BERRIKUNTZARI BURUZKO ALBISTEAK

2014ko Otsaila 17,


 

Berrikuntza Teknologikoa

BiosourceComp europar proiektuaren buru da Leartiker

BiosourceComp proiektuaren —zeinaren buru Leartiker den— helburua da iturri biodegradagarrietatik (beira, egurra, kotoia, eta abar) konposite polimerikoak garatu eta ekoiztea automobilgintza-sektorerako, gaur egun erabiltzen diren konpositeak —petroliotik eta beste iturri sintetiko batzuetatik eratorriak— ordezkatzeko.

 

Moteltze-gaitasun handia duen zurruntasun handiko material berria

IK4-IDEKOk HIPPOCAMP proiektuan parte hartuko du, egitura metalikoak edo polimerikoak dituzten piezetan nanokonposatuak baztertu ahal izateko fabrikazio-prozesu berri batean oinarritzen den proiektuan. Helburua material berri bat sortzea da, zurruntasun handia eta moteltze-gaitasun handia uztartuko dituena.

 

IK4k Europa mailako aukerak eskainiko dizkie euskal enpresei sistema adimendunetan

Europako EXPRESS proiektuak zortzi cluster industrial eta berrikuntza teknologikoko beste eragile batzuk biltzen ditu, eta han ari da parte hartzen euskal aliantza teknologikoa. EBk sistema adimendunei laguntzea erabaki du, merkatuan lehiarako abantaila eskaintzen dutelako, negozio-eredu berriak aurkitzeko aukera ematen dutelako, eta, azken finean, uste duelako Europako industria-sarea indartuko dutela, horrelako sistemak dituzten produktuei ematen dieten abantailari esker. Sistema adimendunek aukera handiak emango dizkie industriei; besteak beste, hauei: aeronautika, automobilgintza, osasungintza, telekomunikazioak, energia eta logistika. Proiektuan parte hartzen duten IK4ko zentroen egitekoa izango da enpresa, cluster eta erakundeak lotzea eta erakartzea, elektronikak industriaren alorrean dituen onuren eta potentzialaren berri emateko, eta lan egitea enpresek sistema adimendunen sustapenarekin konpromisoa har dezaten. Hala, bada, bi clusterrak harremanetan egongo dira Euskal Herriko industria-clusterrekin eta Mondragon Korporazioarekin, Horizonte 2020 Europar Batasuneko ikerketaren esparru-programa berriko proiektuetan parte har dezaten. 

IK4 aliantza teknologikoaz gain, beste erakunde hauek osatzen dute EXPRESS proiektuaren partzuergoa: VDI/VDE Innovation und Technik (Alemania), ekimenaren buru dena; Fondation Suisse pour la Recherche en Microtechnique (Suitza); Hahn-Schickard-Gesellschaft fuer Angewandte Forschung (Alemania); Centro Servizi Industrie (Italia); Mikrosystemtechnik Baden-Wuerttemberg (Alemania); ESP Central (Erresuma Batua); eta Pôle des Microtechniques (Frantzia). Gainera, beste 15 parte-hartzaile ere izango dira.

“LCA to go” web-tresna aurkeztuko dute EAEn

Deustuko Unibertsitateak Bilbon duen egoitzako Ingenio Aretoan, “Oportunidades del análisis del ciclo de vida en el sector electrónico” jardunaldia egingo dute otsailaren 26an, 9:30etik 14:00etara. Jardunaldi horretan, “LCA to go” web-tresna berritzailea aurkeztuko zaie sektore horretako enpresa txiki eta ertainei. Tresna horren bidez, bizi-zikloaren analisia (ACV) egiten da, eta horixe da produktuen ingurumen-eraginkortasuna hobetzeko metodologia aurreratuena.

 

Biomaterial berriak nerbio-sistema periferikoko lesioei aurre egiteko

Europako NEURIMP proiektuak —IK4-TEKNIKER da buru— bioteknologia eta mikroteknologia konbinatzen ditu, nerbio periferikoetako lesioak osatzeko. Horri esker, patologia horri aurre egiteko gaur egun erabiltzen diren inplante autologoak ordeztuko dituzten protesi berriak garatu ahalko dira, eta nerbioko ebakirik larrienei arrakastaz aurre egin.

 

Bizkaiko Foru Aldundiak 1.500.000 euro eman ditu ikerketarako Europako Batzordearekin batera finantzatutako laguntzetan

Bizkaiko Foru Aldundiak eman ditu ikerketarako foru-programaren bidez eskaintzen dituen laguntzak; laguntza horiek Europako Batzordearekin batera finantzatu eta bizkaia:talenk-ek sustatzen ditu. Guztira 1.458.873,94 euro eman dituzte, Bizkaiko 15 erakundetan kualifikazio-maila handiko 23 profesional kontratatzeko, trebatzeko eta erakunde horiei lotzeko. Denak berrikuntza-sektorean ari diren erakundeak dira: biozientzietan, klima-aldaketan, biofisikan, material berrietan eta haien aplikazioan, automobilgintzan edo gizarte-berrikuntzan, besteak beste

 

Sistema txertatuen bidezko smart cityetan berrikuntza elkarrekin bultzatuko dute Europako zenbait eragile teknologikok

Aalborg hirian (Danimarka) egin da CLINES (Cluster-based Innovation through Embedded Systems Technology) proiektu europarraren lehen bilera. Europako zenbait eragile teknologiko ditu partaide proiektuak, eta hau du helburu: bere herrialdeetako enpresen berrikuntza eta nazioarteko lehiakortasuna sustatzea, etorkizun handiko alor batean (hiri adimendunak, edo smart cityak). Teknologia eta sistema txertatuek hiriak “adimendunago” nola egiten dituzten aztertuko du CLINES proiektuak, energia-eraginkortasuna hobetzearren betiere

 

Stirling motorrak konpontzeko zerbitzu berri bat jarri du martxan IK4-Teknikerrek

Stirling motorra eguzki-energia termoelektrikoaren, biomasaren eta biogasaren sektoreetan aukera handiak dituen teknologia bat da. Horrelako teknologiak enpresentzat eta zentroentzat duen balioaz jabeturik, IK4-Teknikerrek Stirling motorrak konpontzeko zerbitzu berri bat merkaturatu du; hartan, espezialistek martxan jartzen dituzte lehen lan egin duten eta orain arazo teknikoengatik edo mantentze-lanen faltagatik geldirik dauden eta saldu osteko zerbitzurik ez duten motorrak.

 

Gizarte Berrikuntza

 

Go-Lab proiektuak ikerketako laborategi ospetsuenak zabalduko dizkie euskal ikasleeitzat

Proiektu honi esker eskolak urrunetik sar daitezke lehen mailako zientzia erakundeen laborategietara, esperimentu praktikoak egiteko eta ikasleen esperientzia pedagogiko zientifikoa aberasteko.

 

Innovate topaketak berrikuntza sozialaren potentziala aztertuko du Donostian

Otsailaren 18an Innovate-Promoting Economic Change jardunaldia egingo da Kursaal Kongresu Jauregian. Jardunaldi horretan erronka sozial garrantzitsuenentzako konponbide berriak bilatuko dituzte berrikuntza sozialaren bitartez. Ekitaldian tokiko nahiz nazioarteko esperientziak emango dituzte ezagutzera.

 

Bilbon elkartuko dira Social Innovation Competition txapelketan finalerdietara iritsi direnak

Europako Batzordeak antolatutako Social Innovation Competitition sarien 2. edizioak mila ekimenen artetik aukeratu ditu finalerdietara iritsi diren 30 proiektuak. Mentoring prozesua, ideiei forma emateko pentsaturik dagoena, martxoaren 3tik 5era egingo da Bilbon.

 

Low cost satelite-sare bat Interneterako sarbide unibertsala bermatzeko

Ezagutzarako, informaziorako eta adierazpenerako askatasun eskubideak Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsalean jasota daude. Outernet proiektuaren bidez kostu baxuko satelite-sare bat diseinatu eta orbitan jarriko da, lehen aipatutako eskubide horiek bermatzeko, edozein dela ere erabiltzaileen eros-ahalmena edota ingurune geografikoa

 

Euskara ikasten konpainia onean

Mintzakide proiektuak harremanetan jartzen ditu Iruñean euskara ikasten ari diren edo euskara maila hobetu nahi duten pertsonak eta boluntario euskaldunen sare bat, aukera izan dezaten hitz egiteko eta harreman sozialak zabaltzeko hizkuntza ikasten duten bitartean. Proiektuarekin aurrera jarraitzeko, mikro-finantzaketa kanpaina bat sortu dute Goteo plataforman.

 

Kultura digitalak diseinuan duen potentziala aztertuko du #edcd topaketak

Datorren apirilaren 8 eta 9an Medialab Pradon egingo den Diseinu eta Kultura digitalari buruzko I. Topaketan aztergai izango dute zein inplikazio eta aukera dituen kultura digitalak arteen irakaskuntza eta praktikan eta diseinuan, eta horretarako, tailerrak, hitzaldiak, erakusketak eta hitzaldiak antolatuko dituzte.

 

Enpresa Eraldaketa

 

ADEGIk eta Deustuko Unibertsitateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute zenbait jarduera elkarrekin egiteko

Lankidetza-hitzarmena izenpetu dute Deustuko Unibertsitateko errektoreak -José Maria Guibert- eta ADEGIko presidenteak -Pello Guibelalde-, elkarrekin zenbait jarduera egiteko.

 

Fagor Healthcarek Frantzian eta Erresuma Batuan salduko du bere Medical Dispenser-a

Nazioartera egin du jauzi Fagor Healthcarek —Fagorren Sustapen Zentroan sortutako enpresa—, eta Frantzian zein Erresuma Batuan hasiko da saltzen Medical Dispenser-a. Honenbestez, beste bi herrialdetan dago salgai Medical Dispenser-a, eta haietako batzuetan sustrai sendoak ditu jada.

 

Harvard eta Orkestra elkarrekin, lehiakortasuna hobetzeko tresnak irakasten

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Deustu Fundazioa) Microeconomics of Competitiveness (MOC) ikastaroan matrikula egiteko epea ireki du. Ikastaroak enpresen, klusterren eta lurraldeen lehiakortasuna hobetzeko eta eraldatzeko beharrezko tresnak eskaintzen ditu.

 

Ikasketak amaitu ostean beren negozioa sortzea hautatu dute Basque Culinary Center-eko ikasleen erdiek

Gastronomia eta sukaldeko artean graduatutako estatuko lehen promozioko ikasleek, zeinak aurten hirugarren ikasturtea egiten ari baitira Basque Culinary Center-Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Zientzien Fakultatean, beren negozioa sortu nahi dute, beste lan-aukera batzuen gainetik.

 

ELGAk euskal ekonomiarekiko interesa azaldu du, berrikuntza-, lehiakortasun- eta enpresa- eredu gisa duen garrantziagatik

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) ordezkaritza batek bilera egin du Bilbon Confebask-eko ordezkariekin, euskal ekonomiaren eta haren enpresa-sarearen ezaugarriak eta aukerak “hobeto ezagutzeko”.

 

Emakumeen ekintzailetza krisi-garaian

Inaki Irazabalbeitiak eta Marije Cornelissen-ek, Bizziarekin elkarlanean, jardunaldi bat antolatu dute Europako Legebiltzarrean (Brusela), krisi-garai honetan emakume ekintzaileen egoera zein den aztertzeko.

 

SabadellGuipuzcoanok eta Adegik beste 130 milioi jarri dituzte Gipuzkoako enpresak nazioarteratzen laguntzeko

Duen esperientziagatik, ibilbideagatik eta merkatuan duen lidergoagatik, esan dezakegu Nazioarteko Saila Sabadell bankuaren indarguneetako bat dela. Horregatik berritu dute arlo horretan duten hitzarmena ADEGIk eta SabadellGuipuzcoanok, Gipuzkoako enpresen babesari eta haiekiko konpromisoari eusteko eta indartzeko.

 

HETELek eta IK4k txandakako Lanbide Heziketa aitzindariaren aldeko apustua egin dute, teknologia zentroen laguntzarekin euskal mikroETE-etan berrikuntza bultzatzeko

HETELek hitzarmen bat sinatu du IK4 Research Alliancerekin, ikasleek horren teknologia zentroetan txandakako prestakuntza egiteko, enpresetan erabiltzen diren teknologiak oinarritzat hartuz, ondoren berrikuntza horiek euskal ETE-etara eramateko.

 

AGORA topaketak negozio aukera berriak garatzea izango du helburu

MONDRAGONeko BACen ekimena izanik, Goi Eskola Politeknikoaren partaidetzarekin antolatzen da AGORAren 1. edizioa. Ekintzailetzaren bitartez negozio aukera berriak sortzen laguntzeko helburua du. Martxoaren 1ean egingo da, Goi Eskola Politeknikoaren Garaia Campusean, Arrasateko Garaia Berrikuntzako Poloan.

 

UCB galdategi britainiarrak Zaragozan dituen instalazioak modernizatu ditu LKSk

S BUILDINGENIAk UCB galdategi britainiarraren Villanueva de Gallegoko (Zaragoza) egoitzan fusio-ekipamenduak berriztatzeko eta produkzio-instalazioak modernizatzeko proiektua eta eraikuntza egin ditu.

 

Enpresa Digitala

 

Norbere bizitzako historia gordetzeko espazio digitala

Legadrive zerbitzuak aukera ematen du dokumentu pertsonalak segurtasunez gordetzeko (argazkiak, bideoak, liburuak edo lanak) eta baita ere hautatzeko nor sartuko den biografia digital horretara. Datorren martxoaren 6an aurkeztuko da zerbitzu berri hau historian zeharreko aldaketa teknologikoak aztertuko dituen jardunaldi batean.

 

FlotasNet sistemak hiri adimendunen teknologiak aplikatzen dizkio bidaiarien garraioari

Fagor Electrónica enpresak garatutako FlotasNet sistemarekin urrunetik kudeatu daiteke bidaiarien garraioa, ibilbideak denbora errealean kontrolatuz eta erregaian aurrezteko irtenbideak eskainiz. Monbus autobus konpainiak 400 unitatetan ezarriko du sistema berri hau.

 

Mhop plataformak bitartekariak desagerrarazten ditu altzari bakar eta merkeagoak eskaintzeko

Ekintzaile talde batek diseinatzaileentzako plataforma bat jarri du martxan Bilbon, beren piezak zuzenean saltzeko bitartekaririk gabe. Espazio honek aukera ematen die sortzaileei prototipoak probatzeko fabrikatu aurretik, eta bezeroek prezio merkeagoak lor ditzakete salmenta kopuruaren arabera.

 

Errealitate Handitua, 3D eta osasunerako bideojokoak #EVEV15 topaketan

Euskal Valley topaketen edizio berri bat antolatu da datorren otsailaren 20rako. Hitzaldiek hizpide izango dituzte Errealitate Handituak erabiltzaileekin elkarreragiteko irekitzen dituen aukera berriak, osasunarekin lotutako joko serioetarako Kinect teknologia eta 3D diseinua.

 

Ingenia Sariek ingeniaritzako ikasleen sormena aitortu nahi dute

Deustuko Unibertsitateak eta Cimubisa-k Ingenia Sarien lehen edizioa antolatu dute. Lehiaketa honek helburutzat du Deustuko Ingeniaritza Fakultateko ikasleen edo lizentziatu berrien gaitasun teknologikoa, asmamena eta sormena aitortzea.

 

Comparace, kirol lasterketak denbora errealean kudeatzeko aplikazioa

Euskal ekintzailez osatutako talde batek Comparace aplikazioa sortu du; lasterketak monitorizatzeko sistema bat da, zeinak denbora errealeko informazioa ematen baitie antolatzaileei, parte-hartzaileei eta ikusleei. Proiektu hori, oraingoz beta fasean dagoena, Sua Sarietako finalistetako bat izan zen.

 

Iturria: Euskadi+innova

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke