariketan

Zeliakoentzako produktuak saltzen dituen SinGluten.com onlineko espazioa finalista izan da eAwards sari ospetsuetan. Urtero antolatzen diren sari horiek Estatuko online negozio onenei zuzendurik daude. SinGluten merkataritza elektronikoko Nolatan plataformaren barruan dago, zeinak Gasteizen baitu egoitza.

 

Bilboko Udalak fakturazio elektronikoaren bidez egiten ditu ordainketen %90

Bilboko Udalak sortutako fakturazio elektronikoko atariak urtebete darama martxan, eta denbora horretan, hornitzaileei eginiko fakturen %90 tramitatu ditu; 2013an 19,5 milioi euro ordaindu zituen sistema berri horren bidez. Bere abantaila handienetako bat da ordainketa epea 30 egunera murrizten dela.

 

Erlea App, herritarrei hiriarekin elkarreragiteko aukera ematen dien aplikazioa

Txingudiko Zerbitzuek Erlea App merkaturatu dute, BuntPlanet enpresak garatutako aplikazio mugikorra. Tresna berri horren bidez Irun eta Hondarribiko biztanleek herriko zerbitzu publikoekin komunikatzeko kanal bat izango dute. App honek aukera ematen du kontsultak egiteko, intzidentzien berri emateko eta uraren, hondakinen edota energiaren kudeaketari buruzko datu eguneratuak eskuratzeko.

 

Virtualware enpresak katalogo birtual bat egin du Txileko altzari enpresa batentzat

Virtualware euskal enpresak errealitate handituan oinarritutako aplikazio mugikor bat egin du altzarigintzan eta eraikuntzan espezializatutako Txileko Easy Cencosud retail enpresarentzat. Aplikazioa katalogo birtual bat da, eta kontsumitzaileari aukera ematen dio ikusteko nola geratuko den produktua bere etxean.

 

Zabalik dago 2014ko Emprendedor XXI Sarien deialdia

La Caixa eta Enisa erakundeek antolatzen duten Emprendedor XXI sariketak martxan jarri du bere zortzigarren edizioa. Bi urte baino gutxiago duten ETE eta mikroETE berritzaileek apirilaren 10era arteko epea dute beren hautagaitzak aurkezteko Emprendes kategorian. Iaz Enigmedia donostiarrak eskuratu zuen Estatu mailako lehen saria.

 

Smart Telecenter proiektuak Estatuko tele-zentroen sarea modernizatuko du

Fundetec eta Espainiako Udalerri eta probintzien Federazioak Smart Telecenter proiektua sortu dute; proiektu horren bidez ekipamendu eta prestakuntzako eduki berriak sartuko dira Estatuko tele-zentro eta liburutegien sarera eta sarea indartuko da. Asmoa da hiritarrek eta ETEek modu irekian erabil ditzatela diziplina anitzetako IKTak.

 

Espainia Europako liderra da Onlineko Ikastaro Masibo Irekien eskaintzan

Telefónica-UPF Katedrak egin berri duen azterlan batek Estatuko MOOC –massive online open courses- eskaintza aipatzen du eta azpimarratzen du prestakuntzako ikastaro horiek gero eta hedatuago daudela. Espainia gaur egun Europako lehena da eskaintzari dagokionez, eta munduko lehen 5 herrialdeen artean dago inskribatutako ikasle kopuruari dagokionez.

 

 

Iturria: Euskadi+innova

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke