SPRI atzerrian. Azaroko azken astea

2015ko Azaroa 27,

spri_internacionalizacion_red exterior de spri

SPRIk, EAEko bi enpresak eta Siderex klusterrak parte hartu dute Errusiako Metal Expo azokan

 

SPRIren Moskuko bulegoak Errusiako metalaren sektoreko azoka garrantzitsuenetako batean parte hartu du, Metal Expo-n. Metalloobravotka topaketarekin batera, Metal Expo erreferentziazko azoka da metalaren inguruan lan egiten duten hainbat sektoretako enpresentzat, eta aurtengo edizioan bertara azaldu dira bi euskal enpresa (Ingeteam eta Jaso) eta Siderex siderurgiako klusterra.

Ingeteam Zamudion kokatutako enpresa bat da, esparru hauetan espezializatua: potentzia eta kontrolerako elektronikaren diseinua, makina elektrikoak, ingeniaritza elektrikoa eta sorkuntza plantak. 20 urteko ibilbidearen ondoren, Ingeteam-ek indarra hartu du enpresa esportatzaile bezala, eta salmenta handiak izan ditu Txina, Polonia eta Europa erdialdean  siderurgiaren sektorean, besteak beste. Errusiara saltzen dituen hornigaien artean aipatzekoa da errautsak garraiatzeko 4,2 kilometroko zinta elektrikoaren ekipamendua hornitu diola Ekaterinburgeko planta termikoari. Ingeteam orobat espezializatu da Ukrainiako DMKD bezalako zentral termikoetarako  ikatz birrinduko sistemetan.

Bigarren enpresa, Jaso, lankidetza estuan aritu da SPRIrekin, Metal Expo azokarako agenda eta laguntza zerbitzuak kontratatu baitzituen SPRI-Mosku bulegoan. Jaso enpresak azokan izan duen ordezkariak, Javier Roigek, esan du 10 urte daramatzatela Errusiarekin harremanetan baina ez modu jarraituan.   “Duela hiru urte hasi ginen berriro Errusian lanean, SPRIren bitartez”, esan du Javierrek “eta egindako tramiteek emaitza onak izan dituzte, nahiz eta oraindik asko egon egiteko”. Bere bezero-zorroa handitu nahian, Jaso konpainiak aurten ere inbertsio bat egin du Metal Expo azokan, baina berak ere iazko krisiaren ondorioak nabari ditu, enpresa gehienen antzera:  “Errubloaren depreziazioak eta zigorrek asko oztopatzen dituzte Errusiarako salmentak. Une zaila bizi dugu, baina joango da”, esan du Javierrek bukatzeko.

Siderex klusterraren ordezkari Olalla Alonsok esan du erakundeak hamargarren aldiz hartu duela parte Metal Expo azokan.  Nolanahi ere, Olallaren iritziz ere Errusiako merkatua ez da oso erraza. “Errusian sartzea oso zaila da guretzat, ez bakarrik hizkuntzaren hesiagatik, baina baita ere Espainia beranduegi iritsi delako merkatu horretara. Bertako produkzioa handia da, ia denek dauzkate lehiatzaileak Errusian. Halere, entzun dut bertako produktuen kalitatea ez dela hain fidagarria, eta jende asko ari dela bigarren hornitzaile baten bila, nahiz eta jadanik bertako bat izan”.

Zigorren ondorioei dagokienez, Olallak dio enpresek ez dutela asko nabaritu Errusian, baina bai errubloaren depreziazioaren ondorioak.  Uste du euskal enpresek badutela etorkizuna Errusian: “Animatuko nituzke Errusiaren alde apustu egitera, zeren merkatu horretan asko baitago egiteko ekipo-ondasunen hornikuntzan, Errusiako fabrika asko zaharkituta daude-eta. Euskadin daukagun teknologia Alemaniakoaren oso antzekoa da, eta kostu merkeagoan egiten da. Nahiz eta Errusiak oraindik ez daukan irudi hori gutaz, hobeto saldu behar dugu gure irudia”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke