BERRIKUNTZARI BURUZKO ALBISTEAK

2014ko Otsaila 11,


Berrikuntza Teknologikoa

Pirinioen bi aldeetako ikerkuntza biomedikoko zenbait zentrok elkarlana sendotu dute

Pirinioen bi aldeetako ikerkuntza biomedikoko zenbait zentro bildu dira berriki elkarren arteko lankidetza sendotu eta elkarrekin egiteko proiektuak sustatzeko. Topaketa Refbio Pirinioetako Ikerkuntza Biomedikoko Mugaz Haraindiko Sarearen esparruan egin zen. Sarean Euskadiko, Nafarroako, Errioxako, Aragoiko eta Midi Pyrénees eskualdeko zenbait erakundek egiten dute lan, interes estrategikoko 10 eremutan elkarlaneko 18 proiektu sustatzeko helburuarekin, biomedikuntzako intereseko arloetan, hala nola onkologian, arazo kardiobaskularretan edo neurozientzietan.


REEMAIN proiektuak industriaren C02-igorpenak murrizten lagunduko du

Energia kudeatzeko tresnak garatuko dituen Europako REEMAIN proiektuan parte hartzen ari da IK4-IKERLAN, industria-sektoreari igorpenak eta kontsumo elektrikoa murriztea ahalbidetzeko. Ekimen horretan garatuko den tresna nagusia software bat izango da, fabrika batean energiaren kudeaketari lotutako xehetasun guztiak aztertuko dituena, eta datuak iragarpen-simulazioak egiteko programa baten bitartez prozesatu eta hobekuntzak proposatuko ditu, instalazioaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko.


Tecnalia Middle East Electricity 2014 azokan izango da

Tecnaliak bere stand-a izango du, beste behin ere, Dubain egiten den Middle East Electricity (MEE) energiari buruzko nazioarteko azokan. Otsailaren 11a eta 14a bitartean ospatuko da azoka hori.


Mikrohariak, mugikorretarako sentsoreak

Mikroharien egitura magnetikoa aztertu du UPV/EHUko ikerketa batek, aplikazio berrien bila.


Pedro Larrañaga ikertzailea, urteko informatikaria

Soraluzen jaiotako katedradunaren lanen “zabaltasuna eta sakontasuna” aintzatetsi ditu estatuko sarien epaimahaiak.


Kiro Robotics-en eta Onkologikoa-ren aliantzak munduko teknologiarik aurreratuena lortu du ospitaleko farmaziarako

Kimioterapiako tratamendua ematerakoan, oso tarte txikia dago sendatzen duen dosiaren eta gaixoari arazoak sor diezazkiokeen dosiaren artean. Kimioterapia administratzea arrisku handi-handiko prozesua da, baina orain funtsezko laguntzaile bat aurkitu du: robota da, eta hainbat hilabetetako probaren ondoren, “lanean” ari da banako kimioterapia-dosiak prestatzen Onkologikoan, Euskadin minbizia tratatzeko dagoen zentro monografiko bakarrean.



Gizarte Berrikuntza

Forum Academy, etorkizuneko liderrak prestatzeko plataforma

Aste honetan aurkeztu da Davosen Forum Academy, Munduko Ekonomia Foroak edX erakundearen laguntzarekin sustaturiko hezkuntza-plataforma, zeinaren helburua baita lidergoaren inguruko prestakuntza ematea antolakundeek eta profesionalek ezagutza estrategikoak jaso ditzaten gero eta konplexuagoa den mundu honetan.


Giza garapenerako teknologiak ETSI Bilbao zentroan

Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoak Garapenari, Lankidetzari eta Teknologiari buruzko XV. Mintegia ostatatuko du otsailaren 14tik maiatzaren 6ra. Programa horren barruan teknologien erabilpena jorratuko dute garapen, lankidetza eta nazioarteko elkartasun arloetan.


CiviCRM tresnak marketina erabiltzen du GKEen kudeaketa hobetzeko

CiviCRM kode irekian eginiko software tresna bat da, helburutzat duena irabazi asmorik gabeko erakundeetako kontaktuen kudeaketa eta administrazioa hobetzea. Urtarrilaren 29an CiviDay jardunaldia egin zen munduko 20tik gora hiritan, tresna ezagutarazteko eta erabiltzaileen artean esperientzien trukea sustatzeko. Madrileko Medialab-Pradok bat egin zuen jardunaldiekin.


Haurren Hirien Sareak haurren parte hartzea bultzatuko du hirian

Aurkeztu da Haurren Hirien Sarea udalerri-sarea, politika publikoen diseinuan haurren eta nerabeen parte-hartze aktiboa bilatuko duen hiri-eredu berri bat sustatzeko ekimena. Proiektu hau Herrigune Leioa programaren barruan sortu da, La Città dei Bambini ekimenean inspiratuta.


Iritsi da Bilbora Forum d’Avignon

“Hiria kultur ekosistema gisa” lelopean, Bilboko Alondegiak Forum d’Avignon Bilbao ekitaldiaren 2014ko edizioa ostatatuko du martxoaren 5etik 7ra. Topaketa transbertsal horretara nazioarteko aditu garrantzitsuak hurbilduko dira kulturari, finantzaketa ereduei, berrikuntzari eta lurraldeari buruz hausnartzeko.


Industria kulturalak eraldatuko dituzten 100 proiektu bilatu nahi dira Zinc Shower topaketan

Maiatzaren amaiera aldera egingo da Madrilen Zinc Shower topaketaren bigarren edizioa, zeinaren helburua baita berrikuntza sustatzea industria kultural eta sortzaileetan. Martxoaren 17ra arte zabalik dago proiektuak aurkezteko epea, eta proiektu horiek prestakuntza programa batean parte hartuko dute.



Enpresa Eraldaketa

Alhymotion hidrogenoa sortzeko sistema, Japoniako merkatura

Japoniako talde garrantzitsu batek Euskal Herrian garatutako teknologia bati buruzko interesa agertu du: hidrogenoa sortzeko sistema bat da, zeinak aluminioaren ezaugarriak baliatzen baititu ura hidrogeno bihurtzeko. Katsusuke Watanuki Tonami CO taldeko lehendakariak akordio bat sinatu du Reflectiarekin, Alhymotion teknologia baliatzeko aplikazio batean, zeinaren bidez bermatu nahi baitute energia-hornidura hondamendi-kasuetan, sistemak ‘lagundu’ dezan ohiko sare elektrikoak izan ditzakeen hutsegiteetan.


EYHER eta Metrología Sariki HEGAN cluster elkartean integratu dira

Gipuzkoako EYHER eta Metrología Sariki enpresek hamar urte baino gehiago daramate aeronautikaren sektorearekin harremanetan, eta HEGAN Aeronautika eta Espazio Clusterrean sartu dira, sektore horretan izan dezaketen jarduera indartzeko. Une honetan, garrantzi handiko proiektuetan daude sartuta, beste bazkide batzuekin batera.


ATEGIk inportazioko itsas garraioaren negoziazioa itxi du % 40ko diferentzial batekin merkatuaren gainean

Duela urte eta erdi eredu berri bat jarri zen martxan edukiontzi osoen inportazioa itsas garraioaren bidez kontratatzeko MONDRAGON kooperatibentzat. Emaitza onak lortu dituztenez, eredua mantentzea erabaki dute. Negoziazioak ontzi-enpresa nagusiekin egiten dira zuzenean, eta, hala, kondiziorik onenak lortzen dira negoziazioan parte hartzen duten kooperatibentzat.



Enpresa Digitala

Skillzity plataformak langabezia murrizten du ezagutzak balioan jarriz

Euskal ekintzaile talde batek sortutako Skillzity plataformak aukera ematen dio edozein pertsonari onlineko ikastaroak edo ikastaro presentzialak emateko, bere ezagutzak balioan jarriz. Espazioaren helburu nagusia da ikaskuntzarako nazioarteko komunitate sozial eta kolaboratibo bat sortzea.


Wayra azeleragailuak bere akademiak zabalduko ditu 50 startup berrirentzat

Oinarri teknologikoko startup-en Wayra azeleragailuak deialdi berri bat zabaldu du Europan eta Latinoamerikan dauzkan zazpi zentrorentzat. Guztira 50 plaza eskainiko ditu, 10 Wayra Madrid zentroan eta beste 10 Wayra Barcelona zentroan. Epea zabalik egongo da otsailaren 23ra arte.


Gasteizek bat egin du programatzaileentzako BetaBeers topaketekin

BetaBeers programatzaileen komunitate bat da, hainbat egoitza dituena hiri desberdinetan, eta ekitaldi informalak antolatzen dituena startup-ak aurkezteko, tailer praktikoak egiteko eta kolaborazioak sortzeko. Gasteizek sarearekin bat egin du eta topaketa bat antolatu du otsailaren 20rako.


WiMi5 bideojoko plataformak lehen inbertsio erronda jaso du

WiMi5 Tecnaliak sortutako startup bat da, eta bere helburua da tresnak ematea garatzaileei bideojoko kasualak sor ditzaten. Plataformak 390.000 euroko inbertsioa jaso du berriki ITNet Taldeak zuzendutako operazio baten barruan.


VPK Solutions enpresak 3.0 bidaia-agentziaren tresnak aurkeztu ditu Fitur azokan

Gipuzkoako VPK Solutions konpainiak Madrileko Nazioarteko Turismo Azokan aurkeztu zituen bidaia-agentzientzako tresna digitalen paketeak. Interneten erabateko presentzia izateko konponbide integral horiek XML erreserba motorrak, sare sozialen erabilpena eta IP ahots sistemak barne hartzen dituzte.


WheelsLand, Decoramus eta Nolatan ekimenek irabazi dute Sua Sarien 1. edizioa

Onlineko hagunen katalogo handiena duen WheelsLand atariak lortu zuen lehenengo saria Sua Sariketan. Sua Digital elkarteak antolatutako lehiaketa hori Bilbon egin zen urtarrilaren 24an, Euskadiko startupen ekosistema bultzatzeko. Decoramus eta Nolatan ekimenek bigarren eta hirugarren sariak irabazi zituzten.


Iturria: Euskadi+innova

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke