SPRI Taldeak Txina bisitatu du euskal enpresei laguntzeko

2015ko Iraila 21,

SPRI-Jiangsu Federation of Industry & Commerce

Enpresen euskal agentziaren ordezkaritza bat, Alexander Arriola zuzendaria buru duela, Txinara joan da aste honetan eta bertan dauden euskal enpresariak bisitatu ditu. Lankidetza hitzarmen bat sinatu du Jiangsu Federation of Industry & Commerce-ekin, Jiangsu probintziako industria eta merkataritzako erakundeez osaturiko irabazi asmorik gabeko gobernu erakundearekin.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko SPRI enpresa agentziako ordezkaritza bat Txinan izan da aste honetan, hiru helbururekin: bertatik bertara ezagutzea han dauden euskal enpresen egoera, jakitea zein egoera bizi duten Txinaren bilakaera ekonomikoa aldatu denetik (hazkunde moderatua eta Burtsaren beherakada), eta Euskadi eta Txinaren arteko harreman instituzionalak garatzen jarraitzea. Bidaia honetan SPRIren Singapurreko ordezkari Ander Zozaiak parte hartu du, zeinak Asia hego-ekialdeko merkatuen aukerak azaldu dizkien dagoeneko han dauden euskal enpresei.

Azken hamarkadetan Txina beste herrialde batzuk baino gehiago hazi bada ere, 2013an eta 2014an hazkunde moderatua izan du, BPGaren igoera %7,4 eta %7,7koa izan delarik. Barne eskaera ahularen ondorioz, agintariek neurri suspegarri gehigarriak inplementatu behar izan dituzte higiezinen sektorea suspertzeko eta hazkunde ekonomikoa sustatzeko. Aurtengo aurreikuspenen arabera, BPGa %7 haziko da, azken 24 urteetako hazkunderik baxuena alegia. Aitzitik, hazi egingo dira lanpostuak eta hobetu egingo da diru-sarreren adierazlea.

Euskal ordezkaritza -SPRI Taldeko zuzendari Alexander Arriola buru dela eta enpresa agentziako Nazioartekotze zuzendari Miren Madinabeitia alboan duela- Txinan dauden sei bat euskal enpresarekin elkartu da: Gamesa, Cie Automotive, Fagor Arrasate, Orkli, Batz eta Ciakautxo.  Gainera, lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Jiangsu Federation of Industry & Commerce-ekin, Jiangsu probintziako industria eta merkataritza erakundeez osaturiko irabazi asmorik gabeko gobernu erakundearekin. Asmoa da merkataritza, enpresa eta erakunde arloetako truke eta lankidetza harremanak indartzea, enpresa harremanak sortzea, negozio eta inbertsio bateratuak sustatzea, lankidetza proiektuak garatzea, enpresa eta erakundeen arteko harremanak sortzea eta azokak, mintegiak, kongresuak, hitzaldiak eta enpresa eta sektorekako misioak antolatzea, e.a.

Ordezkaritzak CCPIT-Council for the Promotion of International Trade Shanghai  kanpo merkataritza sustatzeko gobernu erakundea bisitatu du, eta baita ere Shangaiko Nazioarteko Merkataritza Ganbera Txinatarra (CCOIC Shanghai). Bisita amaitzeko, topaketa bat antolatu zuten ostiral arratsaldean Txinan dauden euskal enpresekin.

Une honetan euskal enpresek 187 ezarpen dituzte Txinan, besteak beste, Hong Kong eta Taiwan eskualde administratiboetan. Gehienak herrialdeko kostan kokatuta daude, bereziki Shangain eta Jiangsun. Han dauden konpainien ia erdiak makina eta ekipo mekanikoen sektorekoak dira.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke