BERRIKUNTZARI BURUZKO ALBISTEAK

2014ko Urtarrila 20,


Berrikuntza Teknologikoa

Material berrien garapena, mintz katalitikoko erreaktoreak diseinatzeko eta ekoizteko

DEMCAMER ekimenak proposamen bat egiten dio Europako industria kimikoaren paradigmari: ekoizpen-tasa handitzea eta, aldi berean, produktuen kalitateari eustea eta kostuak murriztea, “mintz katalitikoko erreaktore” (CMR) deritzon unitate bakar bateko erreakzio- eta bereizketa -prozesuen konbinazioan.


EDPk banaketa-sarera konektatutako EAEko gas naturala hartzeko lehen estazioa inauguratu du

EDP Naturgas Energíak EAEko banaketa-sarera konektatutako gas natural likidotua hartzeko lehen estazioa inauguratu du orain dela gutxi Gasteizen, non konpainiak 310.000 euro inbertitu baititu. Hala, etxeetara eta enpresetara iristen den gas natural berbera emango du ibilgailuentzat ere.


Tecnalia Katedra sortu du Kordobako Unibertsitateak

José Manuel Roldán Kordobako Unibertsitateko errektoreak eta Joseba Jauregizar Tecnaliako zuzendari orokorrak hitzarmen bat sinatu dute prestakuntzaren, ikerketaren, garapen teknologikoaren, berrikuntzaren eta eraldaketaren arloan elkarlana sendotzeko.


Orona igogailuen gama berria

Orona 3G igogailu-gama berriaren aurkezpena egin zen jasogailuen sektoreko Europako azoka nagusian, Interlift-en, Augsburgon (Alemania). Alderdi berritzaileenetako bat kabinen diseinuaren lerro berria da, LKS DIARADESIGN enpresak diseinatu duena.


Danobatgroup-ek ekoizpen-sistema jasangarriak eskaintzen ditu

Gaur egun, jasangarritasunarekin lotutako zenbait ikerketa-proiektutan ari da lanean Danobatgroup. Horiek aukera ematen dute makinen efizientzia handitzeko, irtenbide berriak proposatzen dituzte baliabide-urritasunaren aurrean, eta makinetako langileen segurtasuna eta lanaren kalitatea handiagotzen dute kontrol-sistema aurreratuen bidez..


Eco-Innovation ekimenak ingurumena zaintzen duten produktu berritzaileen ideiak saritzen ditu

Eco-Innovation ekimenak ikerketaren eta merkatuaren arteko zubi-lana egiten du. Haren helburua da ingurumena zaintzen duten produktu, zerbitzu eta prozesu berritzaileen ideia onak asmo komertzial bihurtzea, enpresek eta industriak erabiltzeko prest jartzea alegia. Hautatutako produktu bat merkatu aeronautikora bideratuta dago. Cr oinarriko geruza konbentzionalen alternatiba bat da, ingurumena errespetatzen duena, eta babes optimoa ematen du korrosioaren aurrean, baina eragozpen bat du: oso toxikoa da.


Graphenea-k industrializazio-estrategia bat sortuko du Repsol-en babesarekin

Graphenea konpainiak, grafenoa ekoizten duen enpresak, industrializazio-estrategia bat sortuko du eta merkatu berrietan kokatuko da Repsol-ek eta Garapen Teknologiko Industrialerako Guneak (CDTI-k) bere kapitalean milioi bat euro inbertitu ondoren. Graphenea start up-a inbertsore pribatuen talde batek eta CIC nanoGUNE ikerketa-zentroak sortu zuten 2010ean.


MANUNET 2014 deialdia zabalik dago

Deialdi honen bidez, EAEko enpresek fabrikazioaren arloan nazioarteko ikerketa proiektuetan parte hartzeko aukera dute Eusko Jaurlaritzaren finantzazioarekin.


Gizarte Berrikuntza

Tabakalerak 2014an estreinatuko du Sukaldea, bere beta egoitza berria

Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa izango denak egoitza berri bat aurkeztu du, zeinak programazioaren zati bat ostatatuko baitu, 2015ean Tabakalera berriro ireki arte. Espazio hori Atotxako dorrean dago kokatuta eta ikus-entzunezkoak, tailerrak, mintegiak eta sortzaile erresidentziak egingo dira bertan.


DeustoTech-en Kineage bideojokoa Social Innovation in Ageing lehiaketako finalista

Kineage bideojoko “serio” bat da, DeustoTech-eko ikerlari taldeak sortu duena eta ariketak eginez pertsona nagusien osasuna hobetzea helburu duena. Kineage proiektua Europako Social Innovation lehiaketan parte hartuko duten 20 finalistetako bat da.


NiZu= proiektuak eskoletara hurbilduko du ezgaitasunak dituzten pertsonen eguneroko errealitatea

Gureak taldeak programa bat dauka martxan Lehen Hezkuntzako haurrek ikus dezaten nolakoa den ezgaitasunak dituzten pertsonen eguneroko bizitza. Eztabaidaren bidez aurreiritziak hausten saiatuko dira eta Gureak-en lan instalakuntzak bisitatuko dituzte. Asmoa da ikasturte honetan 2.000 ikasle igaro daitezela programatik.


Bizkaiak eta Britainia Handiak proiektu sortzaile komunak bultzatuko dituzte

Bilbao Bizkaia Design & Creativity Council eta British Council erakundeek hitzarmen bat sinatu dute industria sortzaileekin lotutako proiektu partekatuak martxan jartzeko bi herrialdeetako antolakunde, enpresa eta profesionalen artean. 2014an zehar garatuko dira ekimenak.


Bilbok “Ideiak Martxan” lehiaketa abiarazi du ekimen sortzaileak dituzten gazteentzat

Bilboko Udalak “Ideiak Martxan” lehiaketa abiarazi du hiriko bizitza sozial eta kulturalari ekarpenak egin diezazkioketen gazteen proiektuak bultzatzeko. Lehiaketaren helburua da finantzaketa eskaintzea proposamen horiek egia bihurtzeko.


Trazeo ekimenak eskolarako bidea berreskuratzeko aplikazio bat sortuko du

Trazeo ekimenaren helburua da haurrak oinez joan daitezela eskolara lehen egiten zen bezala, eta horretarako ibilbide seguruak antolatzen dituen aplikazio bat sortuko du (weberako eta mugikorrerako). Proiektuak behar duen finantzaketa lortu du herritarren dohaintzei esker.


Enpresa Eraldaketa

Global Innovation Day-k euskal berritzaileak bilduko ditu Bilbon

Eskaria eta eskaintza aktibatzeko helburuz, Global Innovation Dayaren hirugarren edizioa antolatu du Innobasquek datorren urtarrilaren 30ean Bilboko Alondegian. Erakunde eta pertsona berritzaileek azkeneko joerak, esperientziak eta produktuak erakutsi, ezagutu eta aktibatuko dituzte dagoeneko berrikuntzan dihardutenekin, hemen eta munduko gainerako lekuetan.


SPRIk Euskadiren eta Afrikaren arteko kanpo merkataritzaren potentzial gero eta handiagoari buruzko balorazioa egin du Afrorum elkarteak antolatutako jardunaldian

SPRIk, Eusko Jaurlaritzako Enpresen Garapenerako Agentziak, Euskadi eta Afrikaren arteko kanpo merkataritzaren potentzial gero eta handiagoari buruzko balorazioa egin du, eta gaur Oñatin egin den “Afrorum, encuentro para promover la colaboración entre Euskadi y Guinea” jardunaldian azaldu du zeintzuk diren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eskaintzen dituen tresnak Afrikan negozioak egin nahi dituzten enpresei laguntzeko.


Adegik lan-harremanen eredu berri baten alde egin du

Ohar baten bidez jakinarazi duenez, Adegiren Kontseilu Errektoreak, azken bilkuran, lan-harremanen eredu berri bat onartu zuen. Eredu hori aldeen arteko konfiantzan oinarrituta dago, eta enpresetan pertsonekin akordioak lortzera bideratua lehiakortasuna hobetzea helburu harturik.


Makina-erremintaren eta fabrikazio-teknologien sektorean % 5,6 gehiago fakturatu du 2013an

Eskura dituzten zenbatekoak behin-behinekoak dira oraindik, baina, azpisektoreetan egindako analisien arabera, uste da makina-erremintak % 7,8 haziko direla; harroketa bidezkoa zifra apalagoetatik abiatu zen, eta % 7 hazi da, eta deformazio bidezkoak orain arteko fakturazio-kopuruak hautsi ditu, eta % 8,8 hazkundea aurreikusten zaio. Osagaiek, bestetik, zerbait gutxixeago egin dute gora (+% 2,5), batik bat, Asiako ekoizleen egoeraren eraginez. Erreminten arloan hobekuntza hauteman da azken hiruhilekoan, eta urtea nahiko paretsu itxi dute.


Bizkaiko Foru Aldundiak 13 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu aurten enpresa berrien sorreran

Bizkaiko Foru Aldundiak 13.289.000 euro inbertituko ditu aurten enpresa-ekimen berrien sorreran. Ezarrita dauden laguntza zuzenen eta ekonomia dinamizatzeko beste jarduketa batzuen bitartez berrehun enpresa eta enpresa-proiekturi lagunduko zaie “Enpresa Berriak Sustatzeko 2012-2015 Foru Plana”ren barruan, 2014an zehar.


A+g enpresak Bizikiro Living Management gune berria estreinatu du Goiain industrialdean

A+g euskal aholkularitza-enpresak Bizikiro Living Management gunea estreinatu du Arabako Goiain industrialdean. Bulegoaren kontzeptu tradizionala alde batera utzi nahi izan dute, eta enpresa-kudeaketa ikuspegi parte-hartzaileago baten arabera egiteko diseinatu dituzte instalazioak.


Deutsche Bank erakundeak eta Elkargik aliantza itxi dute, enpresa txiki eta ertainek mundu osoan egiten dituzten operazioei bermea emateko

Deutsche Bank erakundeak eta Elkargi, Espainia osoan bakarra den akordio aitzindari bat lortu dute, esportatzen duten enpresei nazioarteko abalak mundu osorako garantiarekin eta lehentasunezko baldintzetan eman ahal izateko.


Enpresa Digitala

Deustuk e-learningeko proiektu bat eta hezkuntzarako urruneko laborategiak lideratzen ditu

OLAREX proiektuak modu berritzailean inplementatu nahi ditu ikaskuntzako IKT tresnak hezkuntza formal nahiz informalean, hala nola: urruneko esperimentuak eta e-learningeko materialak. Deusto Tech Learning taldeak koordinatu du ekimena eta Europako sei herrialdetako erakundeek parte hartu dute.


Donostiak bat egin du bideojokoak sortzeko Global Game Jam maratoiarekin

Pintxo Developer kolektiboak lortu du Donostia izan dadila Global Game Jam topaketako egoitza. Bilbok ere parte hartzen du topaketa horretan. Bideojokoak sortzeko asteburuko maratoi bat da, aldi berean egiten dena 60tik gora herrialdetan.


Eneko Astigarraga da ESLEko presidente hautetsi berria

Software Libreko Enpresen Elkarteak CodeSyntax enpresako bazkide zuzendaria, Eneko Astigarraga, hautatu du presidente izateko. Batzorde berriak hainbat erronka hartu ditu bere gain: ESLE nazioarteko erreferente bihurtzea eta software libreko Euskadiko proiektu lehiakorrak bultzatzea.


Consultec enpresa nazioartean zabaldu da bi bulego irekiz Bogotan eta Mexiko DFn

Consultec e-learning eta prestakuntza presentzialean espezializatuta dagoen Bizkaiko enpresa bat da, zeinak nazioartekotze prozesu bat abiarazi baitu Latinoamerikan merkatu berriak bilatzeko. Estrategia horri jarraiki, bulego iraunkorrak zabaldu ditu Mexikon eta Kolonbian.


Aplikazio mugikor onena sortzearen erronka Bartzelonatik Londreserako bidaia batean

Imagine Express programa original bat da, eta bere helburua da aplikazio mugikorrak garatzea joan-etorriko AVE bidaia batean. Trena Bartzelonatik aterako da otsailaren 25ean eta hilaren 27an itzuliko da, ideia irabazleak Mobile World Capital ekitaldian aurkezteko. Parte hartzeko epea zabalik dago oraindik.


Onartu da Faktura Elektronikoa Bultzatzeko Legea

Diputatuen Kongresuak onartu du Faktura Elektronikoa Bultzatzeko Legea, IKTen arloko enpresen aldarrikapen garrantzitsuenetako bat. Hala, Administrazio Publikoarekin egingo diren tramiteak gardenagoak eta arinagoak izango dira.


2013an SPRIk 10 milioi eurotik gorako inbertsioa bultzatu du informazio teknologien arloan

2013an SPRIk 10 milioi eurotik gorako inbertsioa sortu du informazio teknologien sektorean, 796 enpresak eta 78 enpresa elkartek beren lehiakortasuna hobetzeko jaso dituzten 3 miliotik gorako laguntzei esker. Dirulaguntza horiek eman zaizkie beren lehiakortasuna hobetu dezaten tresna digitalak aplikatuta, esaterako, negozio (e-Business), merkataritza edo marketin elektronikoak. +digitala@ programak indarrean jarraituko du 2014an antzeko aurrekontuarekin.


Iturria: Euskadi+innova

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke