BERRIKUNTZARI BURUZKO ALBISTEAK

2014ko Urtarrila 14,


Berrikuntza Teknologikoa

 

Material berrien garapena, mintz katalitikoko erreaktoreak diseinatzeko eta ekoizteko

DEMCAMER ekimenak proposamen bat egiten dio Europako industria kimikoaren paradigmari: ekoizpen-tasa handitzea eta, aldi berean, produktuen kalitateari eustea eta kostuak murriztea, “mintz katalitikoko erreaktore” (CMR) deritzon unitate bakar bateko erreakzio- eta bereizketa -prozesuen konbinazioan.

 

Bero eta elektrizitatearen baterako sorkuntzarako mikrosistema aurreratu bat garatu dute (mikro-CHP)

Mikro-CHP sistema deritzo etxebizitza bat behar duen energia guztiaz —berokuntza, aireztapena, aire girotua eta elektrizitatea— hornitzen duen motor termiko txiki bati. Askotan, etxeetara iristen den gas naturala baliatuta sortzen den elektrizitatea sare elektrikoari sal dakioke. Tecnalia lantzen ari den sistemak bi zati ditu: gas naturaletik abiatuta beroa eta hidrogenoa sortzen dituen erreaktore bat, eta hidrogenoa elektrizitate bihurtzen duen erregai-pila.

 

NUPko ikertzaile batzuek kontsumo ultratxikiko txip bat garatu dute

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile batzuek diseinu berriko bihurgailu analogiko/digital bat baliatu dute garatu duten txip batean; kontsumo ultratxikiko txip bat da, zeinak ohiko bonbilla batek baino 50 milioi aldiz gutxiago kontsumitzen baitu.

 

I+Gko ekipamenduetarako laguntzak instituzio eta enpresentzat

I+G+Bko Estatu Idazkaritzak instituzio eta enpresentzako bi deialdi ireki ditu. Haietako bat, 200 milioi eurorainokoa, azpiegitura zientifiko eta teknikoen ekipamenduetarako da, eta Europar Batasunaren egitura-funtsen finantziazioa du. Bestalde, Equipa deialdiaren helburua da enpresentzako I+Gko ekipamenduaren erosketa finantzatzea.

 

GAIAk modu aktiboan parte hartu du Indiako eta Europako ikerketa garatzeko eta integratzeko nazioarteko partzuergo batean

Euskadiko Elektronikaren, Informatikaren eta Telekomunikazioen clusterrak (GAIA-Cluster TEIC) New Indigo proiektuaren azken bileran parte hartu du duela gutxi New Delhin. Nazioarteko partzuergo baten ekimenez egin da, EBren VII. Esparru Programaren barnean, eta helburua izan da Indiako eta Europako ikerketa garatzea eta integratzea bi eremu geografikoen lankidetzaren bidez.

 

Atomo hotzen portaera kuantikoa ulertzeko beste urrats bat eman da

UPV/EHUko Eneko Malatsetxebarria fisikan doktoreak teorikoki aztertu ditu tenperatura oso baxuetan atomoetan gertatzen diren efektu kuantiko batzuk. Batetik, zehaztu du bosoi eta fermioi motatako atomoak nahas daitezkeela, modu jakin batean. Hala, fisikari esperimentalei eskura jarri dizkie esperimentu horiek egiteko baldintzak. Eta, bestetik, ondorioztatu du kasu horretan fermioiek zer eragin izango luketen bosoietan.

 

 

Gizarte Berrikuntza

 

Leinn programako ikasleek Glow kooperatiba sortu dute ekintzailetza sustatzeko

Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza graduko ikaslez osatutako talde batek Glow kooperatiba sortu du gazteen artean ekintzailetza sustatzeko. Dagoeneko hiru tailer antolatu dituzte Euskadiko hiru zentrotan.

 

Aprender para Educar aldizkariak bideojokoen potentziala erakusten du

Aprender para Educar doako argitalpen digital bat da, irakasleei zuzendua dagoena eta teknologia digitalekin lotutako tresna pedagogikoak eskaintzen dituena. Azken alean bideojokoak eta “edutainment” kontzeptua ditu hizpide, eta baita ere eskola arteko lankidetzara bideratutako IEARN nazioarteko sarea.

 

SiempreVivo, esperientziari balioa emateko espazioa

SiempreVivo plataforma norbere ezagutzak eta trebetasunak tailer forman eskaintzeko espazio bat da. Berdinen arteko truke-ekonomiaren filosofiari jarraituz, balioa ematen dio pertsona bakoitzaren esperientziari.

 

Kirola ezgaitasunak dituzten gazteei hurbiltzeko proiektu batek irabazi du Wanted 2013 lehiaketa

Getxoko Udalak antolatzen duen Wanted ideia lehiaketak Ametsen proiektuari eman dio lehen saria, zeinak errealitate handitua erabiltzen baitu aniztasun funtzionala duten haurrek kirola egin dezaten. Bigarren saria euskarazko irakurketa sustatzen duen Book Trailer proiektuarentzat izan da.

 

Lectura Fácil Euskadik 2013ko Jardunbide Egokien saria irabazi du

Lectura Fácil Elkarteak LF Euskadi erakundea saritu du irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei irakurketa hurbiltzeko egin duen lanagatik. Proiektua duela urtebete sortu zen Euskadin, irakurketa erraza, artean ia guztiz ezezaguna zen kontzeptua, ezagutzera emateko.

 

Martxan dago ekintzaile sozialentzako Momentum Project programaren 2014ko edizioa

Enpresa sozialei laguntzeko Momentum Project programak bere laugarren edizioa jarri du martxan. Ekimenaren helburua da enpresa sozialen ekosistema sustatzea mentoring prozesuen bidez eta finantzaketa eskainiz. Ekimenak aurkezteko epea zabalik egongo da otsailaren 17ra arte.

 

 

Enpresa Eraldaketa

 

Hobera egin dute Bizkaiko enpresen giroak eta negozio-zifrak

Bizkaiko Enpresen Etorkizunari buruzko Inkestako emaitzek agerian utzi dute 2013. urteko egoera ekonomikoa latza izan dela. Aldagai guztiek, esportazioek izan ezik, enpresek 2012an aurreikusitakoa baino eboluzio negatiboagoa izan dute, eta barne-eskariak bereziki egin du atzera. 2014rako, iragarpenak nabarmen baikorragoak dira, baina, hala ere, oraindik negatiboa den giro baten barruan kokatzen dira. Dena den, enpresen giroak nabarmen egin du hobera, eta negozio-zifra balio positiboetara pasatu da, bereziki kanpo-merkataritzaren bultzadari esker.

 

Gizartegintzako hamar startupi hiru hilabetez emango diete bultzada Deustuko Unibertsitateko inkubagailuan

Deustuko Unibertsitateak, Deusto Entrepreneurship Centre-en bidez , Deusto Push programaren bigarren edizioa jarri du martxan 2014ean. Erkide Autonomoan eragina izango duten gizartegintzako proiektu eta startup iraunkor eta berritzaileei laguntzeko (sistema publikoaren eta pribatuaren bidez) ekosistema erreal bat (emozionala, arautzailea, profesionala eta ekonomikoa) sustatzea da programaren helburua.

 

Innosec – Segurtasun-enpresentzat neurrira egindako berrikuntza-eredua

INNOSEC proiektuak (Innovation Management Models for Security Organisations) jarritako helburuak bete ditu. Europako Batzordeak finantzatutako proiektu hori Seguridad FP7-SEC ikerketa-programaren barruan dago. Tecnalia da proiektuaren buru eta sei herrialdetako erakunde europarrekin elkarlanean aritu da. Europako punta-puntako zenbait zentro teknologikoen arteko elkarlan horren emaitzak aurkeztuko dituzte urtarrilaren 30ean Miramongo Parke Teknologikoko Tecnaliaren egoitzan egingo den jardunaldi batean.

 

Nola eratu negozio-aukera bat zabor batetik

Leartikerrek gosari teknologikoen edizio berri bat antolatu du. Urtarrilaren 21ean, asteartearekin, Lea-Artibai Berrikuntza Guneko auditorioan “nola eratu negozio-aukera bat zabor batetik” hitzaldia eskainiko du Gregorio Borge, ZICLA enpresako arduradunak.

 

Izen handiko bederatzi ekintzaile izango dira Culinary Action! Foroan

Elikaduraren eta gastronomiaren sektoreko enpresen oraina eta etorkizuna bilduko dira otsailaren 3an eta 4an Basque Culinary Centerren. Nazioarteko ekintzaile ospetsuek beren esperientziak, grinak eta ikuspegiak azalduko dituzte Culinary Action! foroan. Negozio berriak abian jartzeko gakoak, bai eta etorkizuneko enpresen joerak, erronkak eta aukera berriak ere aztertuko dituzte.

 

Urolak ontzi berri bat sortu du Wimm Bill Dann esneki-enpresa errusiarrarentzat

Urola Wimm Bill Dann Errusiako esneki-enpresa handienarekin elkarlanean aritu da, marka horren edateko jogurtaren ontzi berria egiteko.

 

 

Enpresa Digitala

 

Datu irekiek turismo arloan duten balioa aztertuko dute Aporta topaketan

Datorren urtarrilaren 14an Aporta topaketaren 4. edizioa egingo da, informazio publikoaren berrerabilpena sustatzeko xedez. Foroak bi zati izango ditu, datu irekiei buruzko jardunaldi bat goizean eta turismoaren sektoreari buruzko eztabaida mahaiak arratsaldean.

 

Euskal startup-en SUA elkarteak Sua Sarien 1. edizioa antolatu du

Sua Sarien bidez oinarri teknologikoko enpresa ekimen berrien sorkuntza bultzatu nahi da Euskadin. Proposamenak aurkezteko epea zabalik egongo da urtarrilaren 16ra arte, eta irabazleak Sua Tech Meeting topaketan aukeratuko dira, datorren urtarrilaren 24an, Bilbon.

 

Informazio teknologien arloan gehien eskatuko diren lanbideak 2014an

Software garatzaileak, sareetan adituak, datu zientzialariak eta dispositibo mugikorren kudeaketari buruzko ezagutzak dituzten profesionalak izango dira aurten gehien eskatuko diren profilak.

 

CES 2014 azokak dispositibo adimendunen azken berritasunak aurkeztu ditu

CES, Consumer Electronics Show azoka, urtero ospatzen da Las Vegasen kontsumo teknologiaren azken joerak aurkezteko. Aurten ugaritu egin dira ordulari eta gadget adimendunak, Internetera konektatutako etxeak eta Ultra HD bideoak.

 

Deustuk Internet Startup Academy prestakuntza programa abiarazi du

Internetekin eta mundu digitalarekin lotutako enpresen ekosistema bultzatzeko asmoz, otsailean hasiko da Deustuko Unibertsitateak antolatutako Internet Startup Academy prestakuntza programa. Parte-hartzaileek beren negozio ideia garatuko dute 5 hilabetez.

 

3D inprimagailuak gero eta hedatuago daude eta dagoeneko 140 modelo daude mundu osoan

Imprimalia3D atariak katalogo bat argitaratu du, non merkatuan dauden inprimagailuen modelo guztiak biltzen baititu; guztira, 23 herrialdetan fabrikatutako 140 modelo. Gaztelaniaz argitaratzen den lehena da. Inprimagailuen artean Tumaker enpresa gipuzkoarraren Voladora modeloa eta Marcha Technology nafarraren eta Bq-ren Witbox modeloa daude.

 

Iturria: Euskadi+innova

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke