BERRIKUNTZARI BURUZKO ALBISTEAK

2014ko Martxoa 03,


Berrikuntza Teknologikoa

Toribio Echevarria sarien 24. edizioan parte hartzeko deialdia ireki dute

Eibarko Udalak —bere Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailetik— eta BIC GIPUZKOA BERRILANek Toribio Echevarria sarien beste argitaraldi bat bultzatu eta babesten dute. Sari horiek antolatzearen helburua hau da: ekintzaileen lana aintzatestea (esfortzuak, nekeak, hartutako arriskuak), ekimen lehiatsua bultzatzea, eta enpresak sortzeko eta garatzeko motibatzea.

 

Foulingaren aurkako estaldurak, toxikotasun apalekoak eta ingurumenari dagokionez jasangarriak

IK4-Cidetec Europako BYEFOULING proiektuan parte hartzen ari da: itsas aplikazio egonkor zein dinamikoetarako foulingaren aurkako estaldurak —toxikotasun apalekoak eta ingurumenarekiko errespetuzkoak— maila industrialean ekoiztea da helburua.

 

Aeronautika-arloko NadCap ziurtagiri entzutetsua jaso du Tecnaliak, gainazalen tratamendua (CP) eta materialekin entseguak (MTL) egiteko

Tecnalia Research & Innovation ikerketa aplikatuko zentroak NadCap (National Aerospace and Defense Contractors Accreditation Program) ziurtagiria jaso du, zeinaren bidez egiaztatzen baita zentroak gaitasun teknikoa duela, entseguetarako laborategi gisa, gainazalen tratamendurako (CP) bainuen kontrola egiteko, eta material metalikoekin (MTL) entseguak egiteko —entsegu mekanikoak, metalografia eta korrosioaren entseguak— sektore aeronautikoan.

 

Gipuzkoar teknologia gidaririk gabeko ibilgailu batean

Vicomtech-IK4k Miramonen duen egoitzan, Taxisat gidaririk gabeko lehen ibilgailuaren erakustaldia egin da gaur. Prezio baxuko ibilgailu hori modu autonomoan mugi daiteke, ikusmen artifizialari eta GPSaren kokapen gehituko seinaleen erabilerari esker, segurtasun osoz mugi dadin informazioa jasotzen baitu.

 

Hegazkingintzako polimeroen hobekuntza

UPV/EHUko Polimeroen Teknologia taldeak emaitza bikainak lortu ditu ikerketa batean, karbonozko nanohodien erabilerari esker, poli(eter imida) polimeroaren propietate mekanikoak eta eroankortasunarenak hobetzeari dagokionez. Polimero hori, besteak beste, hegazkinetako piezak egiteko erabiltzen da.

 

Berriz bete ezin diren olio-ontziak egiteko ontziratze-irtenbidea

Berriz bete ezin diren olio-ontziak egiteko berariazko termoformagailu bat egin du ULMA Packaging-ek. Berariaz diseinatutako makina bat da, produkzio ertainetarako tamaina ezin hobea du, inbertsio-maila minimoa eskatzen du, olio-monodosiak ontziratzeko diseinatu da, eta minutuko 80 ontzi egiten ditu.

 

Gizarte Berrikuntza 

Proiektu kultural bat sortu nahi duten kameleoientzako tresnak

Impact Hub Madrid eta Trànsit Projectes erakundeek “Kameleoientzako Tresnak” programa abiarazi dute. Programa horren helburua da artista eta sortzaileen ideiak ekonomikoki sostengarriak diren proiektu kultural bihurtzea. Prozesu hori, 9 aste eta erdi irauten duena, Business Model Canvas ekimenean inspiratuta dago.

 

OKFN Spain sariketan ezagutza irekiaren arloko ekimen onenak saritu dituzte

Open Knowledge Foundation erakundearen Espainiako atalak lehenengo OKFN Spain sariketa antolatu du datu irekieraren eta gardentasunaren alde lan egiten duten proiektuak saritzeko. Goteo, Fundación Civio eta Crowdcrafting dira irabazleetako batzuk.

 

WikiToki, berrikuntza sozialari buruzko elkarsorkuntzarako laborategi berria

“WikiToki Elkartea” proiektuak berrikuntza sozialarekin lotutako ekimen berriak bultzatzen ditu sare-lanaren eta lankidetzaren bidez. Oraingoz 12 kolektibok parte hartu dute ekimenean eta espazio komun bat ireki dute Bilboko Harrobi Plazan, Bilboko Udalarekin lortutako akordio bati esker.

 

Bilbo izango da Europako Social Innovation Competition lehiaketaren egoitza

Bizkaiko hiriburua izango da, Brusela, Londres eta Milanekin batera, Social Innovation Competition lehiaketaren bigarren edizioaren egoitza. Europako Batzordeak antolatzen du txapelketa hori enplegu aukera berriak sortzeko berrikuntza sozialaren bidez. Finalistak martxoaren 3tik 5era elkartuko dira Bilbon.

 

Abian da Merkatu Sozialeko Sareen Elkartea

Zaragozan sortutako elkarte berri horren helburua da ekonomia sozial eta solidarioaren arloan lan egiten duten sareak sendotzea eta tresnak ematea beren produktu eta zerbitzuak bezeroei hurbil diezazkieten.

 

#SharingSpring, ekonomia partekatua, kalera irten da udaberri honetan

Munduan azken urteotan gertatu diren hiritarren protesta mugimenduetan inspiraturik, Shareable erakundeak ekintzarako deia egin du ekitaldi batzuk antolatzeko. Ekitaldi horien helburua da ekonomia partekatuak komunitateak hobetzeko eskain ditzakeen konponbideak hedatu eta zabaltzea.

 

Enpresa Eraldaketa

Parke eolikoen eragiketa eta mantentze-lanetarako zerbitzuetan liderra da Ingeteam Latinoamerikan

Azken bost urteetan, Mexikoko parke eolikoen eragiketa eta mantentze-lanetarako zerbitzuetan lehen enpresa izatea lortu du Ingeteamek. Gaur egun, 1,6 GW-eko baino gehiagoko potentzia dago Ingeteamek hainbat parke eolikotan fabrikatutako bihurgailuetan, 400 aerosorgailuren baino gehiagoren mantentze-lanak egiten dituzte herrialde horretan, eta 1,1 GW baino gehiago sortzen dituzte Latinoamerika osoan.

 

Deusto Business School finantza-jardunaldiak antolatu dituzte

Deustuko Unibertsitateak, Deusto Business Alumnirekin elkarlanean, Deusto Business School Finantza Jardunaldiak jarri ditu martxan. Jardunaldien izenburua “Kapital-merkatuak eta enpresak” da, eta gaur egun enpresek finantza-aldetik zer behar dituzten eta behar horiei erantzuteko merkatuak nola aldatu behar dituzten aztertuko dute.

 

Industria aeroespazialean posizionamendua sendotzen jarraitzen du Fagor Automationek

Azken urteotan, Fagor Automationeko I+G lantaldeak industria aeroespazialerako hainbat prestazio garatu ditu CNC 8055 eta CNC 8065 plataformetan. Bi plataformak indartu egin dira arlo aeroespazialeko fabrikatzaileek exijitzen dituzten maila altuko prestazioei erantzuteko. Nabarmentzekoa da mekanizatuaren abiadura eta doitasun handiagoa lortzeko prestazioa, bereziki konpositeak fabrikatzeko.

 

Nazioarteko aintzatespena jaso du Fuchosak, automobilgintza-arloan egiten dituen osagaien kalitateagatik

Fuchosa euskal enpresak nazioarteko aintzatespena jaso du, automobilgintza-arloan egiten dituen osagaien kalitateagatik. Zehazki, 2013ko Hornitzaile Onenaren Saria eman dio Chassis Brakes International-ek (CBI) —Bosch Group-en balazten dibisio ohia— CBI Worldwide Suppliers Day ekitaldian. Taldeak Txinako Wuhan hirian duen instalazio berrian egin zen ekitaldia.

 

Mondragon Unibertsitateak aholkularitza eskainiko dio Hego Koreako erakunde bati, kooperatibistak trebatzeko

Seuleko Magic Bridge Cooperative Management Institute erakundeak (HBM) Mondragon Unibertsitatea aukeratu du kooperatibistak trebatzeko eta aholkularitza eskaintzeko. Ekimen hori Hego Koreako 400 bat enpresak bultzatu dute. Guztiak ere kooperatiba gisa eratu diren tamaina txikiko enpresak dira, mikroETEak, eta ia guztiak elikagaien sektorekoak.

 

Enpresa Digitala

Bilbao Bizkaia Robotics Meeting topaketan teknologia berritzaileenak hurbilduko zaizkie haurrei

Martxoaren 15ean egingo da Bilbao Bizkaia Robotics Meeting, 7 urtetik gorako gaztetxoen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa piztea helburu duen jardunaldia. Robotikako tailerrak eta bideojokoak eskainiko zaizkie, eta baita ere Google Glass, Kinect nahiz beste teknologia berritzaile batzuen erakustaldiak.

 

Google eta IAB Spain enpresek Marketin Digitaleko doako ikastaroak eskainiko dituzte Gasteizen, Bilbon eta Donostian

Google eta Interactive Advertising Bureau enpresek doako ikastaro programa bat antolatu dute UPV/EHUren laguntzarekin langabezian dauden unibertsitateko tituludunentzat. Martxoa eta maiatza bitartean Marketin Digitalari buruzko onlineko ikastaroak eta ikastaro presentzialak egingo dituzte hiru euskal hiriburuetan.

 

Ezagutza eza da software librea erabiltzeko oztopo handiena

Portal Programas atariak eginiko txostenaren (Software Librearen Balorazioa Gizartean 2013) arabera, software libreari zaion mesfidantzak lotura estua du ezagutza ezarekin. Inkestatuen %55ak ez daki zer den software librea, baina %75ak erabili egiten du. Gazteek konfiantza handiagoa dute eta gehiago erabiltzen dute.

 

Frontón bideojokoak euskal pilota sustatuko du nazioartean

Bainet ekoizpen-etxeak eta Pulsar Concept estudioak Frontón sortu dute, pilota jokoa errekreatzen duen sakelakorako eta tableterako bideojokoa. Erabiltzaileek txapelketak egin ditzakete eta 10 euskal pilotari onenen eta benetako 7 frontoiren artean aukeratu dezakete. Bideojokoa sortzeko kirolarien aholkuak jaso dituzte, jokoa ahalik eta ongien egokitu dakion errealitateari.

 

2015ean IKTen arloko profesionalentzako 800.000 lanpostu huts egongo dira Europan

IKTen sektoreko profesionalen eskaera eskaintzaren gainetik ari da hazten Europa osoan, eta Europako Batzordearen arabera 2015ean 800.000 lanpostu huts egongo dira. Europako biztanleriaren ia %50ak informatikako ezagutza oso xumeak ditu, edo ez du batere ezagutzarik.

 

Minirobots enpresa bizkaitarrak 2.000 robot hezitzaile eramango ditu Errusiako eskoletara

MOway robota bereziki diseinatuta dago ikasleek era sinple eta dibertigarri batean ikas dezaten programatzen. Minirobots enpresak sortu du robota, eta berriki akordio bat lortu dute mOway Mosku eta Ossetia hirietako Bigarren Hezkuntzako institutuetako laborategietan sartzeko, hala 2.000 robot eta osagarri kit baino gehiago eramango dituzte hango ikastetxeetara.

 

Miríada X ekimenak ezagutza irekia bultzatzen du onlineko unibertsitateko ikastaroen bidez

Miríada X proiektua Online Ikastaro Masibo Irekien –MOOC’s- plataforma bat da, non edozein pertsonak aukera baitu Iberoamerikako Unibertsitateetako kalitatezko edukiak eskuratzeko. Miríada X proiektuak “IKTen dibulgazio eta hedapen lanagatiko AUTELSI 2014” Saria irabazi du.

 

Iturria: Euskadi+innova

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke