BERRIKUNTZARI BURUZKO ALBISTEAK

2014ko Otsaila 12,


Berrikuntza Teknologikoa

BIOLCA tresnaren aurkezpen-ekitaldia: garraioa eta jasangarritasuna

BIOLCA proiektuaren helburu nagusia da, bizi-zikloaren analisia (BZA) metodologian oinarrituta, garraio-sektorearen jasangarritasuna ebaluatzeko eta hobetzeko web-tresna bat garatzea, aukera emango duena ingurumen-eraginak, eragin ekonomikoak eta eragin sozialak aztertzeko. Ildo horretatik, jardunaldi bat antolatu dute otsailaren 26rako Bilbon, Euskalduna Jauregian, tresna hori ezagutarazteko eta tresna hori aplikatuz landu diren bi kasu aztertzeko, bai eta gai horri lotuta gaur egun erakunde publikoetatik jarri diren helburuen berri emateko ere.


Aurtengo Master GECEM sari nagusia, motozaleentzako kasko seguruago eta erosoago baten proiektuarentzat

Arlo ezberdinetako zazpi ikaslez osatutako taldeak (ingeniaritza arloko bost ikasle, ekonomia arloko bat eta soziologo bat) jaso du GECEM Masterrak bere ikasleen artean enpresa-proiektu berritzaileei urtero ematen dien saria. Berrikuntza, kasu honetan, ez dagokio produktuari —motozaleentzako kasko bat—, baizik eta lehiakortasunaren eta balio erantsiaren abantailari (erosotasunari eta garbitasunari eta segurtasun-maila handiagoari dagokiona), ordenagailuz egindako simulazio teknikei eta material nahiz ehun berri eta adimendunen erabilerari esker lortua, hain zuzen.


Doktoretza-ikasle bat saritu du Jörg Meyer-Stamer fundazioak

Xabier Alberdik, Enpresa Lehiakortasuna eta Garapen Ekonomikoa doktoretzako ikasleak —zeina Orkestrak eta Deustuko Unibertsitateak ematen baituten Comillaseko Pontifize Unibertsitatearekin elkarlanean— Alemaniako Jörg Meyer-Stamer-ek doktoretzako ikerketa-lanei ematen diensari irekia irabazi du.


ULMA Packaging-ek sistema berri bat diseinatu du oilasko freskoa ontziratzeko

ULMA Packaging-ek ontzi berri bat diseinatu du oilaskoaren merkaturako; ontzi horrek itxura hobea, babes handiagoa eta higiene-maila handia ematen dio oilaskoari, ez baitago inolako kontakturik kanpoaldearekin.


Errealitate birtualeko aplikazioak hezkuntza bereziko haurrentzat

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Matematika eta Informatika Ingeniaritza Saileko ikertzaileek errealitate birtualeko hainbat aplikazio garatu dituzte. Aplikazioen helburua da ezohiko garapena daukaten haurren ezagutza eta mugimendu gaitasunak hobetzea. Ikasleek elkarreragin naturalaren bidez erabiltzen dute softwarea.


INTEFIX, mekanizazio-prozesuen errendimendua areagotzeko Europako industrian

IK4-Idekok INTEFIX proiektu europarrean parte hartzen du. IK4-Tekniker buru den proiektu horren helburu nagusia mekanizazio prozesuen errendimendua areagotzera bideratuta dago, prozesua monitorizatu, kontrolatu eta egokitzeko aukera ematen duten amarratze-sistema adimendunak erabiliz, emaitza bikainak lortu ahal izateko doitasun, kalitate eta gastuen gutxiagotzeari dagokienez.



Gizarte Berrikuntza

“Egizu zerorrek” “egizu inorekin” bihurtzen du Hirikilabs-Plazak

Abian dira Hirikilabs-Plaza topaketak. Astero egiten diren tailer ireki batzuk dira, non praktikan jartzen baitira kultura librearekin, kode irekiarekin eta ezagutza partekatuarekin lotutako proposamen sortzaileak. Asmoa da proiektuak garatzea Tabakalerako Hirikilabs espazioa eta baliabideak aprobetxatuz..


PlanBBWater kanpainak Bilbao Basket taldea babestu nahi du osasuna sustatuz

Momentu zailak bizi dituen Bilbao Basket taldeari lagundu nahian, #planBBwater kanpainak modu orijinal bat proposatu die taldearen zaleei eta oro har hiritarrei Euskadirekin lotura estua duen beste enpresa baten bidez: Altzolako Ura. Datozen asteetan salgai egongo diren botila berezi batzuk diseinatu dituzte.


Eskoletako jangela auto-kudeatu eta ekologikoen aldeko kanpaina

Ehige, Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteak eskoletako jangelen auto-kudeaketa defendatzen du catering enpresek kudeatutako zerbitzuen ordez, eta helburutzat du menuak prestatzeko inguruko ekonomia suspertzen duten tokiko produktu ekologikoak erabiltzea. Beste herrialde batzuetako esperientziek erakutsi dute aukera hori posible dela gain-kosturik sortu gabe.


Ashoka plataformak ko-sorkuntzako lehiaketa bat jarri du abian enpresa eta erakunde sozialentzat

Ashoka plataformak, Zermatt Summit eta Guilé fundazioek, DPD-k eta Boehringer Ingelheim-ek Social & Business Co-Creation lehiaketa aurkeztu dute, zeinetan parte har baitezakete eragile publiko eta pribatuen lankidetzaren bidez ongia komunari modu berritzailean laguntzeko gai diren Europako ko-sorkuntza proiektuek.


Hacking Democracy ekitaldiak argitara atera du Europako Legebiltzarrean gertatzen dena

Urtarrilaren 24tik 26rako asteburuan hackatoi bat antolatu zen Bruselan, Europako Legebiltzarrarekin eta bertako ordezkariekin lotutako datuak askatzeko. @eucampaign eta ParlTrack-ek sustatu zuten topaketa.


The Knight News Challenge lehiaketak osasun arloko datuen potentziala erakusten du

Informazio teknologiak eta datu publikoak aprobetxatu eta osasun zerbitzuen arloan konponbideak sortu dituzten zazpi proiektu berritzailek irabazi dute The Knight News Challenge: Health lehiaketa. Ekimenek 2.2 milioi dolarreko finantzaketa eskuratuko dute aplikazioak garatzeko.



Enpresa Eraldaketa

Bel Valves balbula-ekoizleak Danobat VL zinta-zerra instalatu du, ebakitze-denbora laburtzeko eta kostuak txikitzeko

Danobat VL zinta-zerra instalatuta, balbulak ekoizteko prozesuko ebakitze-eragiketak hobetu ditu Bel Valves ekoizle ingelesak. Horri esker, nabarmen laburtu da ebakitze-denbora, eta material gutxiago galtzen da, orain arteko prozesuarekin alderatuta.


ESLEk ‘Smart Citiy’en, onlineko merkataritzaren eta osasunaren aldeko apustua egin du bere proiektu berrietarako

ESLEk, Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteak, elkarlan teknologikorako hitzordu bat antolatu zuen. Hitzordu haren helburua zen elkarlana bultzatzea eta elkarteko enpresen artean ideia berriak partekatzea berrikuntza eta ikerketako eta garapen eta ikerketako (I+G+B) proiektu berriak sortzeko.


Ganberan izandako lau emakumetik batek bere enpresa sortu du Bizkaian

Emakumeei Enpresa Arloan Laguntzeko Programa (PAEM) Bilboko Merkataritza Ganberak garatu du, Ganberen Goi Kontseiluaren laguntzarekin eta Europako Gizarte Funtsaren eta Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren Estatu Idazkaritzaren diru-laguntzarekin. Programa horren helburua da autoenplegurako eta enpresa-jarduerarako sentsibilizazioa sortzea, eta, horretaz gain, tresna eraginkorra izatea enpresak sortzeko eta sendotzeko.


Euskadi Europako «vanguard» programan

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak «abangoardiarako eskualdeak» deitutakoen goi-mailako bileran parte hartu du Bruselan.


Silikona likidoko proiektu batek eta diseinu industrialeko beste batek jaso dituzte mugaz gaindiko eKop sariak

Euskal Eurohiriaren Mugaz gaindiko Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bihartean Mugaz gaindiko Merkataritza Ganberak eta Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak eKop 2014, Mugaz gaindiko Ekimen Enpresarialaren Sariak, eman dituzte. Bi proiektu saritu dituzte: bata silikona likidoari buruzkoa eta bestea industria diseinuaren eremukoa.



Enpresa Digitala

Ada Byron sari berriek emakume teknologo gailenak sarituko dituzte

Deustuko Unibertsitateak Emakume Teknologoari zuzendutako Ada Byron sariak deitu ditu, emakume ikerlariek teknologiarekin lotutako esparruetan egiten duten lana ikusarazteko. Garaikur hauek helburutzat dute baita ere emakumezko teknologoen belaunaldi berriak inspiratuko dituzten ereduak eskaintzea.


Bizkaiko Menuveo startup-ak 150etik gora jatetxeren menuak eskaintzen ditu

Menuveo tresnak sare sozialak eta web orriak erabiltzen ditu jatetxeei beren eguneroko menuak zabaltzen laguntzeko, eta badu zerbitzu bat informazioa aldi berean eguneratzeko. Tresna hau Estatu osoko establezimenduei eskaini zitzaien urtarrilaren erdi aldean eta dagoeneko 150 baino gehiago dira erabiltzen dutenak.


Mapplas aplikazioak tokiko app onenak bistaratzen ditu kokapenaren arabera

Mapplas aplikazioak mugikorretarako aplikazioei buruzko gomendioak egiten dizkie erabiltzaileei, baliagarri izan dakiekeelako hiri berri batera iristen direnean. Proiektuaren helburua da baita ere tokian tokiko garatzaileek sortutako kalitatezko app mugikorrak ezagutaraztea. Finalista izan ziren GipuzkoApps eta Sua Sariak lehiaketetan.


Zitek erakundeak enpresen simulazioari buruzko E-mprende lehiaketa jarri du martxan

Ekonomialarien Euskal Elkargoak eta Zitek-ek E-mprende onlineko lehiaketaren edizio berri bat antolatu dute, non parte-hartzaileek erabakiak hartzen baitituzte Internetez simulatutako enpresa bat kudeatzeko. Izena emateko epea zabalik dago otsailaren 18ra arte.


Smartphone batetik kudeatutako autobus flotak

Bizkaiko Aditium enpresak Ticktrack jarri du martxan; NFC teknologian oinarritutako konponbide bat da, garraioaren kudeaketa erraztea helburu duena, besteak beste, bidaiarien nahiz ibilbideen kontrola eta datu bilketa. Hitzarmen bat sinatu dute Madrileko autobus konpainia batekin.


ESLEko enpresek smart city, e-commerce, Big Data eta osasunaren aldeko apustua egingo dute

Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteak bazkideen arteko lankidetza sustatu nahi du, I+G+B-ko proiektu berriak garatzeko lau eremu estrategiko hauetan: hiri adimenduna, online merkataritza, osasuna eta Big Data.


Spotbros enpresak IMbox.me merkaturatu du, enpresentzako bat-bateko mezularitza zerbitzua

IMbox.me tresnak lainoa erabiltzen du mezuak modu seguruan bidali eta artxiboak partekatzeko. Zerbitzu honek Whatsapp eta Dropbox aplikazioen funtzionaltasunak bateratzen ditu, baina enpresentzat diseinaturik dago bereziki. Everis aholkularitzak dagoeneko sinatu du tresna hau bere enpresan txertatzeko akordioa.


Iturria: Euskadi+innova

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke