Negozioak egiteko aukera Frantzian

2017ko Otsaila 16,

francia jornada spri
Ihardunaldien momentu bat.

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batek azaldu du nola sartu erosmen handiko kontsumitzaileak dituen merkatu handi batean.

Adituek gomendatzen dute agente komertzialak kontratatzea, hau da, urtean 54.000 milioi euroko fakturazioa (Frantziako BPGaren %2,5) duten 30.000 profesionaleko kolektibo batengana jotzea.

 

Frantziak negozio aukera onak ditu euskal enpresentzat. SPRI Taldeak -Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak- jardunaldi bat antolatu du azaltzeko nola sartu erosmen handiko 66,5 milioi kontsumitzaileko -Frantziako langile batek hilean 2.125 euro garbi irabazten ditu batez beste- merkatu horretara.

Sebastián Álvarezek, Espainia eta Frantziako Merkataritza eta Industria Ganberako arduradunak, Frantziaren egonkortasun ekonomikoa azpimarratu du, esanez “krisiei ongi aurre egiten diela”. Une honetan langabezia %10ekoa da. Álvarezek bi sektore bereziki erakargarri aipatu ditu: nekazaritza, Frantziako lehen industria dena, “batez ere nekazaritzarako makina salmenta”, eta aeronautika, 132.000 lanpostu zuzen dituena. “Aukera asko daude sektore horretako azpi-kontratistentzat”, esan du. Sektore horiei gehitu behar zaizkie automozioa, luxuaren sektorea (31.000 milioi euro mugitzen dituen merkatua), itsas sektorea, banka eta finantzak, IKTak, bio-teknologiak eta osasuna.

SCP enpresako abokatu Antoine Mouton-ek azaldu du zein den atzerriko enpresek Frantziara bidali dituzten langileen egoera juridikoa, gero eta gehiago baitira egoera horretan daudenak. Ohartarazi du Frantziako Gobernuak kontrolatu egiten dituela horrelako langileak. 2014az geroztik 1.500 ikuskaritza egin dira eta 300 isun jarri, 1,5 milioi euro bilduz guztira.  “Ongi jakin behar da zein diren eginbideak”, esan du.

Moutonek dioenez, langile horiek zerbitzu prestazioak eman behar dituzte, beren jarduera enpresako negozioaren %25 izan behar da eta gehienez urtebeteko egonaldiak egin behar dituzte, beste 12 hilabetez luzatzeko aukerarekin.

Azpimarratu du lege arauak Espainiako berberak direla, baina baldintzak ezin dira izan Frantziako langileenak baino txarragoak; besteak beste, langileak hilean 1.430€ gordineko gutxieneko soldata izan behar du, eta astean 35-48 ordu bitarteko lanaldiak.

Sebastián Alvarezek xehekiago azaldu du nola sar daitekeen Frantziako merkatuan, eta agente komertzialaren figura gomendatu du horretarako. Agente horiek  30.000 profesional dira guztira eta urtean 54.000 milioi euro fakturatzen dituzte, Frantziako BPGaren %2,5 alegia. “Agentea hautatzean langile bat hautatzean bezala jokatu behar da, bera izango baita enpresak Frantzian izango duen tresna, eta prestakuntza eta interesa eman behar zaio. Babestua sentitu behar da. Harremana ona bada, merkatuan ongi sartzen lagundu dezake”.

Agente komertzialak bilatzeko, “lehiakide ez diren enpresen gomendioak dira estrategia onena. Horrez gain, badira agente federazioak, eta Linkedin ere bide ona izan daiteke”.

Jose Michel Garciak, Antélis abokatu bulegoko kideak, alderdi praktiko batzuk azaldu ditu kontratazioari eta agente komertzialekiko harremanei buruz. “Komisioak salmenta gordinaren %5 eta %15 bitartekoak izan ohi dira. Komisio finkoak ez dira derrigorrezkoak. Jar liteke finko bat eta komisio bat ere”.

Garcíak esan du kontratuan helburuak ere sar daitezkeela, “baina normalean agenteak ez ditu onartzen. Garrantzitsua da lehiakortasun klausulak sartzea. Kontratua iraupen mugatukoa izan daiteke, eta posible da noiznahi moztea, baina kalte-ordaina ordaindu beharko da, agenteak akats larri bat egin ez badu behintzat”.

 

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke