“Nirea”, Euskadiko landa-ingurunearen aldeko konpromisoa

2017ko Otsaila 02,

Portal Nirea
“Nirea” ekimenak zubiak eraiki nahi ditu landa-ingurunearen eta hirien artean.

Euskadiko lehen sektorea eta kostaldea balioan jartzen dituen proiektua.

 

Nirea deitzen da ekimena, helburutzat baitauka maila pertsonaleko konpromiso txikiak sustatzea eta borondateak batzea, Euskadiko landa-ingurunearen eta kostaldearen garapen sostengarria bultzatzeko. Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapena eta Azpiegiturak Sailak eta Hazi Fundazioak sustatutako proiektu honek gizartearen (erakunde eta enpresak barne) konpromisoa bultzatu nahi du, balioan jarriz lehen sektorearekin lotutako produktuak, balio hori ulertu behar delarik bai balio ekonomiko bezala eta bai gizarte eta ingurumen arloko balio bezala.

 

“Nirea” ekimenaren bidez ikusarazi nahi dugu zein garrantzitsua den landa-ingurune bizi bat izatea, eta zenbat funtzio desberdin betetzen dituen nekazaritzak” azaldu du Nagore Garcíak (proiektuaren koordinatzailea Hazi Fundazioan), “horretarako, ikusgarritasuna ematen diegu lurraldeko eragileek dagoeneko martxan dauzkaten ekimenei”.

 

Proiektua 2014an jarri zen martxan, eta 2015aren amaiera aldera plazaratu zen web ataria, lehen sektoreko zein kostaldeko agenteek beharrizan berbera baitzuten, alegia, erakusleiho bat edukitzea indarrak batzeko. Hortik abiatuta, “Nirea”ren zeregin nagusia izan da ekimena eta bere baloreak sustatzea tailerrak eginaz ikastoletan, azoketan eta ekitaldi hiritarretan. Gainera, ekimenarekin bat egiteko prozesuak dinamizatu ditu.

 

“Nirea” proiektuaren funtzio garrantzitsuenetako bat da zubi berriak eraikitzea landa-ingurunearen eta hirien artean, Euskadi inguruko programak eta proposamenak ezagutarazteko. Horregatik, mota horretako ekimenak biltzen ari dira atarian. “Asmoa da hiritar guztiek ezagutu ditzatela” azaldu du Nagore Garcíak, “baina batez ere eragileek; hainbeste aukera daude, ezen esparru horretan lanean ari direnek ere ez baitituzte denak ezagutzen, eta denak erakusleiho bakar batean biltzeak lankidetza berriak ekarriko ditu”. Ekimen horien artean daude, besteak beste, eskola komunitateari zuzendutako Nekazariak Eskolan eta Kalitatea Topera! proiektuak edota Oleum gizarteratze proiektua.

 

Atarian bada tokian tokiko kontsumoa sustatzeko informazioa ere: denboraldiko produktuei buruzko edukiak, inguruko ekoizleei erosteko aukera ematen duten onlineko dendak eta dibulgazio tailerren, azoken eta topaketa sektorialen berri ematen duen agenda bat.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke