SPRI Taldeak, Ihobek eta 6 klusterrek Kolonbian azalduko dute zein konponbide aplikatu dituzten Euskadiko hiriburuen garapen sostengarrian

2016ko Otsaila 22,

spri_internacionalizacion_Alexander Arriola
Alexander Arriola, SPRI Taldeko zuzendaria.

Otsailaren 29tik martxoaren 4ra arte egingo duten bidaia horren helburu nagusia da euskal enpresen negozio aukerak sustatzea Kolonbian, herrialde horrek hiri-eraldaketa sostengarrien eta Smart City-en alde egin duen apustua aprobetxatuz. Alexander Arriolak, SPRIko zuzendariak, prozesu industrialen arloko lankidetza sustatuko du bi herrialdeen artean, ardatz harturik horretarako Merkataritza eta Industria Ministerioaren PTP agentziarekiko lankidetza. Baita ere garatuko du Findeter erakundearekin (Kolonbiaren Azpiegitura Sostengarrirako Garapen Bankuarekin) dagoen lankidetza hitzarmena.

SPRI Taldeak, IHOBEk eta sei euskal klusterrek Kolonbiako hainbat eskualde bisitatuko dituzte otsailaren 29tik martxoaren 4ra bitartean, bai jardunaldi batean eta bai Kolonbiako sei eskualdetara egingo dituzten bisitaldietan azaltzeko  euskal erakunde eta enpresek zer-nolako konponbideak aplikatu dituzten hiri-garapen sostengarriaren arloan hiru euskal hiriburuak eraldatzeko prozesuan, eta nolako esperientzia duten euskal enpresek Smart City-en esparruan.

Kolonbiako gobernua hiri-eraldaketa prozesu garrantzitsu bat ari da gauzatzen hainbat hiri eta eskualdetan Findeter (Kolonbiako Azpiegitura Sostengarrirako Garapen Bankua) eta Amerika arteko Garapen Bankuaren (BID) bidez.  SPRIk hitzarmen bat dauka sinatuta erakunde horiekin, eta hitzarmen hori garatzea da bidaiaren helburuetako bat. Horrez gain, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresa agentziak sustapen lanak ere egingo ditu, euskal enpresek negozio eta inbertsio aukerak aurki ditzaten eraldaketa-prozesu horietan.

SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alexander Arriola ordezkaritza baten buru izango da, zeinetan sartuta egongo diren IHOBE eta SPRILUR agentziak, hainbat sektoretako enpresak (energia, ingurumena, mugikortasuna, EIKTak, eraikuntza, ingeniaritza, aholkularitza, e.a.) eta beren klusterrak (Energia klusterra, ACLIMA, MLC-ITS, GAIA, Eraikune eta AVIC).

SPRI Taldeak hiru helburu lortu nahi ditu bidaia honekin. Batetik, aipatu klusterretako bazkideei laguntasuna emango zaie erroak bota ditzaten Kolonbiako merkatuan, non negozio aukerak hasi baitira zabaltzen, Barranquilla, Manizales, Bucaramanga, Pereira eta Montería eskualdeetako hiriburuetan gauzatzen ari diren eta jarraituko duten eraldaketa-prozesuak direla medio.

Orobat, Alexander Arriolak bilera bat egingo du Bogota hirian Kolonbian kokatuta dauden 62 euskal enpresekin. Atzerriko herrialde bat bisitatzen duen guztietan egiten duen bezala, oraingoan ere Arriola saiatuko da hurbiletik ezagutzen euskal enpresek jomuga-herrialdean duten egoera, argi identifikatzen Euskadiko beste enpresari batzuentzat sor daitezkeen aukerak eta zailtasun handienak, eta jakinarazten nolako zerbitzuak eskaintzen dituen Eusko Jaurlaritzak herrialde hartako ordezkaritzaren edo SPRIren bulegoaren bidez.

Azkenik, SPRI Taldeak lankidetza hitzarmen bat sinatuko du hilaren 29an Kolonbiako PTP agentzia homonimoarekin (Merkataritza eta Industria Ministerioaren menpekoa), bi herrialdeen arteko lankidetza sustatzeko prozesu industrialen arloan. Bestalde, Findeter erakundearekin (Kolonbiako Azpiegitura Sostengarrirako Garapen Bankuarekin) sinatuta dagoen hitzarmena garatuko du, Arriolaren eta kontinente osoan hain osptesua den Luis Fernando Arboleda presidentearen arteko bilera batean.

Bilera horretan lotuko dira azken xehetasunak Kolonbiako 20 alkate Euskadira  etor daitezen eta bertatik bertara ezagutu dezaten nolako metodologia eta lankidetza publiko-pribatua erabiltzen duten hemen erakundeek eta enpresek, Bilboren eraldaketa, Gasteiz Hiriburu Berdea nahiz Donostiaren Europako Kultur Hiriburutza bezalako proiektuak aurrera eramateko.

Apirilean etorriko dira 20 alkate horiek Euskadira, eta ikastaro bat egingo dute Deustuko Unibertsitatean Hiri Sostengarri eta Lehiakorrak programa indartzeko, Amerika arteko Garapen Bankuaren (BID) Hiri Gorakor eta Sostengarriak ekimenaren barruan (ICES) .

Bidaiaren egitaraua

Bidaia 29an hasiko da Bogotan, non arestian esandako lankidetza-hitzarmena sinatuko duten Alexander Arriolak eta César Peñalozak, PTPko (Produkzioa Eraldatzeko Programa) kudeatzaile nagusiak. Asmoa da lankidetzan sartzea PTP Kolonbiako Ministerioaren menpeko enpresa agentziarekin, prozesu industrialen garapena sustatzeko. Egun horretan bertan, topaketa bat egingo da Kolonbian kokatutako 62 euskal enpresekin. Zerbitzuen sektoreko enpresak dira gehienbat.

Martxoaren 1ean Barranquillara joango da ordezkaritza, eta “Hirien Garapen Sostengarrirako Konponbideak Euskadin” jardunaldia egingo dute bertan, non parte hartuko baitute Euskadiko hiru hiriburuen (Bilbo, Donostia eta Gasteizen) Garapen Sostengarrian aktiboki parte hartu duten erakunde eta enpresek.

Parte-hartzaileen artean daude Euskadiko Ingurumen Klusterra (ACLIMA), Euskadiko Eraikuntza Klusterra (ERAIKUNE), Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazio Teknologien Klusterra (GAIA), Euskadiko Ingeniaritza eta Aholkularitza Enpresen Elkartea (AVIC), Euskadiko Energia Klusterra, SPRILUR, Euskadiko Lurzoru Industrialaren Kudeaketa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren menpeko Ingurumen-Garapen Politikaren Garapenerako Sozietate Publikoa (IHOBE), eta Bilbo, Donostia eta Gasteizen eraldaketa sostengarrian aktiboki parte hartu duten euskal enpresa batzuk.

Martxoaren 2, 3 eta 4an, euskal ordezkaritzako kideak bereizi egingo dira Kolonbiako zenbait eskualde bisitatzeko. Hala, SPRI Santa Marta eskualdera joango da, harremanetan jartzeko bertako udal, eskualde eta merkataritza ganberako ordezkariekin. Santa Martan badago jada pertsona bat SPRIk bidalia, zeinaren zeregina baita Findeter erakundearekin sinatutako hitzarmenaren ondoriozko hirigintza planak garatzea. Ondoren, antzeko bisitak egingo dira Cartagenan eta Bogotan.

Bestalde, Ihobe, Sprilur eta klusterrak ere bereizi egingo dira Barranquilla, Medellin eta Bogota bisitatzeko eta eskualde bakoitzean garatzen ari diren planak ezagutzeko. Era berean, sektore bakoitzeko euskal enpresek azken urteotan Euskadiko hiriburuen garapenean metatutako ezagutza zabalduko dute eta Kolonbian martxan jarri diren hirigintzako plan sostengarrien ondorioz sortu diren negozio aukerak bilatuko dituzte.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke