BERRIKUNTZARI BURUZKO ALBISTEAK

2014ko Martxoa 11,


Berrikuntza Teknologikoa

Eusko Jaurlaritzak 1,3 milioi euroko diru-laguntza eman die Euskadiko ingurumena hobetzeko 94 industria-proiekturi

 Euskal Autonomia Erkidegoko 80 enpresak –ETEak, gehienbat- 1,3 milioi euro jasoko dituzte ingurumena babesteko 94 proiektutan inbertitzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Plangintza Sailak emandako diru-laguntzetatik. Ingurumena babesteko jarduera horiei esker, 40 lanpostu sortuko dira.

 

Teknologia-maila handiko sektoretan lanpostu-portzentaje handiena duen elkarteetako bat da EAE

2012an, 1.173.800 pertsonak egin zuten lan teknologia-maila handiko eta ertain-handiko sektoreetan. Sektore horretako langile-kopuruak langileen guztizkoarekiko hartzen duen portzentajeari dagokionez, hauek izan ziren portzentaje handiena zuten autonomia-erkidegoak, Estatistika Institutu Nazionalaren arabera: Nafarroako Foru Erkidegoa (% 12,3), EAE (% 11,7) eta Madrilgo Erkidegoa (% 11,2).

 

CIC microGUNE NAPES europar proiekturako ikertzaile bila dabil

 CIC microGUNEk NAPES (Next Generation Analytical Platforms for Environmental Sensing) europar proiektuan parte hartzen du. Proiektu horren helburua da material adimendunetan oinarrituta mikrofluidoen sistema merke eta eraginkorrak garatzea, uraren kalitatea kontrolatzeko. Proiektua 2017aren erdialdean amaituko da, prototipo funtzional bat eginda. Mikroteknologien arloko euskal ikerketa-zentroak deialdi bat jarri du martxan europar proiektu horretan aritzeko ikertzaile bat kontratatzeko.

 

Coprecik Wanagement aurkeztu du, energetikoki eraginkorragoa den produktu-sorta

 Aretxabaletako (Gipuzkoa) Copreci kooperatibak Wanagement (Water management) aurkeztu du. Sorta berri horretako produktu guztiek energia-eraginkortasun handia dute, eta, beraz, elektrizitate-kontsumo txikiagoa dute eta zarata txikiagoa ateratzen dute.

 

Zirkuitu integratuak, seinalea hobetzeko eta haririk gabeko gailuen energia-kontsumoa txikitzeko

 Haririk gabeko konexioa erabiltzen duten gailu elektronikoak (tabletak, argazki-kamerak, ordenagailu eramangarriak, sentsoreak eta abar) oinarrizko tresna bihurtu dira egunerokoan. Era berean, erabiltzaileek gailu gero eta txikiagoak, merkeagoak eta energia-kontsumo txikiagokoak nahi dituzte. Horren guztiaren haritik, NUPeko telekomunikazio-ingeniari Jesús Aguado Ruizek kontsumo ultratxikiko eta irismen laburreko inguruneetako haririk gabeko komunikazioen harrera ezartzen duten zirkuitu integratuak garatu ditu bere doktore-tesian.

 

Gaiker-IK4, Europako EuCertPlast ziurtagiria emateko baimendutako erakunde bakarra estatuan

 Kontsumo osteko plastikoen birziklatzaileak eta eraldatzaileak, kalitate-maila zorrotzetan dihardutenak, aintzatesten dituen europar ziurtapen-sistema berria da EuCertPlast. Oraingoz, ikuskapenak egin eta ziurtagiri hori emateko EuCertPlasten partzuergoak Espainia osoan onartzen duen entitate bakarra da GAIKER-IK4. Ziurtagiri horren bidez, enpresa eraldatzaileek jakin dezakete beren plastiko-hornitzaileek jardunbide egokiak erabiltzen dituztela, ingurumena errespetatzen dutela eta indarrean dagoen legedia betetzen dutela.

 

Gizarte Berrikuntza

Euskadik Europako Transition proiektuan parte hartuko du 300 berrikuntza sozial identifikatzeko

 Transition izeneko ekimen horretan Europako 6 eskualdek parte hartuko dute, besteak beste Euskadik, tokian tokiko berrikuntza sozialeko proiektuak identifikatu, elkarrekin konektatu eta garatzen laguntzeko. Proiektuaren helburua da 30 hilabetean potentzial handiko 300 ideia detektatzea

 

Goteo, Guifi eta Smart Citizen Kit, berrikuntza sozial digitalaren munduko 10 proiektu gailenen artean

 Erronka sozialentzako konponbide berritzaileak bilatzen dituzten proiektu askok Interneten dute beren habitat naturala. Digital Social Innovation proiektuaren hasierako fase honetan, Nesta antolakunde britainiarrak errepaso bat eman die hamar proiektu garrantzitsuenei eta proiektu horien atzean dauden pertsona berritzaileei. Hautatuen artean proiektu hurbilak ere badaude, hala nola Goteo, Guifi eta Smart Citizen.

 

Tknikak eta Usandesign-ek desing thinkingari buruzko jardunaldiak abiarazi dituzte

 Martxoaren 14tik apirilaren 11ra hainbat topaketa egingo dira Tknikan ikasleei design thinking edo diseinu pentsamenduaren metodologiak hurbiltzeko. Jardunaldietan “Design & Thinking” dokumentala proiektatuko dute eta tailer bat egingo dute prozesu horiek kasu praktiko batean aplikatzeko

 

Enplegua sortzeko 30 proiektu berritzaile elkartu dira Bilbon

Bilbon ari dira egiten egun hauetan Europako Batzordeak bultzatzen duen European Social Innovation Competition lehiaketaren bigarren fasea. Finalista izan diren 30 proiektuen ordezkariak tokiko aholkulariekin eta nazioarteko adituekin elkartu dira, beren ekimenei itxura emateko.

 

Gurutzetak eta Ikeak haurren gimnasio bat ireki dute, jolasen bidezko terapia lantzeko

 Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak, Suediako altzari enpresarekin elkarlanean, Errehabilitazio zerbitzuko areto bat egokitu du jolas-gune bihurtzeko. Bertan tratatzen dira egunero osasun zentrora doazen 70 neska-mutiko ingururi eragiten dieten hainbat patologia

 

Irekita dago Bizkaia Sortzailea 2014 diru-laguntzen deialdia

 Martxoaren 14ra arte aurkeztu daitezke Bizkaia Sortzailea programako diru-laguntzak eskuratzeko eskaerak. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen programa horren helburua da laguntza ematea Bizkaiko enpresa sortzaileei.

 

Enpresa Eraldaketa

BIC GIPUZKOA BERRILANek eta BANCO SABADELLek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute

 Bic Gipuzkoa Berrilanek eta Banco Sabadellek sinatutako lankidetza-hitzarmenaren helburua da Bic Gipuzkoa Berrilanen babesa duten ekintzaileei laguntzea enpresa-proiektuak eta -jarduerak finantzatzen, lehentasunezko baldintzetan, sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker.

 

Euskadiko biozientzien sektorearekin batzartu da AEBren Espainiako enbaxadorea

James Costosek, AEBren Espainiako enbaxadoreak, Euskadiko biozientzien sektorea zertan den jakin nahi du, eta etorkizunean bi herrialdeotako enpresen artean lankidetzarako aukerarik izan ote daitekeen.

 

IK4-Ikerlan potentzia-elektronikako Europako plataformarik garrantzitsuenean sartu da

IK4-Ikerlan potentzia-elektronikaren arloan dagoen plataformarik garrantzitsuenean sartu berri da, hau da, European Center for Power Electronics (ECPE) zentroan.

 

Proiektu berritzaileek milioi erdia bitarteko finantzaketa pribatua lortu ahal izango dute I. Inbertsioaren Donostiako Foroari esker

 Keiretsu Inbertsio Foroaren Euskal Herriko egoitza berria eta bakarra Donostia izango da. Inbertsiogileen aurrean proiektuak aurkezteko lehen topaketa apirilaren 3an egingo da.

 

Lanbide Heziketa enpresen premia teknologikoetara hurbilduko dute TKNIKAk eta Tecnaliak

 TKNIKA Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroak eta Tecnalia Research & Innovation ikerketa aplikatuko zentroak elkarrekin lan egingo dute, etorkizuneko lanbideak identifikatzeko eta Lanbide Heziketa industria-sarearen benetako premietara modu optimoan doitzeko.

 

Lehen “Top-Encuentros Empresariales”jardunaldiaren barruan, 20 topaketa egingo dituzte

 Top- Encuentros Empresariales topaketaren helburu nagusia da zerbait erakutsi nahi duten enpresa-gizon eta -emakumeek ikasteko gogoa duten beste batzuei beren esperientziaren berri ematea. Topaketaren bidez, enpresen arteko informazio- eta jakintza-truke aktiboa sustatu nahi da, enpresen jarduera onenak berrerabiliz eta hedatuz.

 

Enpresa Digitala

BIME PRO musika industriaren azokak 2. edizioa ospatuko du urrian

 Dagoeneko jakinarazi dituzte BIME, Bizkaia International Music Experience azokaren hurrengo edizioko datak. BIME PRO jardunaldiak urriaren 29tik 31ra egingo dira, eta jardunaldi horietan esploratuko dituzte musikaren industria eta teknologia digitalak nahastuz sortu daitezkeen negozio-aukera berriak.

 

Startup Barnetegi, tailer trinko bat negozio-eredu berritzaileak bilatzeko

 Apirilaren 3 eta 4an Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroak (CEIA) Startup Barnetegi jardunaldiak antolatuko ditu, non parte-hartzaileek 24 ordu igaroko baitituzte negozio-eredu berritzaile baten prototipoa egiten. Tailer hau beraizik zuzendurik dago enpresa jarduera bat hasten ari diren edo negozio-ildo berrien ardura duten pertsonei.

 

Delirium Studios-ek bideojoko bat kaleratuko du Nintendo 3DS-rentzat

 Delirium Studios euskal ekoizpen-etxea azken ukituak ematen ari da Los delirios de Von Sottendorff izeneko jokoari. Nintendo 3DS-rentzat sortu du eta kontsolen merkatura sartu nahi du joko horrekin. Delirum Studios-ek 2013ko aplikazio onenaren saria irabazi zuen “Los ríos de Alice” izeneko mugikorrentzako jokoarekin.

 

Wearable teknologiak arrakastatsuak gertatzen ari dira kirol eta osasunaren inguruko zereginetarako

Teknologia “jantzigarriak” goraka ari dira eta nonahi ikusten dira orain gure mugimenduak monitorizatzeko eta mugikor bidez Internetera konektatzeko aukera ematen diguten erloju, eskumuturreko, zintzilikari eta betaurreko adimendutsuak. 2014an horrelako 90 milioi gailu saldu ziren eta esparru garatuenak kirolarekin eta osasunarekin lotutakoak dira.

 

Bilbok HackForGood ekitaldia antolatuko du, asteburu batean app sozialak sortzeko

Estatuko 10 hiritan egingo dute HackForGood 2014 topaketa apirilaren 3, 4 eta 5ean. Bilbok ere ekimenarekin bat egin du eta aplikazioak garatzeko maratoi bat egingo du Deustuko Unibertsitatean. Helburua da hezkuntzarekin, enpleguarekin eta berrikuntzarekin lotutako erronka sozialentzako konponbideak bilatzea.

 

Donostiako Ikasplay enpresak Hollywood Domino jokoaren mugikorrentzako bideo-jokoa sortu du

Ikasplay bideo-jokoen enpresak Hollywood Domino mahai-jokoaren mugikorrentzako bertsioa garatu du. Mahai-joko hori aktore talde batek sortu zuen, 2008an, eta Oscar Annual Artists for Peace and Justice sarien aurreko ongintzako galan aurkeztu zuten mugikorrentzako aplikazioa.

 

Emakumeak eta teknologia, generoaren hesia gaindituz

Murrizten badoa ere Interneten eta teknologia digitalen erabileran dagoen etena, lanaren arloan gutxiengoa dira oraindik emakumeak. Hala ere, gero eta ekimen gehiago sortzen ari dira estereotipo horiek hautsi eta emakume teknologo gazteen belaunaldi berriei bultzada emateko.

 

Iturria: Euskadi+innova

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke